«Ikasketen errutinan murgilduta, ez nuen planteatzen profesional izatea»
Oriako Txirrindulari Eskolan hasi ondoren, Unai Zubeldia Laboral Kutxan sartu zen, Euskaltel-Euskadira salto egiteko. Bi urte daramatza bertan eta zenbait garaipenen artean 2023an Santikutz Klasikoa aipatu behar da. Kirolaz gain, Unibertsitateko azken proba egin eta ikasketak burutu ditu.
«Ikasteten errutinan murgilduta, ez nintzen planteatzen profesional izatea»

Egindako lan eta ahaleginak emandako fruituekin gustura dabil Unai Zubeldia (Ibarra, 2003). Uztailaren 7an, San Fermin egunean, hain zuzen, 22 urte beteta, Business Data Analytics izena duen gradua amaitu du berriki. Beraz, lasai asko jarrai diezaioke gertutik Tourraren emankizunari, NAIZ Irratian egin duen bezala.
Zure ikasle etapak datuekin, enpresa giroarekin, errealitate askorekin du lotura.
Txikitatik izan dut datuen eta teknologiaren munduarekiko pasioa, eta adimen artifizialarekin lotutako ikasketa hauek abiarazi nituen. Azken urteetan uste dut baieztatu dudala tendentzia hau, adimen artifiziala gero eta presentzia handiagoa izaten ari dela gure gizartean, eta, beraz, asmatu egin nuen ikasketekin.
Txirrindularitzan ordu asko sartu behar dira eta zuk lortu duzu biak uztartzea eta kudeatzea.
Bai, bai. Hor aritu naiz batak besteari lapurtzen pixka bat, baina oreka bilatuz betiere. Zorionez, bai Unibertsitateak, bai taldeak beti lagundu izan didate. Horri esker lortu dut nolabait ondo uztartzea.
Gaur egun ziklismoan dantzan dabilzkigun datu horiek guztiak –wattak, kiloak, koefiziente aerodinamikoa...– noizbait jarri al dituzu analisipean eta gustuko al dituzu?
Izenari dagokionez, arlo erabat tekniko bat landu beharrean, saiatzen dira enpresa ikuspuntu hori ematen, burbuila tekniko horretan egon beharrean zuk ere enpresa arazoak eta jarduna presente izaten. Ziklismoari dagokionez, kristoren potentziala dago. Azken urteetan asko ari da plazaratzen potentzial hori. Ikusten ari gara nola entrenamenduak fintzen ari diren datuei esker; aerodinamikak izugarrizko garrantzia du; kasik lasterketatik lasterketara aurrerapen aerodinamikoa ikusten ari gara, eta hori dena datuekin eraikitzen da.
Zure kirol ibilbideari eutsita, bigarren denboraldia duzu Euskaltel-Euskadin. Nolakoa ari da izaten esperientzia?
Esperientzia asko eta oso politak. 23 urtez azpiko kategorian aukera izan nuen Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo lehiatzeko. Izan nintzen 23 urtez azpiko Giroan, baina urte hauetan beste dimentsio bat hartu du horrek denak: Europa guztian izan naiz eta, adibidez, debuta egin nuen Saudi Arabian, Turkian egon naiz... Pentsa zenbat esperientzia eta ze desberdinak.
Korritzeko moduak asko aldatzen al dira herrialde batetik bestera?
Herrialde batetik bestera eta kategoria batetik bestera ere bai. 23 urtez azpiko mailan ez dago hain talde antolatu eta indartsurik; beraz, lasterketak askoz ere eroagoak eta deskontrolatuagoak izaten dira. Profesionaletan, berriz, ihesaldi asko garesti saldu dira, baina gero, behin lasterketan, gidoia asko errespetatzen da; pelotoian talde batek ardura hartu eta hor joaten gara, eta azkeneko orduan topera lehiatzen da.
Azken urteetan ikusten ari gara nola taldeak entrenamenduak fintzen ari diren, datuei esker. Aerodinamikak izugarrizko garrantzia du.
Esaten da gero eta garestiago dagoela profesionaletarako jauzi hori. Zuk sumatzen al zenuen, ematen ari zinen mailarekin, hurrengo denboraldian profesionaletan lekutxo bat izan zenezakeela?
Egia esan, ez. Nik nire errutina nuen: igandero kotxea hartu, Bilboko ikasle pisuan astea pasa, eta asteburuetan lasterketak izaten genituen. Errutina horretan murgilduta, ez nuen planteatzen profesional izatea. Ikusten nuen taldean bertan apustu egiten zuen jendeak beste gauza askori uko egin eta egun guztia horretara dedikatzen zuela. Ni nire errutina horretan sartuta nengoen, ikusten nuen pausoak ematen ari nintzela, ondo ibiltzen ari nintzela, baina ez nuen inoiz helburu hori jarri.
Aurten Frantzian, Portugalen eta Turkian ibili zara; etxean Miguel Indurain Sari Nagusian... Nola doa denboraldiaren lehen zati hau?
Neguan lan asko egin nuen denboraldi hau ondo prestatzeko, eta otsailean debutatzera nindoala, Valentziako Itzulia nuen helburu, gripe batek fuerte jo eta denboraldi hasieran nuen pedal kolpe hori galdu egin nuen. Gero, berriz ere erritmoa hartuta, Turkiako Itzulian bronkitis bat pasa nuen eta, beraz, ez zaizkit gauzak oso ondo atera oraingoz.
Horrelako momentuak nola barneratzen dira?
Burua hotz eduki behar da, baina zuk zeure buruari presio bat jartzen diozu. Hainbesteko lana eta sakrifizioa eta gaixotasun bategatik... ez diozu zukua ateratzen horri, eta ez da erraza izaten ondo eramatea.
Duela gutxi altuerako kontzentrazio bat egin duzu. Lehen aldia al zen?
Orain arte ikasketekin ez nuen inolaz astirik aste pare bat etxetik kanpo pasatzeko. Orain, gradu amaierako lana entregatuta, tartetxo hori eduki dut eta Sierra Nevadan eta Andorran izan naiz pixka bat esperimentatzen.
Eta zer moduz?
Oso ondo eta oso gustura. Sierra Nevadan nire taldekide Mikel Bizkarrarekin egoteko zortea eduki nuen, beterano bat eta oso pertsona ona. Pila bat ikasi ahal izan dut.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
