NAIZ

Unai Egiluzek Athleticekin 2028ra arte sinatu eta lehen taldearekin egingo du denboraldiaurrea

Mirandesen denboraldi bikaina bete ostean, Unai Egiluz erdiko atzelariak Athleticeko lehen taldearen fitxa izango du eta denboraldiaurrea Valverderekin egingo du. Duela bi urte, Athleticek gerora irabazi zuen Kopako lehen kanporaketan egin zuen debuta lehoi gisa, UE Rubi taldearen aurka.

Unai Egiluzek 2028ra arte sinatu du Athleticekin.
Unai Egiluzek 2028ra arte sinatu du Athleticekin. (ATHLETIC CLUB)

Athletic Clubek eta Unai Egiluzek akordioa lortu dute bien arteko kontratua 2028ko ekainaren 30era arte luzatzeko. Erdiko atzelariak lehen taldearen fitxa izango du eta Ernesto Valverderen aginduetara egingo du denboraldiaurrea, talde zuri-gorriak sarean argitaratutako ohar batean jakinarazi duenez.

Atzelari durangarrak duela bi urte debutatu zuen jada Athleticekin, taldeak gerora irabazi zuen Koparen lehen kanporaketan, UE Rubi taldearen aurka. Egiluzek, taldekideekin batera, gabarran Bilboko itsasadarra zeharkatu zuen ospakizunetan.

2024ko abuztuan Athleticek Mirandesera bidali zuen, lagata Bigarren Mailan jokatzeko. Denboraldi bikaina burutu zuen talde gaztelarrak, eta Lehen Mailarako igoera lortzeko zorian egon zen.

33 partida ofizial jokatu zituen Mirandesekin. Denboraldiak aurrera egin ahala, errendimendua hobetu eta protagonismoa irabaziz joan zen, taldeko jokalari erabakigarrienetakoa izatera iritsi arte.

Bada, jokalari durangarrak arrakastaz bukatu zuen LaLiga HyperMotion lehiaketan izandako lehen lagapena. Lehenago, Bilbao Athleticetik ere igaro zen, 50 neurketa ofizial jokatuz, eta orain lehen taldeko fitxa izango du.