
Pare bat hamarraldi baino gehiago dira Euskal Herriko mendizaleek Himalaiako eta Karakorumeko zortzimilakoetan izan zuten tiradizoa erabat apaldu zenetik. Agerraldi sutsu horren azken fasean, oro har, euskal mendizale profesionalek erraldoi horiek helburu izan zituzten. Tartean, bisitaren batzuk, eta kito.
Azken urteotan, berriz, badirudi Uxue Murolas eta Ignacio Barrio hutsune luze hori betetzera etorri direla. Bederen, bi nafarrok bidaia bat baino gehiago egin dituzte. Horietako batzuetan arrakasta izan dute; besteetan, aldiz, etxera esku hutsik itzuli dira. Baina argi eta garbi dute zortzimilakoak igotzeko grina erabat sendotuta dutela.
Eta hori erakutsi dute Makalura (8.485 m, Himalaia) egin berri duten espedizioan. Gainera, zortzimilako hori igotzeko aukera izan dute. Hain zuzen ere, maiatzaren 10ean zapaldu zuten tontorra. Dagoeneko, Murolasek hiru ditu: Manaslu, Lhotse eta Makalu. Hirukote horrekin zortzimilako gehien dituen Nafarroako emakumea bihurtu da. Orain arte, Blanca Ardanazek zuen ohore hori: Broad Peak 2007an eta Makalu 2008an. Barrioren zerrendak lau jasotzen ditu: Manaslu, Lhotse, Cho Oyu eta Makalu.
Azken espedizioari dagokionez, Iruñean bertan Miguel Indurain Fundazioko babesleekin batera eskainitako agerraldian, bi mendizaleok baieztatu zuten Makalun zortea izan zutela, besteak beste, klimarekin: «Oro har, den-dena bikain atera zitzaigun. Girora egokitzeko fasean, kanpalekuak antolatzeko garaian zein gailurreko erasoan eguraldia erabat lagun izan genuen. Eta hori ez da batere normala».
Sufrimendu asko
Hala eta guztiz ere, Murolasek eta Barriok diote azken kanpalekua eta gailurra lotzen duen bidean asko sufritu zutela: «Hirugarren kanpalekua 7.500 metrora kokatuta genuen. Eguzkia egiten zuen, baina tenperatura oso hotza zen. Zehazki esanda, muturrekoa: -28º. Sentsazio termikoa, berriz: -40º. Baldintza horiengatik asko kosta zitzaigun tontorra zapaltzea: hamabi orduko lan eskerga izan zen! Lehen helburua beteta genuen, baina oraindik jaitsiera falta zen. Beste sei ordu egin genituen hirugarren kanpalekura heltzeko. Jaitsiera hori oso gogorra izan zen; elur biguna aurkitzeaz gain, momentu batzuetan aztarna desagertzen zen. Kanpaleku nagusira iritsi arte, ezin izan genuen presioa gainetik kendu».
Gogoratu behar dugu, aurreko espedizioetan bezala, Makaluko honetan ere bi nafarrok ez zutela oxigeno artifizialik eta mendiko langileen eta gidarien laguntzarik izan.
Agerraldi horretan, bi mendizaleok argi utzi zuten zortzimilako gehiago igotzeko asmoa dutela: «Makaluko gailurra orain dela gutxi erdietsi dugu, eta dagoeneko hurrengo zortzimilakoa zein izango den aztertzen ari gara».
Bi nafarrok Miguel Indurain Fundazioaren laguntza izan dute. Aurretik bazuten beste proiektu oso handi bat: munduko hiru zortzimilako garaienak hiru urtean igotzea. Hots, Everest, K2 eta Kangchenjunga. Iaz, azken zortzimilako horretan ekinaldi on bat egin zuten, baina tontorretik 200 metrora geratu ziren. Proiektu horren barne aurten K2 zuten, eta datorren urtean Everest. Baina asmoz aldatu dute. Makalu izan da azkena, baina argi dago zortzimilakoekin duten loturak ez duela etenik izango.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas
