Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Daan Hoolerentzat Pisako erlojupekoa, haizeak eta euriak lagunduta

Pisako erlojupekoak ezusteko garailea izan du, Lidl Trek taldeko Daan Hoole gaztea, euria eta haizea lagun. Giroa irabazteko faboritoek kontuz moldatu behar izan dute, eta zentzu horretan, Roglic izan da finena, Ayusorekin batera. Del Torok eutsi dio lidergoari, baina alderik gehiena galdu du.

Pisako erlojupekoa ezustean eraman du Daan Hoolek.
Pisako erlojupekoa ezustean eraman du Daan Hoolek. (Luca BETTINI | AFP PHOTO)

Euriak eta haizeak goitik behera eraldatu du Giroko hamargarren etapa. Pisako dorre etzana lekuko izan dela, Lidl Trek taldeko Daan Hole herbeheretarrak ezusteko garaipena erdietsi du. Izan ere, 26 urteko txirrindulariak eguraldi lehorrarekin egin ahal izan du 28 kilometro pasatxoko erlojupekoa eta faborito nagusiek, berriz, euripean eta haizea kontra dela egin behar izan dute etapa. Zentzu horretan, Xabier Mikel Azparrenek hamargarren denbora onena ezarri du.

Joshua Tarling Ineos taldeko galestarra zen etapa eramateko faborito, baina Dan Hoolek atzetik aurrerako lana eginda denborarik onena ezarri du. Herbeheretako mutila sinetsi ezinda azaldu da helmugan. «Joshua –Tarling– arerio gogorra da eta zaila egiten zait sinistea irabazi egin diodala. Egun bikaina izan da. Badakit euria dela-eta etapa ezberdina izan dela, baina nik dena eman dut eta pozarren nago. Nola bestela! Hau ikaragarria da!», azaldu du Lidl Trek taldeko 26 urteko txirrindulariak.

Hain zuzen, Roglic abiatzeaz bat hasi da euria. Eguraldi iragarpenek ez dute kalerik egin eta esloveniarra abiatu eta berehalako baten zeruak pilaturiko ura botatzeari ekin dio. Horren ondorioz etapari begira baino, sailkapen nagusiari begirako beste borroka bat jarri da martxan. Zentzu horretan, Primoz Roglicek eta Juan Ayusok aurrerapauso handia eman dute, nahiz eta etapako lehian sartzerik ez duten izan. Esloveniarrak 19 segundo atera dizkio UAEko katalanari, baina minututik gorako aldea kendu dio Isaac Del Toro liderrari.

Roglicek meritu bikoitza izan duela esan dezakegu gainera. Goizean, ibilbidea ezagutzen ari zela, erori egin da, baina ez du minik hartu eta ez da arratsaldera begira kikildu ere. Erlojupekoan bertan, berriz, Ayuso indartsuago hasi da Roglic baino, eguraldi petralagoarekin ekin badio ere. Hala ere, azken aldera Bartzelonan sortutako mutilari erlojupekoa luzetxo egin zaio. Bestalde, Pisako erdiguneko kaleetan teknikak zeresan handia izan du eta akaso Ayusok ez du behar baino gehiago arriskatu, badaezpada erori eta minik ez hartzeko.

«Sterratoaren» arrastorik ez

Isaac Del Torok, dela eguraldia, dela lidergoaren presioa, UAEko mexikarra ez da oso fin aritu eta «maglia arrosa» oraindik ere soinean eramango badu ere, UAE taldeko taldeburua den Juan Ayuso 25 segundora hurbildu zaio. Igandeko «sterratoan» ez bezala, etapa askoz lasaiago eta kontu handiagoarekin hartu du eta hala, aurreneko tarteko erreferentziatik denbora galduz joan da. Nolanahi, ez du bururik galdu eta lanean fin jarraitu du helmugara iritsi bitartean.

Hain zuzen horri esker liderraren maillota behintzat mantendu du mexikarrak, nahiz eta bere taldekidea gainera etorri zaion. Ayusoren atzetik, liderrarengandik minutu batera, Tiberi eta Simon Yates daude, eta bosgarren posturaino igo da Primoz Roglic, igandean galdutako guztiaren zati polit bat berreskuratu ondoren, Del Tororengandik 1.18ra geratu baita.

Giroak ez du etenik eta astearteko erlojupekoa nekagarria izan bada, asteazkeneko etapa ere ez da hobea izango. Viareggiotik abiatu eta Castelnovo ne' Montin izango dute helmuga, 186 kilometro eta 3.800 metrotik gorako desnibel positibo metatua. Ez da harritzekoa, etapa erdialdean lehen mailako Alpe San Pellegrino igo beharko baitute: 13 kilometrotik gora, batez beste %8ko aldaparekin. Helmuga, berriz, bigarren mailako Petra di Bismantua mendatearen osteko lautadan izango da. Igoera laburra da, sei kilometro eskasekoa, baina tarteka %12ko aldapa aurkituko dute txirrindulariek eta mendate pankartatik helmugara bost kilometro baino ez daude.