
Amaitezina izaten ari da Liga Fko denboraldia, eta horrela onartzen dute protagonistek beraiek, batez ere haien helburua garaiz lortu duten taldeentzat edo, justu alderantziz, nahi baino lehenago amore eman behar izan dutenentzat. Jokalari guztiek oporrak dituzte buruan, baina, bainujantzia maletan sartu aurretik, familia zuri-gorriak saihetsi ezin duen hitzordua hartuko du San Mamesek igandean.
Athleticek garaipena eta bosgarren postua jokoan izango ditu Sevillaren kontrako norgehiagokan, baina, batez ere, Garazi Muruaren, Yulema Corresen eta Eunate Arraizaren agurra izango da protagonista nagusia. Botak eskegiko dituzte aurreko biek eta Lezama utziko du nafarrak. Hiruren kasuan, igandekoa kamiseta zuri-gorriarekin jokatzen duten azken partida izango da. Eta horrek Athleticen historiaren atal bat itxiko du, haien joatearekin Maddi Torre izango baita taldean jarraituko duen azken Athletic txapelduneko futbolari bakarra.
Baina, gaztea izanik, donostiarrak 15/16 denboraldi hartan minutu gutxi batzuk jokatu zituen bitartean –eta ondoren beste hiru taldetan jokatu zuen Bilbora itzuli aurretik–, Garazi, Yulema eta Eunate, urte guzti hauetan Lezaman jarraitzeaz gain, azken Liga irabazi zuen talde haren bizkarrezurraren funtsezko partea izan ziren. Izan ere, Vanesa Gimbertekin eta Iraia Iturregirekin batera, minutu gehien jokatu zituzten zelaiko jokalariak izan ziren hirurak. Lesioek kasu batzuetan, belaunaldi berrien bultzadak besteetan, bizilegeak azken finean, beren agurra ekarri du eta, ondorioz, historiaren atal baten amaiera.
Hirurek parte hartu dute ostegun honetan Athleticek San Mamesen komunikabideekin antolatutako topaketan eta hirurek egin zuten bat agur esateko imajina lezaketen eszenatoki onena dela zelai zuri-gorria. «Igandea iristeko irrikitan nago, nere familiarekin agur esateko, lagunekin, zale guztiekin..., ziur baitnago asko etorriko direla, beti babestu gaituztelako. Gogoz itxarongo diegu eta hamen agurtzeko aukera izatearen pozarekin», aitortu du Yulemak. Eunatek ez daki, edo behintzat ez du aurreratu, omenaldia jasoko ote duten baina, «gustatuko» litzaiokeen arren, «garrantzia hemen egon naizen hamabi urteei ematen» die. «Pentsatzen nuen guztia eta imajinatu ezin nituen ametsak ere lortu ditut denbora honetan. Igandean dena ematen saiatuko naiz, beti egin dudan bezala, eta berdegunetik agur esan badezaket, askoz hobe».
«Urduri» dagoela aitortu duGarazi Muruak, agurra baino, debuta izango balitz bezala. «Gainera denbora luzea eman dut jokatu barik –gogoratu du–. Oso aste hunkigarria izan da, frenetikoa baina ederra. Oso eskertuta nago jasotzen ari naizen maitasun eta aitorpen mezu guztiengatik. Eta orain, bai, urduri nago partidagatik, San Mamesen, agurra, emozio asko gorputzean... Baina, batez ere, gogotsu nago: denboraldia garaipen batekin amaitzeko, bosgarren postura heltzen saiatzeko, eta karreraren amaiera gozatzeko eta ospatzeko, egia esan, amaiera bikaina da».
Betirako unea
Balantzeak egiteko egokiak den egoera honetan, hiru futbolariak bat datoz Athleticen bizi izan duten unerik onena aukeratzerako orduan. «Inolako zalantzarik gabe, Liga irabazi genuenean eta Bilbon egin genuen ospakizuna», erantzun du Eunatek. «Ez dago zalantzarik. Liga ederra izan zen, oso gogorra eta oso esperotatua eta desiratua –gaineratu du Muruak–. Gogoan ditut orduko beteranak, bederatzi urte zeramatzatela gogor lanean eta eztia expainetan. Balentria bat izan zen eta ospakizuna maila berekoa izan zen».
Liga asko aldatu da urte hauetan baina horrelako unean errepikatzeko aukera ikusten dute txapeldun zuri-gorriek. «Etorkizuna bermatuta dago –azpimarratu du Yulemak–. Badira urte asko lana oso ondo egiten dela, Lezaman lan handia egiten da eta emaitzak ikusten ari dira. Gainera, Davidek teklarekin asmatu du, ekarri duen jokoa oso oso ondo etorri zaigu eta horrek, egiten den lana zelaian islatzea eragiten du». «Tituloak oso zailak» direla onartu arren, Muruak «talentua eta amets egiteko dohainak» ikusten dizkio taldeari. «Denboraldi ona egin dugu eta futbol ona jokatu dugu eta taldeak oraindik hazteko tartea du. Oso jokalari gazteak dira eta titulu bat lortzearekin amets egin behar dela uste dut».
Eunate ere baikorra da eta gazteak hain «maila onekoak» ikusten ditu, ez dakiela «legaturen bat utz badiezaiekegun. Zerbait uztekotan, lana utzi dugu eta hori da beraiek orain egin behar dutena, lan egin bidea zabaltzen jarraitzeko».
_copia.jpg)
Irauli ekimena: Euskal Herriko familia euskaldunen korapiloak askatzeko topagune berria
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)
