NAIZ
Donostia

Bost mila umek eta 45 konpainiak parte hartuko dute Donostiako Haur Danborradan

Ia bost mila haurrek eta 38 ikastetxe eta elkartetako 45 konpainiak alaituko dituzte Donostiako kaleak San Sebastian eguneko eguerdiko Haur Danborradan.

Donostiako Haur Danborradako pertsonaia nagusiak, udaletxean.
Donostiako Haur Danborradako pertsonaia nagusiak, udaletxean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Donostiako Haur Danborradaren aurkezpena egin dute asteazken honetan udaletxean, ikastetxe eta elkarteetako ordezkariek, Eneko Goia alkateak eta Kultura, Euskara eta Turismo zinegotzi Jon Insaustik.

Guztira 4.625 haurrek parte hartuko dute San Sebastian eguneko 12.00etako desfilean eta hiriko kaleak zeharkatuko dituzte Sarriegiren martxak interpretatuz. 38 ikastetxe edo elkartetako 45 konpainia izango dira. Eta horien guztien buruan, Ander Alustiza Salsamendi Añorgako Amassorrain Ikastolako Danbor Nagusia. Berak zuzenduko du Alderdi Ederretik abiatuko den danborrada eta berak emango dio hasiera Erdialdeko kaleetan zehar igaroko den desfile luzeari.

Udaletxeko balkoitik Haur Danborradari hasiera emateko bi laguntzaile izango ditu Danbor Nagusiak: alkatea eta notarioa. Harri Berri Oleta Ikastetxeko Liher Jimenez Paredes izango da alkatea eta Ane Gardon Gonzalez, notarioa. Haiekin batera, Gari Perez Garcia Jenerala eta Aya Ramlaouane laguntzailea izango dira.

Azken urteotan bezalaxe, Haur Danborradarekin batera karroza handi bat aterako da. Bertan XIX. mende hasierako gizarte zibileko pertsonaiak egongo dira. Aurtengoan Harri Berri Oleta Ikastetxearen haurrek interpretatuko dituzte pertsonaiak.

Irati Lopetegi Jordana izango da Easo ederra, Maialen Casasola Navarro eta Irati Erquicia Puerto Damak, Alba Soto Jara eta Ioar Perales Gonzalez Hiritarrak, Aroa Lizarraga Castillo Batelaria, Mikel Erquicia Puerto Arrantzalea, Berta Millan Belloso Irulea, Maddi Martinez Naumowicz Inudea, Jon Narbaiza Parra Artzaina, Oiez Sanz Fernandez Dendaria, Alaitz Garcia Duran Urketaria, eta Kilian Gonzalez Varga Mandazaina. Ivan Cajigos Zealaya, Mare Lizarraga Castillo, Leia Llamazares Egues, Irati Llamazares Egues, Marko Millan Belloso eta Ian Morcillo Palacio izango dira Palafrezainak.

Nolanahi ere, San Sebastian aurreko egunak girotzeko hainbat ikastetxe eta elkartek ere kaleak girotuko dituzte antolatzen dituzten haur danborradekin. Hala, urtarrilaren 17an, ostiralarekin, 13 ikastetxek euren desfileak antolatu dituzte Ibaeta, Aiete, Parte Zaharra, Altza, Bidebieta, Martutene, Gros, Antigua, Intxaurrondo eta Amaran. Horrela emango diote hasiera haurrek 2025eko Danborradari, eta urtarrilaren 19an izango du jarraipena Parte Zaharrean Gaztelubide Txiki, UA 150 Haur Danborrada eta Kresala Txikiren eskutik. Urtarrilaren 20an, aldiz, eguerdiko desfile handiaren ostean, arratsaldez Amaratarra Txiki Danborradak emango die amaiera aurtengo Haur Danborraden irteerei. 

«Kalea hartu»

Eguraldi txarra egingo balu, Haur Danborradaren irteera igandean, urtarrilaren 26an egingo litzateke; 2025eko azkeneko aukera izango da.

Udal ordezkariek eskaera zuzena egin diete astelehenerako: «Kalea hartu, danborra zein upelari gogor eragin, eta Gora Donostia ozen ohiukatu».