Mikel Aginagalde
Entrevue
Unai Arzubiaga
Getxoko San Nikolas Ikastolako lehendakaria

«San Nikolas ikastolak euskararen alde egindako lanari balioa eman nahi diogu»

San Nikolas ikastolako lehendakaria da Unai Arzubiaga. Euskaltzaleak txonbo egitera eta festan parte hartzera animatu nahi izan ditu. Bide batez ziurtatu du askotariko kultura eskaintza dibertigarria prestatu dutela eta sorpresaz eta umorez betetako jai giro aparta izango dela.

Unai Arzubiaga.
Unai Arzubiaga. (Oskar Matxin Edesa)

2024ko Ibilaldiari azken ukituak ematen buru-belarri dabilela eskaini du ondorengo elkarrizketa.

Sekulako ahalegina egin behar izan duzue Ibilaldia 2024 antolatzeko. Nolakoa izan da ikastolako komunitatearen inplikazioa, ikasle, guraso, irakasle eta abarrena?
Halako tamaina, lan karga eta arlo ezberdin uztartzen dituen jai batek aurretiazko antolaketa bat behar du. Hala, batzorde ezberdinak eratu genituen, arlo ezberdinak behar bezala jorratu ahal izateko. Batzorde bakoitzak bere zeregina izan du, gai bati lotuta, eta nahiko modu autonomoan aritu dira lanean, baina betiere beste batzorde orokor batekin koordinatuta une oro. Izan ere, halako tamaina duen eta horrenbesteko lana eskatzen duen ekitaldia antolatzeko ezinbestekoa da ikastolako komunitatearen inplikazioa. Ikasle, guraso, irakasle eta herriko elkarte eta eragile askoren arteko auzolana. Gure ikastolaren ezaugarri handienetako bat hori bera da: komunitatea oso errotuta egoteaz gain, zabala dela. San Nikolas, ikastola herrikoia, dinamikoa eta parte hartzailea da, eta, beraz, berau osatzen dutenen inplikazioa oso era naturalean irteten da.

Egun handia heldu da eta kirioak dantzan izango dituzue ziur aski. Zein aurreikuspen daukazue festa honen atarian?
Sentipen ezberdinak agertzen dira egun hauetan. Alde batetik, azken ordukoak behar bezala prestatzeko behar den aditasunak eskatzen duen tentsio puntu hori, eta, bestetik, hainbeste landutako ekimen hau Euskal Herriko txoko guztietatik etorriko diren lagun guztiekin partekatzeko ilusioa eta zirrara. Eguraldia lagun, jai jendetsua espero dugu. Ibilaldiak urtero-urtero euskaltzale andana erakarri ohi du, eta aurten ere hala izatea espero dugu. Gure inguruan sumatu dugun ilusioak eta irrikak jendea gogotsu dagoela iradokitzen digu. Eta prestatu dugun egitarau oparoa adin-tarte guztien gozagarri izatea espero dugu.

Oraingo honetan zeintzuk dira antolatu duzuen ekitaldiaren berritasun eta ezaugarri nagusiak?
Ibilaldi guztiek izaten dituzte, urteak joan eta urteak etorri, modaz pasatzen ez diren zenbait ezaugarri eta emanaldi mota. Falta ezin direnak. Euskara ardatz hartuta, musika eta kontzertuak, ekitaldi kulturalak, pailazoak, magia, gastronomiari lotutako ekimenak, kirol erakustaldi eta jokoak, tailerrak… Aurten ere adin guztien gozagarri izango den ekitaldi sorta erakargarria prestatu dugu.

Horiez gain, aurtengo ekitaldirako gure ikastolarentzat oinarrizkoak diren baloreetako biri balioa eman nahi izan diegu: alde batetik, ingurumenarekiko jasangarritasuna eta bestetik herriko elkarte ezberdinekin auzolana. Horrela, ingurumenaren aldetik jasangarritasuna eta hari lotuta Erronka Garbia zigilua lortzeko bitartekoak ipini ditugu (erosketetan, edalontzien materialetan, Ibilaldira etortzeko irisgarritasunean, Ibilaldian gauzak garraiatzeko energia berriztagarria erabiltzen duten mugikortasun tresnetan, sortuko den zaborraren antolaketa zehatzean…), halako ekitaldi erraldoi batek jasangarria izan behar duela eta izan daitekeela erakustea erronka gisa hartuz. Eta, bestetik, herrian hain txertatuta egoteak bertako elkarte eta elkargoekin Ibilaldiko ekitaldi askoren antolaketa auzolanean era naturalean egitea ahalbidetu digu.

Getxora itzuli da Ibilaldia laugarrenez. Zer dela-eta komeni da horrelako festa bat Getxora heltzea?
Getxok badu Ibilaldiarekin nolabaiteko harreman estua. Ez dugu ahaztu behar Ibilaldiaren lehenbiziko ekitaldia, 1978an, Getxon izan zela, eta harrezkero Ibilaldia laugarrengoz hartuko du gure herriak. Baina 22 urte luze igaro dira azkenekoz San Nikolasek Ibilaldia antolatu zuenetik. Eta uste genuen, Getxon Ibilaldia bezalako jai batek, besteak beste, gure herriko jendartean eta haren aisialdian euskararen erabilera sustatzeko balio zezakeela.

Maiatzaren 26ko Txonbo erraldoi hori euskararen erabileran behin betiko bultzada izango ote da?
Aurtengo Ibilaldiak, euskaratik eta euskaraz egun atsegin eta dibertigarri bat igarotzeko parada ezin hobea izateaz gain, euskarak aisialdian joka dezakeen paper garrantzitsua erakusgarri egitea du helburu nagusienetakoa.

Datuen arabera, euskararen ezagutza mailak gora egin du, baina ez haren erabilerak. Nolakoa da egoera Getxon?
Uste dut Getxon, azken hamarkadetan, hizkuntzaren jakintzari dagokionez aurrerapauso nabarmenak eman direla, eta hor, besteak beste, San Nikolas ikastolak euskararen alde egindako lanari balioa  eman nahi diogu. Aldiz, erabilerari dagokionez, oraindik ere badugu zer hobetu. Norbanakoengandik hasten den erronka kolektibo handi eta zirraragarria daukagu aurrean. Eta 2024ko Ibilaldiak horren bultzada izan nahi du.

Etorkizuneko erronkei ilusioz eta irmotasunez ekiteko prest

Aurten Getxon ospatuko den Ibilaldia bultzada handia izango da San Nikolas ikastolarentzat eta berau osatzen duen komunitatearentzat. Etekin ekonomikoak ez ezik, gogo aldartean ere eragin positiboa ekarriko du ospakizunak. Horiekin guztiekin aurrerantzean izango dituzten erronkei aurre egiteko gauza izango direla uste dute.

Aipatu erronka horien artean, Unai Arzubiaga San Nikolas ikastolako lehendakariak zenbait nabarmendu nahi izan ditu. Haren arabera, «etengabeko aldaketa bizi duen gure gaur egungo mundu honek agerian utzi ditu kalitatezko hezkuntza zein formakuntza baten beharra». Izan ere, haren esanetan, «nabarmen geratu da azken urteotan etorkizuneko zenbait aldagai aurreikusi ezinak direla. Eta hor, jakintzaz harago, konpetentzien garapena ere aintzat hartzen duen baloreetan oinarritutako kalitatezko hezkuntza bat ezinbestekoa da. Bestela esanda, oraindik egiteke dauden galderei zein gorpuztu gabeko erronkei erantzun eta irtenbideak emateko gaitasunak garatzea beharrezkoa da».

Bestalde, Arzubiagak dio San Nikolas ikastolak berrikuntzan oinarritutako hezkuntza proiektu mardula eta parte hartzailea garatzea eta etengabe hobetzea duela xede eta erronka nagusi. Azkenik, Arzubiagak adierazi du aurtengo Ibilaldian ateratako irabazi ekonomikoak ikastolan garatu beharreko pedagogia berriek eskatzen dituzten aldaketa arkitektonikoak egitera (Haur Hezkuntza eta espazio balioaniztunak barneratuko dituen eraikin berri bat) bideratuko dituztela.