NAIZ

NBEren txostena «inflexio-puntua» izan behar dela nabarmendu du Egiari Zor fundazioak

Estatu espainolari tortura ikertzea eskatzen dion NBEren txostena «onbideratze demokratiko prozesuari sakonki ekiteko inflexio-puntua» izan behar dela nabarmendu du Egiari Zor fundazioak.

Guardia Zibilak Jesus Mari Markiegi duela 50 urte hil egin zuela gogoratzeko Egiar Zor-ek Gasteizen maiatzean egindako ekitaldia.
Guardia Zibilak Jesus Mari Markiegi duela 50 urte hil egin zuela gogoratzeko Egiar Zor-ek Gasteizen maiatzean egindako ekitaldia. (Endika PORTILLO | FOKU)

Estatu espainolean torturak duen inpunitatea agerian uzten duen Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordearen txostena «inflexio-puntua izan behar da, Espainiako Estatuaren baitan onbideratze demokratiko prozesuari sakonki ekiteko», Egiari Zor fundazioak nabarmendu duenez.

«Baina baita Euskal Herrian ere, non Ertzaintzaren esku 300 tortura kasu baino gehiago erregistratu diren, arduradunentzat inolako ondoriorik izan gabe», gaineratzen du.

«Onbideratze demokratikoa, estatu-bortxaren biktimok jasaten dugun diskriminazioarekin amaitzeko, itxuragabetzen gaituen ukazioarekin bukatzeko eta egileek duten inpunitateari amaiera emateko; bertan behera utzi beharreko funtsezko elementua da inpunitatea, hori guztia berriro ez dela errepikatuko bermatzen duen bizikidetza-esparruaren alde egin nahi badugu», aldarrikatu du Egiari Zor fundazioak.

Urtetako salaketa berretsi

Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordearen txostenean azaltzen diren iritzi eta gomendioen «irmotasuna» azpimarratu du. «Txosten horrek berretsi egiten du azken urteotan elkarte memorialistek eta Estatuaren bortxaren biktimen elkarteek gizarte zibiletik egiten ari garen eskaerek legitimitate osoa dutela eta eskakizun hauek nazioarteko babesa ere badutela», adierazi du.

NBEren txostenak GEBehatokiak bidalitako aurretiazko txostenean jasotako aspektu gehienak biltzen dituela azpimarratu du. «Horrek erakusten du erakunde honek Nazio Batuen aurrean egindako lan serio eta iraunkorrak ahalbidetu duela gai horiek Batzordeak egindako ondorio eta gomendioen artean jasotzea».

«Pozgarria eta itxaropentsua»

«Egiari Zor fundazioarentzat, halaber, oso pozgarriak eta itxaropentsuak dira Batzordeak tortura delituari buruz egiten dituen iritzi eta gomendio guztiak; Espainiako ordenamendu juridikoan definizio desegokia duen delitua dela dio, eta ezartzen duen preskribatzeko epeak, inpunitatea ahalbidetu dezakeela», esan du.

Batzordeak berak Estatu espainolak dokumentatutako 5.000 tortura kasuen inguruan ikertu ez izana salatzen duela gogoratzen du Egiari Zor fundazioak. Txosten horiek «tiradera batean» ez mantentzeko deia egin du. «Txosten horiek, askotan adierazi dugun bezala, zenbakiak ez ezik, zigorgabetasun osoz egindako krimenak ere jasotzen dituzte», gaineratu du.

Gauzak horrela, dei egin die botere publikoei, erakundeei eta alderdi politikoei txosten hau bere egin dezaten eta ematen dituen gomendio guztiak lehenbailehen errealitate bilakatzeko.