
Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuok deitutako grebaren laugarren egunak ere jarraipen zabala izan du, aurrekoen antzera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko 27.000 irakasle zeuden lanuztera deituta. Sindikatuek batutako datuen arabera, ostegun honetan ere deitutako irakasleen %75ek babestu du.
«Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoekin greba baldintzatu nahi izan du. Hala ere, urtarrilean 2 egunez milaka irakasle kalera atera ginen. Otsailean ere beste bi egunez beste hainbeste izan gara berriro kalera atera garenak. Horrela gure desadostasuna berretsi dugu eta gure greba eskubidea erabili dugu indar erakusketa eredugarria eginez hezkuntza publikoaren defentsan», salatu dute ostegun honetan.
Urtarrileko eta otsaileko lau greba egunetan «Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!» lelopean deitutako mobilizazioetan milaka langile elkartu dira, sindikatuek nabarmendu dutenez. Ostegun honetan Gasteizen bildu dira hiru herrialdeetako irakasleak, manifestazio bateratuan.
Ziklo honetan deitutako mobilizazio eta greben bitartez salatu dute Lakuan Hezkuntza Sail berria egon arren, «azken urteetako jokamolde berbera dugula mahai gainean: Hezkuntzako langileon lan baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak aldebakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen dituztelako».
Azken grebek eta mobilizazioek bi mahai deitzera eta pausu bakan batzuk ematera behartu dutela Lakuako Gobernua uste dute sindikatuek. «Argi dago grebak direla Jaurlaritza mugiarazten dutenak. Tamalez, oraindik grebetako eskaerei erantzungo dioten balizko proposamenetatik urrun dago».
Astelehenean, Lakuak bilera batera deitu zituen sindikatuak «aldez aurretik idatzizko inongo proposamenik bidali gabe eta ahoz», asteazkenean kritikatu zuten bezala. Aldiz, herenegun azken uneko bilera batera deitu zituen. Bi egunetan helarazi zizkieten edukiak ez dituzte «nahikotzat jotzen».
«Beraz, beste behin ere Hezkuntza Sailaren asmoa negoziaketak irudikatzea izan zen. Bereziki larria da Jaurlaritza, langileen gehiengoa ordezkatzen ez duten sindikatuekin, grebetan milaka langile aldarrikatzen ari diren edukiak jarri gabe eta langileen %90 ordezkatzen duten greba deitzaileen kontra, gutxiengoan akordioa sinatzeko prest agertu izana», deitoratu dute grebaren deitzaileek.
Lakua: %47ko jarraipena
Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak nabarmen jaitsi du lanuztearen eragina. 13.30ean, eta ikastetxeen %93aren datuekin, jarraipena %47koa izan dela adierazi du, hau da, 11.768 irakaslek egin dute greba.

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia
