
Mads Pedersen etaparen ostean xanpaina astintzen ikustea oso ohiko ari da bihurtzen Giro honetan. Lidl Trek taldeko daniarrak laugarren etapa garaipena lortu du ostiral honetan Vicenzako amaierako muinoan. Wout Van Aertekin buruz buruko ederra jokatu du Pedersenek eta biek ala biek dena eman dute azken metro horietan. Baina honako honetan Pedersen nagusitu da, egunean zehar pasa duen momentu txarrari buelta eman eta Giro honetako protagonistetako bat dela erakutsiz.
Beste protagonista nabarmenenetako bat Isaac Del Toro liderra da. Vicenzako muinoan hirugarren postuan sailkatu da 21 urteko mexikarra eta beste bost segundo sartu dizkio Juan Ayusori, eta pixka bat gehiago sailkapen nagusiari begira borrokan diharduten gainerako aurkariei. Ikusi egin behar mendirik garaienak iristen direnean Isaac Del Toro nola moldatuko den, baina orain arte talentua adina lotsa gutxi duela bistaratu da, lasterketari gatza eta piperra emateko.
Vicenzarako bideko 180 kilometroetan laugarren mailako zenbait muino izan dira, helmugako azken igoeraz gain. Baina inork uste baino gehiago astindu du lasterketa Ineos taldeak. Hain zuzen, San Giovanni in Monte laugarren mailako mendatean uste ez bezalako borroka izan da. Ineos taldeak, batik bat Arensmanen eskutik, erritmoa asko bizitu du eta tropela mila puska egin du. Harrigarriena ordea Juan Ayuso une batez 20 segundoko atzerapenaz ikustea izan da. Dela ezinagatik, dela gaizki kokatuta harrapatu duelako, UAE taldeko txirrindulari katalana ez da bere taldekide Isaac Del Toro liderraren pare aritu, ezta Bahrain taldeko Antonio Tiberi ere. Aldiz, aurreko jardunaldietan baino arretatsuago jokatu du Primoz Roglicek. hala ere, UAEk Ayusorekin izan duen okerra gaina hartu aurretik konpontzea lortu du, Tiberik ere lortu duen bezala Bahraineko taldekideen lanari esker.
Aurretik, berriz, Christian Scaroni (Astana) eta Lorenzo Germani (Groupama) nabarmendu dira –azken hau ia hasieratik jo eta jo aritu eta ihesean joan da–, nahiz eta tropelak ez dien bakerik eman. Zentzu horretan, Pello Bilbaok San Giovanni in Montetik behera egin duen lana azpimarragarria izan da, tropelari arnasarik hartzeko betarik eta modurik ez baitio eman Gernikako txirrindulari finak.
Era berean, UAEk lan eskerga egin du Ayuso eta Del Tororentzat tarteko helmugako gainsariak eskuratzeko. Kasu honetan Ayusok irabazi dio mexikarrari, nahiz eta helmugan gero bere taldekideak askoz amaiera hobea eman etapari. Bartzelonako mutilak ondo dagoela erakutsi nahi izango du, baina antza belaunean eman dizkioten hiru puntuek –igandean sterratoan erari egin ei zen-eta– erasan apurren bat laga diote eta ez du Vicenzara bidean egunik onena izan.
Bai, bestalde, Lidl Trek taldeko Mathias Vacek txekiarrak eta Romain Bardet Picnic taldeko beteranoak. Ez dira etapa bien artean jokatzetik oso urruti geratu, aipatu bi italiarrak harrapatu eta atzean laga ostean. Baina tropelak ez die aukeratik eman. Azken 600 metroetan harrapatu dituzte iheslari biak, ordurako Pedersen eta Van Aerten arteko buruz burukoan enfokatuta, Isaac Del Toro atezuan dela.
Azken zuzengunean Pedersenek jo du eta gurpilera itsatsi zaio Van Aert. Azken metroetan flandriarra ahalegindu da gurpila sartzen bere arerioari, baina nahi eta ezin aritu da Vismako txirrindularia, Pedersen Giro honetako izarrik distiratsuenetakoa izaten ari baita.
Trevisotik Esloveniako Nova Goricara bidean etapa laua izango du Giroak zapatu honetan. Gauzak ondo, esprinterako beste aukera bat izango du tropelak. Orduan ere ez da aurreneko postuetatik urruti ibiliko Mads Pedersen bera ere.

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

