NAIZ

Gaztetxe eta gazte asanbladen arteko harremanak sustatzeko ‘TindEHEr‘ sortu dute

Euskal Herrian Euskarazek eta Gazte Euskaltzaleen Sareak proiektu baten berri eman dute ostegun arratsalde honetan Hendaian: ‘TindEHEr’. Euskal Herriko eskualde eta egoera soziolinguistiko ezberdinetako gazte mugimenduak elkartzea helburu du proiektuak. Izen ematea zabalik dago jada.

TindEHEr egitasmoaren aurkezpena.
TindEHEr egitasmoaren aurkezpena. (Guillaume FAUVEAU)

‘TindEHEr’ proiektua aurkeztu dute ostegun arratsalde honetan Hendaian Euskal Herrian Euskarazek eta Gazte Euskaltzaleen Sareak. Izenak bestelakorik iradoki badezake ere, argitu dute gaztetxe, gazte asanblada, gazte mugimendu eta bestelako gazte talde eraldatzaileen artean «harreman informalak» sortzen laguntzeko «euskaratik eta euskaraz» eraikitako proiektua dela.

Azken urteetako «euskararen ustezko normalizazio» baten diskurtsoa zabaldu dela adierazi dute, «eta gazterian, zehazki, hizkuntza eta nazio auzien inguruan despolitizazio-joera nabarmena eman da aldi berean». Horrek, Euskal Herriaren iruditegiaren eta gizarteak duen ezagutzan «eragin bortitzak» dakartzala azpimarratu dute, eta eskualde ezberdinen arteko harremanetan zein loturetan ondorioak dakartzala, «bereziki, Iparraldearen eta Hegoaldearen artean».

Testuinguru horretan sortu da ‘TindEHer’: «Gazteria euskaldunarengan eta, lehenik, gazteria militante antolatuarengan, kontzientzia linguistikoa berpiztea eta lurralde desberdinen arteko harremanak (eta ondorioz, elkar ezagutza, afektuak...) sustatzea beharrezkoa ikusten dugu».

Euskal Herriko gaztetxe edo gazte taldeen arteko «senidetzak» bilatu nahi dituzte aurkeztu berri duten proiektuarekin, «denboran zehar harreman iraunkorrak sortzeko asmoz». Azaldu dute, horretarako bi gazte mugimenduk haien arteko dinamika informala euskaratik eta euskaraz sortzea dela helburua, euskal kultura zabaldu eta hedatzeko asmoz.

Izen ematea zabalik

«Gazte mugimenduen arteko ‘matxak’ sortzerakoan, hurrengo lehentasunezko irizpideak hartuko dira kontutan: Iparraldeko eta Hegoaldeko herrien arteko loturak elikatzea, zabalduta dagoen ikuspegi horri aurre egiteko; eta eremu soziolinguistikoak sortzen duen muga apurtzeko, eremu euskaldunen eta ez hain euskaldunen arteko harremanak elikatzea», argitu dute.

Jadanik 12 gazte taldek baietza eman dutela aurreratu dute: Aretxabaleta, Arrigorriaga, Baiona, Billabona, Busturialdea, Etxarri Aranatz, Getaria, Oñati, Orereta, Plentzia, Portugalete eta Santutxu.  Eta uztailaren 31 bitarte, izen ematea zabaldu dute.