
I. mendeko erdialdeko brontzezko estatua da Pompeloko togaduna. Iruñeko Curia kalean topatu zuten 1895ean. Mende luze bat baino gehiago galduta izan zen eta 2015ean New Yorkeko bilduma pribatu batean zegoela jakin zen. Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari Rebeca Esnaolak astelehen honetan gogoratu duenez, 2022an Iruñera itzultzea lortu zuten. Hasiera batean AEBetara itzuli behar zen gero baina 2023an Nafarroako Gobernuak erosi zuen eta egun Nafarroako Museoan ikusi daiteke. Erosterakoan Gobernuak estatua ikertzeko konpromisoa hartu zuen.
Orain arte estatua gizon togatu batena zela uste zuten adituek. Azken urteotan egin diren ikerketek, berriz, beste aukera bat zabaldu dute: neskato baten irudia izatea. Horrela nabarmendu du Carmen Marcks-Jacobs Berlingo Humboldt Unibertsitateko irakasleak. Estatuan bi elementu nagusi daude. Alde batek praetexta toga delakoa da. Honek irudia hiritar erromatar batena dela erakusten du. Honekin batera, eskubiko eskua gari sorta bat darama. Gari sortak Ceres jainkosa zelaren hipotesia indarrean jarri zuen estatua aurkitu eta gutxira, baina gizon bat zelaren hipotesia nagusitu zen berehala. I. mendeko Iruñea erromatarrean, Pompelon, bizi zen hiritar batena.
Marcks-Jacobsek, ordea, beste hipotesi baten alde egin du: neskato bat dela hain zuzen ere. Aditu honek Penintsula Iberiarreko erromatarren gizonezko eta emakumezkoen irudiak aztertu zituen tesia egiteko. Joan den urtarrilaren 31n Nafarroako Museoan izan zen Pompeloko togatua gertutik aztertzeko eta neskato bat dela argi dauka.
Togaren luzera eta gari sorta
Togaren luzera da togatua neskato bat dela adierazteko lehen elementua. Marcks-Jacobsek azaldu duenez, estatuaren toga lurreraino heltzen da. Horrelako togak emakume erromatarrek eramaten zuten. Gizonezkoenak, berriz, belauneraino baino ez ziren heltzen. Beraz, oso arraroa izango litzateke gizon baten estatua egiterakoan toga lurreraino jartzea. Erromako hiritarra aske jaiotako emakume bat zela da indar gehien duen hipotesia. Hamar eta hamabi urte arteko neska, hain zuzen. Estatuak ez du bururik eta honek irudia norena den inguruko misterioa indartzen du.
Eskuan duen gari sorta estatua neskato batena dela erakusten duela argi dauka Marcks-Jacobsek. Beste modu batean esanda, oso zaila izango litzateke gari sorta hori gizon baten ezaugarri izatea. «Arazoak sortzen dira interpretazio hori egiteko», nabarmendu du Nafarroako Museoan egin duen agerraldian. Dena den, saiatu dira gizonezkoa delaren hipotesia justifikatzeko interpretazioak egiten. Eskuetan duena mapa –zirkoan gurdi-lasterketei hasiera emateko magistratuek erabiltzen zuten zapia– izan daitekela esan izan da, baina Marcks-Jacobesek ez dio honi sinesgarritasun handirik ematen.
Gari sortak neskatoaren hipotesiaren alde egiten du. Oso zaila da gizonezkoekin lotuta izan daiteken ezaugarri erlijiosoa izatea. Berriz, nekazaritzaren, emankortasunaren eta amatasunaren jainkosa den Ceresekin lotzea askoz ere errezagoa da. Eta horrek neskatoaren hipotesia indartzen du.

Carmen Jover Nafarroako Museoko zuzendariarentzat ba da neskatoaren hipotesiaren alde egiten duen beste elementu bat: estatuaren tamaina. Neskato baten altuera dauka eta ez gizon batena.
Nafarroako Museoan ikusteko aukera
Nafarroako Museoaren lehen solairuan jarri dute Pompeloko togatuaren estatua, jendeak gertutik ikusi ahal izateko. Sarrera dohainik da Museoan obretan daudelako. Asteburu honetan hurbiltzen direnak Aitziber Guembe arkeologoaren azalpenak entzuteko aukera izango dute.
Neskato hori nolakoa izan zitekeen azaltzeko Roberto Gironek adimen artifiziala erabiliz egin duen neskato erromatar baten irudia paratu dute estatuaren alboan.

Ikasle etorkinei euskara ikastea errazten dien Eusle programaren arrakasta

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina

