
Sagardotegiek ekoizten duden sagardoaren portzentaje handi bat bertako sagarrekin egina da, eta horren laurdena eredu ekologikoan egindakoa. Aurtengo sagar uztan, esate baterako, Jatorri Deiturako 1,3 milioi litro egin dira euskal upategietan, eta horietatik 335.000 ekologikoan ekoitzi dira. Horretarako, 495.000 kilo sagar erabili dituzte, Europako araudiak ezarritako nekazaritza ekoizpen ekologikoaren irizpideei jarraituz.
Bertako sagarraren erabilera eta eredu ekologikoa eskutik doazela ikusarazteko, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak eta ENEEK-Ekolurrak aurtengo txotx denboraldirako prestatu duten euskarria aurkeztu zuten martxoan, Hernaniko Iparragirre sagardotegian egindako ekitaldian. Irudi berriak sektoreak kalitatearen eta bioaniztasunaren alde egindako apustua erakutsi nahi du. Izan ere, prozesu osoan ez da sintesiko produktu kimikorik erabiltzen, hasi sagastitik eta botilara arte. Ongarri naturalak erabiltzen dira eta, gainera, uztaren berezko izaera eta zaporea mantentzea bilatzen da.
Aurkezpen ekitaldian eredu ekologikoan ekoizten duten zenbait sagardotegitako ordezkariak izan ziren, tartean Petritegi, Isastegi edo Iparragirre bera. Azken honetako Arantza Eguzkizak adierazi zuenez, bere sagardotegia izan zen Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluan sartu zen lehenbizikoetako upategia, 2009. urtean. «Ekologikoan sartzeak esan nahi du sagastiak zaintzen hastea, eta horregatik gaude sagardogintza ekologikoan. Hain zuzen, alde batetik, ez dugulako ulertzen bertako sagarrarekin egiten ez den sagardorik, eta, bestetik, gure ingurumenaren alde eta gure osasunaren alde erabakirik onena dela uste dugulako. Iparragirren ez genuen ulertzen sagardo ekologiko bat ateratzea bertakoa izan gabe».
Ekologikoan ekoizten hasi den azkenetako sagardotegia Tolosako Isastegi da. Joseba Lasa bat etorri zen Eguzkizak esandakoarekin. «Bi gauzak eskutik joan behar zutela ulertzen genuen. Horrela, gure Euskal Sagardo guztia ekologikoa ere badela esan dezakegu, guk geuk horrela sinesten dugulako eta gure bezeroek ere hori espero dutelako». Bere hitzetan, nazioartean ere nabaritu dute kontzientzia hori badagoela, eta dagoeneko ateak irekitzen hasi zaizkiela adierazi zuen. «Guretzat abantaila bat dela esan dezakegu».
GORANZKO BIDEAN
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko lehendakari Judit Garcia Llorens-ek nabarmendu zuen nekazaritza ekoizpen ekologikoak goranzko bidean jarraitzen duela eta aurreikusi litekeela datozen urteetan eredu ekologikoan ekoitzitako Euskal Sagardo gehiago izango direla merkatuan.
Horren adierazle da sagasti gero eta gehiagok ziurtagiria duela eredu ekologikoan. Une honetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 340 hektarea sagasti daude ziurtatuta.
Unai Agirrek, Jatorri Deiturako koordinatzaileak, datorren urtean 335.000 litro baino produkzio handiagoa espero dela iragarri zuen, aurtengoa ez delako sagar urtea izan.
Euskal Sagardo ekologikoa ekoizten duten sagardotegiak hauexek dira: Txindurri Iturri, Ekain, Petritegi, Ola, Etxeberria, Gartziategi, Iparragirre, Iturrieta, Isastegi, Izeta, Oiharte eta Gurutzeta.

Osakidetza anuncia un paquete de medidas para agilizar la Atención Primaria

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu
