NAIZ

Abiadura handia baztertu eta egungo sarea berritzeko eskatu dute Baiona eta Bordeleko alkateek

Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etchegarayk eta Bordeleko alkate Pierre Humic-ek gutuna idatzi diote frantziar Garraio ministroari, Bordele eta Hendaia arteko trenbide sarea modernizatu eta abiadura handiko linearen proiektua bazter dezatela eskatzeko.

Abiadura Handiko Trenaren aurkako kartela, Saint Jory herrian.
Abiadura Handiko Trenaren aurkako kartela, Saint Jory herrian. (Antoine BERLIOZ | Hans Lucas via AFP)

Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etchegarayk eta Bordeleko alkate Pierre Humic-ek gutuna igorri diote frantziar Garraio ministro Philippe Tabaroti, Hego Mendebaldeko Trenbide Egitasmo Handiaren (LNSO) inguruan dagoen ziurgabetasuna dela-eta beren hausnarketa helarazi eta zenbait eskaera egiteko.

Mediabaskek jaso duen eta uztailaren 31ko data duen gutunean, bi alkateok «luzaroan itxarondako eta beharrezkoa den Bordele eta espainiar mugaren arteko trenbide konexioaz» galdegiten diote ministroari eta, ildo horretan, abiadura handiko trenaren proiektu «garesti eta zaharkitua» baztertzeko eskatzen diote frantziar Gobernuari. Horren ordez, Bordele eta Hendaia arteko egungo trenbide sarea modernizatzearen aldeko apustua berresten dute.

«Ia 20 urtez, Frantziak nahita blokeatu du beste edozein konexio modu eta jada pasatako garai baterako abiadura handiko linea baten ilusioari eutsi dio», deitoratu dute Etchegarayk eta Humicek. Horrekin batera, gogoratu dute LNSO proiektua, 2020an 14.000 milioi euroko balioa zuena, ez zela aukeratua izan Europa Konektatu Mekanismoaren (CEF) finantziazioa jasotzeko 2024/25eko deialdian. Babes falta horrek, alkateen arabera, ezbaian jartzen ditu Europako Batasunetik aurreikusten diren 2.800 milioiak, batez ere 2028 aurretik ez dagoelako aurreikusita beste deialdirik.

Errealitate horren aurrean, bi auzapezek Bordele eta Hendaia arteko trenbide sarea berritzearen alde egin dute, Estatu espainiarrarekin «benetako konexioa» bermatzeko. ‘Ambition France Transports’ konferentziaren ondorioak hartzen dituzte oinarritzat hautu hori babesteko, izan ere, bertan berretsi zen trenbide sarearen egoera kritikoa dela eta inbertsio handiak eta jasangarriak behar direla berau birgaitzeko.

Europar eta espainiar legea betetzeko, Baiona eta Bordeleko agintariek azpiegitura modernizatzeko eskatzen dute, trenek orduko 220 eta 250 kilometro arteko abiadura har dezatela ahalbidetzeko. Diotenez, dagoeneko orduko 300 kilometrotik gorako abiadura errekorrak lortu dira.

Etchegarayk eta Humicek gogoratu dute 2023an Akitania Berriko 634 hautetsik, horien artean alkate eta parlamentariak, Bordele-Hendaia trenbidearen modernizazioaren aldeko deia egin zuten. Horretaz gain, Girondako sei senatarietatik bostek Europako Batzordeari idatzi zioten «klima, biodibertsitate eta lurraldeentzako kaltegarria den proiektu kolosala» salatzeko.

Horren aurrean, gutunaren bi sinatzaileek argudiatzen dute trenbide sarea berritzeak zerbitzu hobea eskainiko liokeela eskualdeari, ingurumen inpaktua txikiagoa izango dela eta egitasmoa gauzatzea azkarragoa eta merkeagoa izango dela. Halaber, Estatu frantsesak espainiarrarekin eta Europarekin hartutako konpromisoak betetzeko, abiadura handiko linearen estrategia birpentsatu eta mugaz gaindiko kooperazioari bizkarra ez emateko galdegiten diote Parisi.