Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Euskarazko prosari buruzko kritika bat dakar Altonagak, eleberri beltz baten gisan idatzia

Kepa Altonaga Sustatxaren saiakera berria aurkeztu du Pamielak: ‘Patrizioak eta plebeioak. Gure prosaren emergentzian’. Idazleak kritika bat edo proposamen bat egiten du euskarazko prosaz. Berezitasuna da nola korritzen duen testuak, zenbat pista gurutzatzen diren, detektibe nobela bat bailitzan.

Kepa Altonaga idazlea, bere saiakera berria aurkezten, asteazken honetan Donostian.
Kepa Altonaga idazlea, bere saiakera berria aurkezten, asteazken honetan Donostian. (Maialen ANDRES | FOKU)

‘Patrizioak eta plebeioak. Gure prosaren emergentzian’ saiakera plazaratu du Kepa Altonaga Sustatxak Pamiela argitaletxearekin. Lander Majuelo editoreak eleberri beltz batekin konparatu du biologo, EHUko irakasle eta idazleak osatu duen lana. «Udarako aproposa da, saiogintza ekartzen duelako dibulgazio sozialera. Oso gustura irakurtzen da».

Egileak euskarazko prosaren garapen historikoaren hurbilpen bat egin nahi izan du. Hortik abiatuta zenbait ondoriotara iritsi da. Bere ustez, ezinbestekoa da kontua mahai gainean jartzea eta «esplizituki ezagutaraztea bizi dugun desorientazio egoera negargarria, zuzendu ahal izateko».

«Gure gaurko prosaren argi-ilunen inguruko gogoeta suspertu nahi dut, era kritiko batean, ohiko autokonplazentzia saihestuta», adierazi du.

Euskal ilustratuen ekarpen «nulua»

Aspaldikoa du kezka hori, lehen ere landu izan du liburuetan. Oraingoan, «gure prosaren emergentzia-prozesuaren sei unetara» hurbildu da. Atal batean, Peñaflorida kondearen ingururaino hurreratu da, goi mailako kontuak esateko euskararik ez zegoen garaira. Baieztatzen duenez, «nulua izan zen Peñafloridaren ekarpena gure letretara, gainerako euskal ilustratuena bezala».

Axularrengana ere hurbildu da, bere une distirante hura aipatzeko, oroitzeko ere momentu batean dinamika diglosiko bat sartu zela, euskara-latina, euskara-frantsesa-latina, eta maldan behera joan zela guztiz euskarazko prosa. «Ordurako frantsesa zen kulturarako giltza eta bidea. Euskarazko testuak euskara besterik ez zekiten behe-mailako herritarrentzat ziren».

Beste kapitulu batean, Joan Antonio Mogelen ‘Peru Abarka’ aipatzen du. «Obra ez dago pentsatuta Bizkaiko plebearentzat, pentsatuta dago ilustratuentzako idazlan didaktibo modura, Mogelek euskara irakatsi nahi dielako orduko apaizei, beren pastoralgintzan euskara hobe batekin emaitza hobeak eduki ditzatzen. Baina beren benetako hizkuntza erdara da. Mogelek bere erabilera propiorako ez zuen ohar ziztrintxo bat bera ere utzi euskaraz».

‘The Oña Connection’

Laugarren kapitulutik aurrera ‘The Oña Connection’ agertzen da. «Burgosko herri honetan eduki zuten jesuitek unibertsitate bat, monastegi moduan erabilia. Han egosi zuten kulturarako euskara bat». Jose Ignazio Arana jesuitak, adibidez, «dialektoen anabasa erregistratzeari kontra» egiten dio, «gainerako herri zibilizatuen antzera, beste hizkera bat» defendatuz prosa garatu ahal izateko. Une batean bere egunkari pertsonala euskaraz idazten hasi zen. Jose Migel Barandiaranek, ordea, erdaraz idatzi zituen.

Lauaxetak, Orixek, Zaitegik eta beste idazle batzuek ahaleginak egin zituzten euskara dotore bat egiteko. Baina Bernardo Atxagak berak poeta poloniar gisa aurkezten digu Lauaxeta, esanez ez dagoela ulertzerik. «Horren inguruan egosi zen eremu linguistikoa ez da praktikablea. Lafitek berak ere esan zuen Sofokles bat errazago ulertzen dela jatorrizko grezieran eta ez Zaitegik egin zion euskarazko itzulpenean. Prosa bat nahi badugu horretarako hizkuntza bat beharko dugu», nabarmendu du Altonagak.

‘Purismo erremanentea’

Gaur egun, «purismo erremanentea» bizi dugula uste du. Zientzialaria izaki, adibide batekin azaldu du: «Sumendietatik laba ateratzen denean laba horrek partikula bolkanikoak ekartzen ditu eta momentuaren magnetismoaren arabera hozten denean hor gelditzen da markatuta non dauden partikula horiek. Hori da magnetismo erremanentea. Purismo erremanentea antzekoa da, uste dugu ez dugula halakorik, baina konturatu gabe lehenagoko historia horren marka daukagu. Askotan, konturatu gabe, puristak gara».

Agertu duenez, «lexikoaren purismoa baino askozaz ere kezkagarriagoa izan daiteke purismo sintaktikoa, ziklo arturikora eramaten gaituena». Ziklo arturikoan hala osatzen ziren testuak, esan duenez: ‘Eta... eta... eta, baina... baina... baina...’. «Hizkuntza batzuetan hori aspaldi gainditu zen. Baina euskaraz, XX. mendetik aurrera eta gaur egun testuetan ikusten dena da erregresio horretan guztiz murgilduta gaudela ziklo arturiko horretarantz, gero eta sinpleago».

Makina bat lagun aipatu ditu aurkezpenean: Aita Villasante, Koldo Mitxelena, Joseba Intxausti, Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi... «Virginia Wolf ere ekarri nahi dut, itzulita daukagu, zelan liburuan diot».

Prosa eredu homologarri bat

Prosaren tradizio sendo bat osatu beharraz mintzo zen Villasante. Autore klasikoen ezinbestekotasunaz. Kepa Altonagak aldarrikatu duenez, prosa eredu homologarri bat eraiki behar dugu, ez prosa arturiko bat. Lertxundiren hitzetan, «hori ezinezko bihurtzen digu balizko esentziak eraikitako tabuak».

«Purismo erremanentearen kontra inmunizatu beharrean gara, hori ezereztu beharrean gaude. Horretarako lehenago konturatu behar gara puristak garela. Gauza bat da purista izatea eta beste gauza bat zabarra izatea.

«Gure ignorantzia supinoaren adibide bat» jarri du idazleak. Lotarakoan gurutzegramak egiteko ohitura dauka. «Hasi eta halako batean irakurtzen duzu ‘balea hiltzailea’. ‘Moby Dick’ bururatzen zaizu baina ez da kabitzen. ‘Orka’ da. ‘Balea-hiltzailea’ marrarekin idatzita orka da, baina marrarik gabe, Moby Dick. Marra bat ongi jartzen baduzu ekiboko guztiak saihesten dituzu, baina ez dakizunez non jarri, gaizki-ulertuak sortzen dira».

Kezka eta eztabaida

Lander Majuelo Pamielako editoreak galderen txanda zabaldu du eta kezka badagoela sumatu da. Egoera zehatzetatik sortzen den kezka, galdera teorikoetatik harago. «Belaunaldi bakoitzak berriz arazo berarekin egiten du talka. Eztabaidatu behar da, eztabaida ongi etorria izan behar da», defendatu du Majuelok.

«Ados. Baina kanon argi bat behar dugu jakiteko noiz datorren transgresioa. Ez badakigu kanona zein den ez dakigu transgresioa non dagoen», erantzun dio Altonagak.

«Zaila da hizkuntza gutxituetan kanon bat ezartzea, egoera ere ez delako normalizatua», segitu du editoreak.

«Gutxienez jakitun egon behar dugu, inkontzientzia supino honetan egon beharrean», errematatu du idazleak.