
Uxue Alberdi idazle eta bertsolariaren ‘Kontrako eztarritik’ saiakeraren katalanezko edizioak irabazi du 2024ko Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpen Saria. Estibaliz Lizasok itzuli du lana euskaratik katalanera, eta Bartzelonako Pol·len edicions argitaletxeak plazaratu du ‘Revers. Testimonis de dones bertsolaris’ izenburupean.
Lanaren katalanezko edizioari buruz epaimahaiak nabarmendu du itzulpena «zentzu guztietan apartekoa» dela, eta erabilitako hizkuntza «guztiz benetakoa» dela, «arina» eta «egilearen helburuari modu eraginkorrean» erantzuten diona. Gainera, «zuzeneko itzulpena izatea» ere kontuan hartu du epaimahaiak, baita «bertsolaritzaren zabalkundean lanak egiten duen ekarpena» eta «genero rolak auzitan jartzea» ere.
Sariaren hamargarren edizio honetan honako hauek osatu dute epaimahaia: Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkariak; Imanol Otaegi Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko Etxepare Euskal Institutuko Zuzendariak; Elizabete Manterola, EHUko irakasle eta EIZIEko kideak; Zuriñe Sanz EHUko irakasle eta EIZIEko kideak; eta June Monroy Etxepare Euskal Institutuko komunikazio teknikariak.
Itzultzaileak eta argitaletxeak Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxearen eskutik jaso dute asteazken honetan saria, Bilboko Bidebarrietako Liburutegi Nagusian egin den ekitaldian. Uxue Alberdi liburuaren egileak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkariak ere hartu dute parte sari banaketan.
Sarituak
Estibaliz Lizaso Lopetegui (Tolosa, 1984) itzultzailea eta interpretea da. Esperientzia handia du kulturaren sektorean, eta euskara katalanera eta alderantziz interpretatzeko zerbitzuak eskaini ditu hainbat ekitalditan, besteak beste Bertsolari Txapelketa Nagusian, CCCBko ‘Kosmopolis 23. Poetry Slam. Rapsòdia Submarina’ ekitaldian edota Menorcako Trobada de glosa i vers improvisat topaketan. Bere lanari esker ‘Kontrako eztarritik’ (‘Revers. Testimonis de dones bertsolaris’) katalanera itzuli da, eta berari zor zaizkio ingelesezko hainbat idazleren lan batzuen euskarazko itzulpenak, hala nola, Angela Davis, Dashiell Hammet, Nicholas Blake eta JK Rowlingen lanak.
Bere aldetik, Pol·len edicions Bartzelonan dagoen argitaletxe kooperatiba da. 2011n sortu zen eta ordutik berrehun liburu inguru plazaratu ditu. Argitaratutako lanak biltzen dituen aterki tematikoa pentsamendu kritikoa da, eta horren barruan hiri-antropologia, feminismoak, ekologia, fotokazetaritza, poesia eta kontakizunak nabarmentzen dira.
2012az geroztik, Pol·len edicions-ek euskal literaturaren eta pentsamenduaren lanak katalanera itzultzen ditu urtero, bi lurraldeen arteko zubia indartzeko asmoz. Euskaratik katalanera lan gehien itzuli dituen argitaletxea da, eta bere funtsean, besteak beste, Miren Agur Meabe, Joseba Sarrionandia, Harkaitz Cano eta Mari Luz Esteban idazleen liburuak aurki daitezke.
2019an, Pol·en edicions eta Ainara Munt itzultzaileak Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpen Saria jaso zuten Joseba Sarrionandiaren ‘Hilda dago poesia?’ liburuaren katalanezko edizioagatik (‘És morta la poesia?’).
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

El primer festival Aske pone la banda sonora a una Euskal Herria libre

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)
