
Tren erabiltzaileak irrikaz itxaroten ari ziren eguna iritsi da. Bi urte luzez trena hartzeko Egia auzora gurutzatzen ibili ondoren, otsailaren 19az geroztik zabalik dago Urumea aldera dagoen ohiko sarrera. Modu horretan, gainera, erabiltzaileek bertatik bertara izango dute autobus geltokia, trenbidea behin-behineko pasabidetik igaro beharrik gabe.
Inaugurazio ekitaldian Oscar Puente espainiar Garraio ministroa eta Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriko kontseilaria izan ziren. Izan ere, 93 milioi euroko aurrekontua duten eraikuntza lanak espainiar Gobernuak ordainduko ditu (Adif azpiegitura kudeatzailearen bitartez), baina Eusko Jaurlaritzak gauzatuko ditu, Euskal Trenbidea Sarearen bitartez.
Dagoeneko zabalik dagoena Frantzia pasealekura ematen duen ohiko eraikuntza da. Bidaiariek sarrera hori erabili ahal izango dute aurrerantzean, nahiz eta geltokiko beste hainbat zerbitzu oraindik martxan ez egon.
Sarrerako eraikuntza horrek hasierako itxura berreskuratu duen arren, beste bi solairu izango ditu gainean, arkitektura modernoz eraikiak, tren-ustiapen behar berrietara egokitzeko. Eraikuntza hori 2023ko apirilean bota zuten eta herritar askoren harridura eragin zuen, babestuta zegoen eraikina zelako eta aurrealdea mantendu egingo zela iragarri zutelako. Hala ere, azkenean guztiz eraitsi zuten eta horren ordez beste bat eraiki dute, zaharraren itxura gordez.
Gainerakoan, geltoki berriaren edukiera handiagoa izango da aurrerantzean, ataria eta nasak zabalagoak izango direlako. Era berean, hobetu egingo dira Egia auzora zein autobus geltokira doazen loturak eta Tabakalera eraikinaren aurrean 5.700 metro karratuko plaza publiko berria eraikiko da.
ESTALKI HISTORIKOA
Trenbide gaineko estalki historikoa, bestalde, piezaz pieza askatu eta zaharberritzera eraman ondoren, berriro bere tokian jarri dute. Markesina hori 1880an eraiki zuten eta Eiffel-en kolaboratzaile izandako Jean Biarez ingeniariak diseinatu zuen.
Teilatu horren azpian bost nasa eta sei trenbide eraikitzen ari dira. Une honetan martxan dira aldiriko trenen nasak eta distantzia ertain zein luzeetakoak, eta datozen hilabeteetan abiadura handiko trenek erabiliko dituzten nasak eraikiko dituzte.
Distantzia luzeko zein abiadura handiko trenek 3, 4, 5 eta 6 zenbakietako nasak erabiliko dituzte eta 410 metroko luzera izango dute, tren bikoitzak hartu ahal izateko. Aldiriko trenek, ordea, 1 eta 2 nasak erabiliko dituzte eta zabalera mistoa izango dute (hirugarren erraila).
Lanak «erritmo onean egiten ari dira aurrera, Atotxako geltokia geltoki moderno eta prestazio handiko bihurtzeko, bertan aldiriko, tarteko eta distantzia luzeko zerbitzuak elkartuz», adierazi zuen Garcia Chueca kontseilariak otsailean egindako bisitan. Bere iritziz, «mugikortasuna benetako eskubide bihur dadin, azpiegitura modernoak, eskuragarriak eta erosoak behar dira, gure lurraldea sozialki eta ekonomikoki egituratzeko gai direnak, eta Atotxakoa horren adibide ona da».
Oscar Puente ministroak, bere aldetik, datorren urtean Atotxa berria «bere distiran eta jarduteko gaitasunean ikusi ahal izango dugu» gaineratu zuen. Bertan, «Atotxaren ikuskera moderno eta errespetuzkoaz eta kanpoko diseinu historikoaz gozatu ahal izango dugu, inplikatutako erakunde guztien arteko lankidetzari eta elkar ulertzeari esker. Bereziki, Euskal Trenbide Sareari eta Adif-i esker», gaineratu zuen.
Donostiakoa abiadura handiko trenaren lehen geltokia izango da Euskal Autonomia Erkidegoan, Irun, Bilbo eta Gasteizkoei aurrea hartuko baitie. Hala ere, Bizkaiko eta Arabako hiriburuetan proiektatu direnak ez bezala, gainazalean mantenduko da eta ez da lurperatuko.
Trenbidearen azpian 7.400 metro karratuko lurpeko atondoa izango du geltokiak, Egia auzora daraman etorkizuneko azpiko pasabidearen alde banatan banatuta. Bertatik, bidaiariak goiko solairuko nasa berrietara sartuko dira.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

Científicos que trabajan en Groenlandia alertan del riesgo de una apropiación de Estados Unidos

El obispo de Gasteiz sobre las víctimas del 3 de Marzo: «Hay tensión, son de cáscara amarga»

Herri Norte rechaza las agresiones sexuales e instituciones piden que se aclaren los hechos
