Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Laura Pineauren eta Kate Kelleghanen errekorra Naked Edge ikonikoan

Bi eskalatzaileok emakumezko sokada batek eginiko denbora onena hobetu dute. 150 metro eta 6c+ maila dituen ibilbidea 37 minutu eta 28 segundoan igo dute. Errekor horrekin abiadura xedeetan neskak animatu nahi dituzte.

Kelleghan (ezkerra) eta Pineau, pozarren, errekor berria ezarri eta gero.
Kelleghan (ezkerra) eta Pineau, pozarren, errekor berria ezarri eta gero. (@katekelleghan)

Maiz aipatu izan dugu AEB-tako eskaladan abiadura errekorrak oso ohikoak izaten direla. Lasai asko baiezta daiteke komunitate horren kulturaren oinarri sendo bat dela. Bada, joan den martxoaren 28an, Kate Kelleghan estatubatuarrak eta Laura Pineau frantziarrak errekor bikaina erdietsi zuten Eldorado Canyonen dagoen Naked Edge bide mitikoan. Sokada horrek soilik 37 minutu eta 28 segundo behar izan zituen 150 metro (bost luze) eta 6c+ maila dituen marra hori igo ahal izateko. Hortaz, duela lau urte emakumezko talde batek sinatutako denbora onena (37 minutu eta 40 segundo) ondu zuten.Hain zuzen ere, Kelleghanen eta Becca Drozen marka zen.

Aipatu dugun aurreko errekor hori hobetzeko lehen ekinaldian oso gutxigatik huts egin zuten. Baina Pineau eta Kelleghan ez zeuden amore emateko prest. Martxoaren 28a, behin betiko saialdia izan zen. Lehenik eta behin, gorputzak berotzeko eta puntu-puntuan jartzeko, ibilbidea eskalatu zuten. Ondorengo eskaladan kronometroa prest zuten.

South Boulder Creekeko zubia irteera puntua zuten. Handik korrika eginez, bidearen oinarrian jarri ziren. Naked Edgeren lehen 60 metroak (5+) soka gerrira lotu gabe egin zuten, eta zazpi  minutuan bilerara heldu ziren. Frantziarrak bi minutuko atsedena hartzen zuen bitartean, estatubatuarrak hurrengo luzearen ardura hartu zuen. Artesietan Pineauk baino eskarmentu gehiago duenez, Kelleghanek lehen luzea  (6c) oso-oso azkar igo eta 6a+ mailako ertz bat jarraitu zuen. Hirugarren luzea (5b+) sinatu eta gero, ibilbidearen luze zorrotzena zain zuten. Eroria duen tximinia bat da; 6c+ zailtasunekoa.

Progresioaren segurtasuna bermatu ahal izateko, talde horrek hiru polea txiki erabili zituen. Kelleghanek jarraitu zuen sokaburu. Jakina, erabaki zuzenena zen; izan ere, Naked Edge 75 aldiz igo du. Horregatik guztiagatik, aipatu dugun tarte horretan babesteko erabiltzen den tresneria oso era egokian eta eraginkorrean jarri zuen.

Tontorrera heldu bezain laster, bi eskalatzaileok soka gerritik askatu eta berriro «helmuga» zuten zubira korrika bizian joan ziren. Kronoa gelditu eta ikusi zuten errekor berri bat ezarri zutela: 37 minutu eta 28 segundo.

Bikote indartsua

Kelleghani dagokionez, aurreratu moduan, Naked Edge bikain ezagutzen du. Abiadura errekorrak maite ditu, eta urteak zeramatzan sokakide baten bila xede berriak egin ahal izateko. Pineauk, aldiz, askoz ere eskarmentu gutxiago dauka espezialitate horretan; duela pare bat urte probatzen hasi zen. Hori bai, muturreko artesietan maila handia du. Besteak beste, Greenspit (8b+, Orco, Italia) ospetsua igo du.

Sare sozialen bitartez elkar ezagutu zuten. Iaz, adibidez, sokada horrek The Nose egunean eskalatu zuen. Atzean utzi dugun neguan, berriz, Pineauren etxera bidaiatu zuten. Eta Desteleko ingurumarian, modalitate hori indartzeko, makina bat marra eskalatu zituzten.

Martxoa heldu zenean, sokada hori pronto zegoen Naked Edgen ekinaldi sendo bat egiteko. Kelleghanek onartu du ia ardura osoa berak hartu zuela. Frantziarrak onartu du sokakideak proposatutako erronkaren aurrean beldur zegoela: «Europan inork ez du izaera horretako xedeak egiten. Hots, abiadura errekorrak ez dira existitzen».

Jarduera horretan arrakasta izateko, Pineauk eta Kelleghanek asko entrenatu zuten. Naked Edge behin eta berriz eskalatu zuten, eta ibilbide hori igotzen sasoia eta konfiantza hartu zituzten. Pixkaka bada ere, eskalada bakoitzean denborak hobetzen joan ziren. Hasieran ordubete eta hamar minutuan; ondoren, 54 minutuan; 44 minutura ere heldu ziren; eta, diogun bezala, behin betiko ekinaldian 37 minutu eta 8 segundo.

Amaitzeko, estatubatuarrak onartu du frantziarrarekin ezarritako mugarri horrek asko poztu duela: «Batetik, gai izan garelako errekor berri bat egiteko. Eta bestetik, inportantea delako emakumezkoak abiadura xede horietan ikustea».

Bederen, Kelleghan ekarpenaren bidean behin baino gehiagotan ikusi dugu. Iazko udaran, Michelle Pelletterekin Kapitaineko bi bide egunean eskalatu zituen: The Nose 8 ordu eta 45 minutuan eta Lurking Fear 9 ordu eta 45 minutuan.