
«Kontakizun bakoitza arima txiki bat da», aitortu du Pello Añorga idazleak ‘Sendatzeko ametsak’ izeneko bere lan berria aurkezterakoan, astearte goiz honetan Donostian. Protagonista nagusi bat du liburuak, Kalixto, eta sei ataletan banatuta pertsonaia horren istorioak kontatzen ditu, guztiak pentsamenduaren munduarekin lotuak.
Juan Ramon Makuso editorea izan du aurkezpenean lagun idazleak, eta kontatu du XXI. mendean kokatutako «Fernando Amezketar berri bat» sortu duela Añorgak, «ñabardura askorekin» bada ere. Ahozko tradiziotik asko duen liburua dela azaldu du, eta hizkuntza dotorea darabilela: «Eraginkortasun poetiko bitxi bat du».
Sei atalez osatuta dago liburua, «bakoitza esparru edo kontzeptu baten ingurukoa da, eta gai bat lantzen du bakoitzak pertsonaiaren eskutik, pentsakizunetara erraz harilkatzen da irakurlea», kontatu du Makusok. Baina nor da Kalixto? «Herri askotan izan dira pertsonaia xelebreak, baina gutxi Kalixto bezalakoak. Hain da arlotea eta alde berean hain prestua, hain zabarra eta alde berean hain fina, hain bakartia eta hain soziala, hain gordina eta hain samurra, hain haurra eta hain heldua, hain inozoa eta alde berean hain eroa eta jakintsua! Eta haren zirto barregarriak hain injeniotsuak, hain sapientzialak».
Helduentzat idatzia
Aurkezpenaren hasieran aitorpen bat egin du Añorgak, argitaletxe batean baino gehiagotan esan omen diote horrelako liburu batek ez duela «tokirik» beren bildumetan. Lagun batek esan omen zion: «Gurean inork ez du halakorik idatzi, gure sistema literarioan ez dago inor sintonia honetan». Eta oiartzuarrak, asko eskertu die Balea Zuriako lagunei beraienean toki bat egitea.
Esperientzia handiko idazlea da Añorga, baina aitortu du lehen aldia dela «berariaz helduentzako» liburu bat idazten duena. Izan ere, zehaztu du orain artean «helduek haurrei kontatzeko liburuak» idatzi izan dituela, baina azken hau ezberdina dela.
30 urte baino gehiago iraun du liburu honen idazketak, izan ere, Añorgaren ustez «tenplea» behar da horrelako liburu bat idazteko, «denboraren herdoila zure larruan tatuatuta» eduki behar da. «Jakinduria zaharraren zaporea» dute Kalixtoren istorioek idazlearen ustez, eta gai filosofikoak zein poetikoak lantzen ditu liburuan zehar; baita pertsonaiaren «zirto barregarriak» ere.
Pentsamenduarekin lotura
‘Sendatzeko ametsak’ jarri dio izenburutzat, eta bere izeba ekarri du gogora Añorgak. Izebak kontatzen omen zizkion istorioak idazleari, «kontakizunen ukendua» izendatzen zituen izebak, eta idazlearen ustez bizitzan istorio asko egon daitezke eta sendagarriak izan daitezke, «bizitzarekin lotzen zaitu, pertsonaia biluzik agertzen da istorio hauetan eta geruza asko sartu daitezke bertan».
«Paradoxa asko» daude liburuan gordeak idazleak azaldu duenez, «leiho bat irekitzea da unibertsoari eta bizitzari». Eguneroko bizitzako istorioak eta burutazioak kontatzen ditu Kalixtok, baina «erresonantzia txikiak» utziko dizkio irakurleari. Añorgaren ustez, erresonantzia berriak behar ditu egungo gizarteak, eta arteak funtzio hori bete dezakela uste du.
Gomendio bat ere luzatu die irakurleei aurkezpenean: Ez irakurri guztia arrapaladan, «irakurri, begiak itxi, dastatu… ez da guztia jarraian idazteko liburu bat, beste atentzio bat behar da, beste erritmo eta patxada bat».

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

