NAIZ

Bilboko Esperantza pilotalekuak Plazandreak txapelketa trinkoaren finalak jasoko ditu

Zabaleta-Mendizabal eta Ibarrola-Gamindek binaka arituko dira datorren astelehenean eta Aldai eta Erasun, lau eta erdian. Finalak 19.30ean hasiko dira, baina ETBk diferituan emango du 22.20etan.

Plazandreak txapelketako finalistak, ostegun honetan Bilbon.
Plazandreak txapelketako finalistak, ostegun honetan Bilbon. (EMAKUME MASTER CUP)

Lehen mailako ikuskizun batez gozatzeko aukeraren aurrean itxaropentsu ageri dira pilotazaleak eta datorren astelehenean Plazandreak saioren finalean arituko diren pilotariak, orain arte ikusitakoaren ondoren, partida ikaragarri estu eta irekiak espero baitira datorren astelehenerako emakumeen esku pilotan leku berezi bat egin duen Bilbo erdiko pilotaleku ederrean.

Aurtengo Plazandreak saioa motza izan da, baina trinkoa, oso trinkoa eta oraindik onena dastatzeke daukagu. Zabaleta-Mendizabal eta Ibarrola-Gaminde binaka arituko dira eta Aldai eta Erasun, lau eta erdian. Denek merezitako amaiera eman nahi diote emakumeen esku pilota ETB-ko prime timera ekarri duen saio arrakastatsuari. Finalak 19.30ean hasiko dira, baina ETBk diferituan emango du 22.20etan.

Beste pilotaleku industrial handien parean, txikia gera daiteke Bilboko Esperantza pilotalekua, baina bere goxotasun eta neurriekin, emakumeen esku pilotarako aparteko kantxa bat da eta ziur beste betekada bat jasoko duela, finalistei merezitako babesa eta esker ona eskaintzeko. Edukiera bete arte, sarrerak debalde izango dira, beraz, bertaratu nahi dutenek azti ibili beharko dute lehen mailako partida hauek bertatik bertara ikusteko.

Binakako finalak iazko lau finalistetatik hiru bilduko ditu –Amaia Aldai txapelduna kaiolakoan arituko da–, baina aurtengoan Goiuri Zabaletak eta Enara Gamindek elkarren aurka jokatuko dute, leitzarrak Nora Mendizabal iazko irabazlea lagun duela eta Laukizkoak Aizane Ibarrolaren bizkarrak zainduko ditu.

Finalaren mailaz jabetzeko, nahikoa da egungo Buruz Buruko eta Binakako atzelari txapeldunak elkarren aurka arituko direla gogoratzea eta iazko 22-21ekoak ere itxaropentsu izateko arrazoiak ematen ditu. Iaz elkarrekin garaipena lortzerik izan ez bazuten ere, ukaezina da Zabaleta eta Gaminde egungo bi erreferentzia nagusienetakoak direla eta bietatik, partida bere zelaira eramaten asmatzen duenak asko izango du irabazia.

Txapelketa hasieratik bi bikoteak ziren txapelak janzteko faborito nagusienetako eta jokatutako partida guztiak irabazita, pronostikoak goitik behera bete dituzte eta txapelak etxera nork eramango dituen erabakitzea baino ez da falta.

Eta kaiolako finala ez da atzean geratzen. Lau eta Erdiko hiru txapel jantzita, Amaia Aldai inoizko espezialistarik handiena da buruz buruko lehiatan eta azken urte txar baten ostean, berriz ere lehiakor eta garaile sentitzeko bidean inflexio puntu bikain bat izan daiteke Plazandreak saio honetako finala. Ari da dimoztarra ohikoa duen oldarkortasuna eta joko bizia berreskuratzen eta errekuperazioa erabatekoa dela frogatzeko modu bikaina litzateke txapel prestigiotsu hau bururatzea.

Kontua da, parean izango duen Itsaso Erasunek ez diola inolako erraztasunik emango. Atzelaria izanagatik, bikain moldatzen da kaiolako jokora, fisikoki sekulako unean heltzen da finalera eta denboraldi bikain bat borobiltzeko garaipen handi bat bilatuko du. Gipuzkoarra izango da, ziurrenik, azken hilabeteetan bere jokoan garapenik handiena izan duen pilotaria eta oso arriskutsua da edonorentzat. Azken buruz burukoan hirugarren amaitu zuen beste jauzi bat eman nahiko luke. Gaitasunik ez zaio falta.