Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Oscarrak eta kinielak

Oscar sariak eta kinielak eskutik joan dira betidanik; urteroko tradizioari jarraiki, zinemazaleak, kritikariak eta industriaren fanatikoak urrezko estatuatxoaren irabazleak nortzuk izango diren iragartzera abiatzen gara. Hollywoodeko akademiak igande honetan banatuko ditu 2025eko Oscar sariak.

Hilabete inguru igaro da hautagaiak iragarri zituztenetik eta faboritoen zerrendak gorabeherak jasan ditu, bereziki Karla Sofía Gasconen istiluen ostean. AEBtako apustu etxeetan gertatzen dena behatzea gustuko dut, termometro nahiko fidagarria izaten baita; lerro hauek idazten ari naizen unean ‘Anora’ da saria irabazteko faborito nagusia, baina nahiko gertu ditu ‘The Brutalist’ eta ‘Conclave’. Zuzendarien artean Sean Baker eta Brady Corbet nabarmentzen dira.

Antzezpen lanei dagokienez, nire apustua irmoa da: aktore nagusien artean Demi Moore eta Timothee Chalamet aterako dira garaile eta bigarren mailako izendatuen artean Zoe Saldaña eta Kieran Culkin.

Ingelesez Besteko Filmik onena ‘Ainda estou aqui’ brasildarra izango dela nahiko argi daukat eta Animaziozko onena, aldiz, ‘The Wild Robot’.

Idazketa ere goraipatu beharreko alorra da zalantza izpirik gabe, Jatorrizko Gidoi onenaren Oscar Saria ‘Anora’ filmak irabaziko du eta Egokitutako onena aldiz ‘Conclave’-k.

Hori da sail nagusietako nire kiniela, baina lerro hauek amaitu aurretik, nire film kutunak zeintzuk diren argituko dut: ‘Anora’, ‘The Substance’ eta ‘The Brutalist’. Brady Corbet-en lan txundigarriak irabaziko balu, azken urteotan gertatu ez den zerbait gerta liteke: urteko film onena izatea irabazlea.

Tira, ea zer gertatzen den igandean, bitartean egin apustu!