Demokraziaren berrikuntza: nola pentsatu «guretik»?

Arantzazulabek eta EHUk antolatuta, «Demokraziaren berrikuntza» uda ikastaroa egin dute. Teoria eta esperientzia uztartuz, hizlariek herritarren asanbladak antolatzea, misioetan oinarritutako lankidetza proiektuak egitea eta teknologien bidez parte hartzeko aukerak biderkatzea proposatu zuten.

Demokrazia berritzea. Horixe da Arantzazulaben helburu nagusietakoa, demokrazia «garaiko erronketara egokitzeko, etengabean garatzeko eta indartzeko» asmoz. «Une kezkagarria» bizi dugulakoan, horretan ahalegindu ziren iragan asteazkenean ere, EHUrekin batera antolatutako uda ikastaroan. Arantzazuko Gandiaga Topagunean nazioarteko zein Euskal Herriko begiradak uztartu zituzten, eta «demokraziaren berrikuntzan eta gobernantzaren eraldaketan jauzi kualitatiboak egiteko gako batzuk jasotzen» saiatu ziren. GARA bertan izan zen eta horietako batzuk bildu ditu.

Hiritarrak legegile

Helene Landemorek hitz egin zuen aurrena. Ameriketako Estatu Batuetako Yale Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da, eta ordezkaritza bidezko demokraziak dituen mugez aritu zen. Berak esandakoaren arabera, eredu horretan elite batzuk aukeratzen dira, «gizartea bere osotasunean ordezkatzen ez dutenak». Gainera, «irabaztea da xedea eta polarizazioa sortzen da». Horren froga, bere hitzetan, legebiltzarretan askotan ez dute elkar entzuten; antzeztu egiten da eta argudioak bihurritu egiten dira.

Horren aurrean, Jurgen Habermasen obran oinarrituz, demokrazia deliberatiboaren aldeko apustua egin zuen: «Legeak legitimoak izango dira, baldin eta komunitateko kideen deliberazio prozesuaren ordaina badira». Bere ustez, deliberazio prozesuetan ez dago elkarri entzungor egiterik: «Deliberazioak justifikatua izan behar du; elkarri azaldu egin behar zaio zergatik egiten den bataren edo bestearen alde». Landemoren hitzetan, azken finean, horixe baita deliberazioa: «Argudio eta justifikazioak partekatzea».

Bide horretan, «hiritarrak legegile» egin daitezen aldarrikatu zuen, «denek zentroan eragiteko gaitasun bera izatea». Horretarako, legebiltzarrak zozketa bidez aukeratutako herritarren asanbladekin osatzeko proposamena egin zuen. Nolanahi ere, izandako esperientziak kontuan hartuta, artikulazio hori zaila dela gogorarazi zuen: «Boterean daudenek errezelo handiak izaten dituzte agente politiko berriekiko, baita horiei boterea uzteari dagokionez ere».

Tokian tokiko diseinua

Erresuma Batuko Warwick Unibertsitateko Michael Saward ikerlariak hartu zion lekukoa. Honek demokraziaren diseinuaren erronkei heldu zien: «Demokrazia nola diseinatu behar da? Eta diseinu hori nola egin demokratikoki?».

Hasteko, demokrazia kontzeptua bera izan zuen hizpide. Bere ustez, ez da sakondu, defendatu edota berrindartu behar den egitate bat. Halakoetan «hor dagoen zerbait dela ematen da aditzera». Sawarden iritziz, baina, «demokraziak eta auzi politikoek ez dute amaierarik: prozesu historikoa da, etengabe hobetu daitekeena». Ondorioz, bere hitzetan, demokrazia egiteke dagoen gauzatzat hartu behar da: «Berrasmatua izan behar da, defendatuko bada».

Berrasmatze horretan, bere ustez, alferrik da abstraktuki eztabaidatzea. Demokraziaren eredu ezberdinak badaude ere (parte hartzailea, deliberatiboa, liberala, zuzena…), demokraziaren auzia «eredu jakin batzuen existentzia baino askoz konplexuagoa eta zailagoa da». Ikerlariaren aburuz, eredu horiek «ez dira demokratikoagoak edo antidemokratikoagoak, baizik eta demokrazia eredu ezberdinak». Ondorioz, Sawarden ustez, bata edo bestea aukeratu beharrean, eredu ezberdinetatik «baliagarriak diren elementuak» hautatzea da gakoa.

Eta hori testuinguru zehatzetara egokitu behar da. Gaitzetsi zuen askotan demokraziaren teoriak oso «deskontestualizatuak» izaten direla. Gainera, bere irudiko, «Estatu-nazio zentralizatuetan pentsatzen da, ez herritarrengandik gertuago egongo diren instituzioen arabera. Ez da deszentralizazioa aipatzen». Hori kontuan izanik, galderak tokian-tokian berregiteko gonbita egin zuen: «Zer esan nahi du demokraziak Euskal Herrian? Zeintzuk dira Euskal Herriko osagai kulturalak, eta, horren arabera, nolako eredua sortu behar da?».

«Guretik»

Ikastaroaren bigarren zatian, hain zuzen, galdera horri erantzuten saiatu ziren: «Zein izan daiteke guretik ekarpena?». Erakundeen estrategiak eta esperientziak partekatu ostean, Arantzazulabek sustatutako Ikerketako eta Esperimentazioko egitasmoen arduradunak jarri zituzten solasean: Mondragon Unibertsitateko Andoni Eizagirre, Deliberativako Arantxa Mendiharat, Marakako Eider Aldape, Farapiko eta Kosorkuntza Ekosistemako Maria Ajuria eta “Demokrazia aro digitalean” ikerketa egiten ari den Beatriz Belmonte.

Azaldu zutenez, egitasmo horietan hipotesi partekatu batetik abiatu dira: «Demokrazia, guztiok ahotan erabiliagatik, ezberdin ulertzen dugu». Hori kontuan izanik, demokraziaren inguruko gogoeta eta ikerketa izan da egitekoetako bat. Eizagirre da horretan arituetako bat, eta emaitzen artean honakoa azpimarratu zuen: Euskal Herrian «demokraziaren legitimitatea altua, orokorra eta iraunkorra da denboran. Eta orokorra izateak esan nahi du gazteetan eta, zehazki, gizonezko gazteetan ere badela». Bere iritziz, kezkatzeko aldagaiak badiren arren, hori argi utzi behar da, «bestela nahasmena sortzen ari gara».

Mendiharatek zenbait herritan egindako herritarren asanbladak izan zituen mintzagai. Bere ustez, halakoak garrantzitsuak dira, «gobernantza inklusiboa sustatzen dutelako, alderdi anitzen babesa bilatzen dutelako, prozesu elektoraletan eta abarretan egoten ez diren ahotsak gehitzen direlako, informazioa anitza delako, eta instituzioekiko eta prozesuekiko konfiantza sortzen dutelako». Bere esanetan, alde anitzeko eragina daukate: politika publikoetan, kontzientzietan, eztabaida publikoan... azken finean,«halako prozesuek sistema demokratikoa bere osotasunean birpentsatzeko aukera ematen dute». Ondorioz, prozedura horiek instituzionalizatu egin behar direla esan zuen, Arantzazulab horretan ari dela jakinaraziz.

Aldapek, Mariana Mazzucato iturri hartuta, misioetan oinarritutako berrikuntzaren alde egin zuen: «Mazzucatok aipatzen du XXI. mendeko erronka konplexuei XX. mendeko egiturekin ari garela aurre egiten, eta hori egitea zaila da». Horren aurrean, bere ustez, «epe luzerako misioak definitu behar dira, motibagarriak, behetik gora sortuak…». Nolanahi ere, ohartarazi zuenez, hori izaten da «politena eta errazena», hortik aurrera hasten dira kontu eta komeriak. Aldaperen esanetan, «misio horiek lortzeko lankidetza proiektuak» abiatzea da gakoa, eraldaketak esparru ezberdinak blaitu ditzan.

Ajuriak «kosorkuntza ekosistemaren» potentzialak azaldu zituen. Izenak berak dioen bezala, horren helburua «ezagutzak eta proiektuak konektatzea da». Bere iritziz, «askotan nahiko atomizatuta egiten dugu lan eta konexio horiek egiteko aukera gutxi izaten dira». Halaber, «joera indibidualista eta lehiakorrek» sekulako pisua dute. Horren aurrean, honakoa «elkarlanerako espazio bat» dela azpimarratu zuen, esperimentazioaren bitartez eredu berriak berrasmatzeko balio dezakeena.

Belmontek, azkenik, teknologiek eskaintzen dituzten aukerak jorratu zituen. Bere ustez, batetik, «kolektibo berrien irisgarritasuna eta inklusioa erraztu dezake». Jakitun da arrakala digitala egon badagoela, baina horiek murrizteko bideak ireki ditzaketela uste du. Adibidez, ahotsaren bidez parte hartzeko aukera eskainiz edo idazketan lagunduz. Bestetik, teknologia berriek «eskala biderkatzeko aukera» ere sortzen dutela argudiatu zuen. Esaterako, Hego Korean 180.000 iritzitik gora era azkarrean prozesatzeko gai izan dira berriki.

Gogoetarako galderak

Eta aurrerantzean zer? «Egiten jarraitzeko» peskizan, galdera eta erronka sorta bat mahaigaineratu zuten hizlariek: «Lankidetza zertarako egin nahi dugu? Zein rol eta funtzio behar ditugu? Koordinazioa nola hobetu daiteke?»; horiek Ajuriak jaurtitako galderak; «Nola gonbidatu daitezke normalean parte hartzen ez dutenak?», bota zuen Aldapek; «Demokraziak badauzka berezkoak diren balio batzuk, beste sistema batzuek ez dauzkatenak? Ala demokrazia ona da, nire helburuak lortzeko balio baldin badu?», Eizagirrek; «Instituzioek gertutasuna bilatzen dute, baina nola bermatu daiteke kritikarako autonomia?», planteatu zuen Mendiharatek; «Zein eratako instituzioak eta burokrazia behar dira teknologia berri horiek demokraziaren berrikuntzarako bidea izan daitezen?», Belmontek.

Ondorengo bazkari eta saioetan segitu zuen hausnarketak.