Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Ibon Mendiak eta Tasio Martinek ekarpen berria egin dute Paineko Dorreetan

Euskal sokadak, iparraldeko dorrean, 'Erresistentziara kondenatuak' bidea (7a, 420 m) sortu berri du. Hortaz gain, eskalatzaileok Egger Dorreko ekialdeko horman dagoen 'Marc-Andre vision’s'-en eta 'Titanic'-en loturan ekinaldi ederra egin dute.

Martin eta Mendia, gailurrean, marra berria bukatu eta gero.
Martin eta Mendia, gailurrean, marra berria bukatu eta gero. (Tasio MARTIN)

Ibon Mendia eta Tasio Martin oporraldi edo bidaia luze batean murgilduta daude. Norbera bere aldetik, udaran lehen urratsak egin zituzten. Udazkena heldu bezain pronto, besteak beste, Yosemiteko bideak 'dastatzen' jardun zuten. Lotura erakargarri hori ez eteteko, berriz, erosotasunean murgildu ordez, bizkar-zakuak berriro prestatu eta Patagonian egonaldi luze bat egitera abiatu ziren.

Motibazioak, sasoiak eta ikasteko grinak bultzatuta, euskal sokada hori munduko bazter horretan dauden mendi eta erpin estetikoek eskaintzen dituzten aukeretan murgilduta dago. Bidaiatu aurretik, bazekiten (Martinek iaz lehen bisita izan zuen) Patagoniako eguraldi apetatsuak agintzen duela, eta, hortaz, buruz eta arduraz jardun behar zutela.

Gidoi hori kontuan hartuta, Mendiak eta Martinek helburuak ondo zehaztu eta lehen urratsak egin zituzten. Lehenik eta behin, Paineko Dorreetara (Txile) abiatu ziren. Martinek NAIZi aurreratu dio lau dorreak igotzea zutela xede: «Horretarako zortzi eguneko bidaia eder bat egin genuen. Leiho on luze bat iragarri, motxilak bete eta erpin horietan lehen urratsak egiteko pronto ginen. Baina hango klimak bestelako aurpegia erakutsi zigun. Lehen bizpahiru egunetan eguraldi oso kaskarra egin zigun; batez ere, haize asko. Ondoren, barealdiarekin, Peineta eta iparraldeko dorrea 'Monzino' bidetik igo genituen. Bibakera jaitsi eta berriro klima gaiztoak bisita egin zigun. Oso motibatuta geundenez, beste bi dorreak eskalatzeko asmoak ez zuen indarrik galdu. Baina iragarritako lehen egun onak aurkako aurpegia erakutsi zigun. Oso haizetsua zen, eta dendan geratzea erabaki genuen».

Egoera hori ikusita, bi eskalatzaileok inprobisazioari ateak zabaldu zizkioten. Eta iparraldeko dorreko mendebaldeko isurian ibilbide berri bat sortzeko aukera izan zuten: 'Erresistentziara kondenatuak' (7a, 420 m). Ordura arte eginiko lanarekin gustura zeuden, baina gaztetasunaren kuraiak bestelako dei bat egin zien. Hots, hasierako asmoarekin, lau erpinak igotzearen helburuarekin, aurrera jarraitzea.

Dorre nagusia zain zuten. Haizerik gabeko eguraldi bikainak lagunduta, protagonistok bide klasikotik, 'Bonington'-etik, igo ziren: «Oso gustura eskalatu genuen, eta oso azkar: bibaketik tontorrera zortzi orduan. Xedea biribildu ahal izateko, oraindik hegoaldeko dorrea falta zitzaigun. Ez genuen iragarpenen berri, baina esan ziguten leihoa bi egun luzatuko zela. Marraren oinarrira heldu eta ikusi genuen oso bustita zegoela. Aurreko egunetan eginiko eskaladen ondoren, nekatuta geunden eta egoera horrek atzera egitera eskatu zigun. Ez zuen merezi minik hartzea. Nekatuta egoteaz gain, hasierako grina apaldu zen eta motibazioak indarra galdu zuen».

Mendiak eta Martinek ekinaldi bikaina egin dute Egger Dorrean. (Tasio MARTIN)

Nahiz eta dorre hori zintzilik utzi zuten, euskal eskalatzaileok emaitza bikaina erdietsi zuten Paineko Dorreetan: hiru erpin eta bide berri bat. Sortze-lan horri dagokionez, Martinek baieztatu digu ederra eta oso ona dela: «Flipatu egin genuen. Laranja kolorea duen kalitatezko granitoan luze oso tenteak zabaldu genituen. Oro har, etenik ez duen artesi luze bat jarraitzen du; behetik goraino. Gainera, seigarren mailan oso jarraia da; ezusteko handia hartu genuen! Luze guztiak bikainak dira. Bide berriak gailurretik 150 metrora bat egiten du 'Monzino'-rekin. Mendebaldeko isuria denez, goizean ez du eguzkirik jotzen; hotza pasa genuen. Arratsaldea, eguzkiarekin, beste kontu bat izan zen. Bide batez esan behar dut 'Erresistentziara kondenatuak' ibilbidea oso garbi geratu dela: hiruna lokarri eta arroka-zubi eta ateratzeko ezin izan genuen fisurero bat han geratu dira. Bide berri bat sortzea aurreikusten ez genuenez, tresneria gutxirekin sartu ginen: bigarren zenbakiraino bi friend joko eta hirugarren zenbaki bat. Hori eskasa da marra bat zabaltzeko. Horregatik, luze batzuetan metro batzuk jaitsi eta friendak berreskuratzen genituen; horregatik, luze laburragoak geratu dira. Errepikatu nahi duenarentzat hiru friend joko eramatea gomendatzen dugu».

Irakurtzen den bezala, euskal ekoizpen batek lekua hartu du sona handia duten Paineko Dorreetan. Eguraldi traketsak eta beste kontu batzuek bultzatuta, Mendia eta Martin erresistentziara kondenatuak izan dira, baina egoera horretatik arrakastarekin atera dira. Oro har, mendilerro horretan eginiko lanarekin pozarren daude: «Hasierako xedea ez dugu guztiz bete, baina inprobisazioarekin bide berri bat sortu dugu. Beste behin eguraldiaren baldintzekin mugatuta egon gara, baina zortzi eguneko irteera hori egundokoa izan da».

Egger-en, ekinaldia

Patagoniako egonaldiari eutsi eta bi eskalatzaileok inguruz aldatu ziren. Txiletik Argentinara; hain zuzen ere, El Chaltenen aterpe hartu zuten. Gazte hauen motibazioak hein batean harritu gaitu; izan ere, Painekoaren ondoren, beste helburu handi bati ekiteko prest ziren. Gorputzek jasotako astindua berreskuratu eta Egger Dorrea zain zuten. Cerro Torreko mendilerroan dagoen erpin ikusgarri zein zorrotz horretan nortasun handiko lotura bat egitera abiatu ziren: 'Marc-Andre’s vision' eta 'Titanic'. Ibilbide hori (7b, WI3, M6, 1.000 m) Brette Harringtonek, Quentin Robertsek eta Horacio Grattonek zabaldu zuten Marc-Andre Lecrerc zenaren omenez.

Euskal eskalatzaileok oso motibatuta zeuden marra horrekin, baina beste behin klimak ez zien arrakasta lortzeko aukerarik eman. Gogoratu behar dugu urtearen amaieran Ekuadorreko hirukote batek ibilbidearen lehen errepikapena sinatu zuela.

Euskal sokadak Paineko iparraldeko dorrean sortutako bidea. (Tasio MARTIN)

Bi egun eta erdiko leiho bat iragarri zietenez, Martinek esan du saio fanatiko bat hasi zutela: «Aurreko egunak oso txarrak izan ziren, eta hurbilketa bidean elurra eta euria egin zigun. Niponinon gau oso txarra igaro genuen haizearekin. Lo gutxi egin ondoren, goiz esnatu ginen, baina horma erabat elurtuta zegoen eta dendan geratu ginen. Ordu biak aldera 'Titanic'-en eskalatzen hasi ginen, eta gero 'MA's vision'-era igaro ginen. Ez genuen ezer eraman bibaka egiteko; eskola zaharreko estiloan jarduten ari ginen. Jarduera osoa non-stop eran egin genuen. Gainera, lotura hori oso gogorra zen; flipatu genuen! Bederen, egunsentiak ederrak izan ziren. Hotza egin zigun, eta dena izoztuta zegoen; horregatik, goialdean dagoen 7b mailako luzea kosta egin zitzaigun gainditzea. Ordutegiarekin ere gaizki genbiltzan, eta aurretik zortzi luze genituen. Iragarrita zegoen gauean klimak txarrera egingo zuela, eta horren ondorioz jaistea erabaki genuen».

Jaitsiera ez zen batere erosoa izan: behin baino gehiagotan soka trabatu zitzaien. Noruegos bibakean lo pixka bat egin eta jarraian Niponinora abiatu ziren: «Hogeita bost orduko jardueraren ondoren, glaziarrera iritsi ginen. Eskerrak jaitsi ginela; izan ere, goizeko lauretan ekaitza lehertu zen. Oro har, oso pozik gaude eginiko ekinaldiarekin. Dena ematera sartu ginen, eta sentsazio onak utzi dizkigu. Agian, lanak biribiltzera itzuliko gara».