Asier Aiestaran
Kazetaria

Denboraldiko garaipenik argiena sinatu du Arraun Lagunakek Hondarribian

Aurreko igandean Castron izandako gora-beherak gainditzeko amorruz, donostiarrek sekulako estropada egin dute eta tarte handiak sartu dizkiete aurkariei. Tolosaldeak hainbestean eutsi dio erauntsiari, baina Oriok bosgarren amaitu du, 31 segundora.

Arraun Lagunak, ziabogan.
Arraun Lagunak, ziabogan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Donostia Arraun Lagunakek denboraldiko garaipenik argiena eskuratu du Hondarribian, Txingudiko XVII. Bandera nagusitasun handiz bereganatuz. Donostiarrek 16 segundoko aldea atera diete bigarren izan diren tolosarrei.

Lehen txandan gora-behera handıak izan dira. Joaneko luzean, Zumaia izan da azkarrena, laugarren kaletik. Haizeak mendebaldetik jotzen zuela kontuan hartuta, ez da ezusteko handiegia izan. Astillerok, 6 segundora, eta Donostiarrak, 14ra, asko sufritu dute lehen eta bigarren kaleetan.

Baina itzulerako txandan egoera goitik behera aldatu da. Astillerok eta Donostiarrak hegan egin dute bigarren erdi horretan eta aurkari zuzenei aurre hartzea lortu dute. Astillerok txandako garaipena eskuratu du Zumaiari segundo bateko tartea sartuz, eta Donostiarrak Hondarribia atzean utzi du 10 ehuneneko tartetxoarekin –epaileek adi errepasatu behar izan dute video-finisha–.

Bigarren txandan, Tolosaldeak bigarren kaletik egin du arraun, Arraun Lagunakek hirugarrenetik eta Oriok laugarrenetik, hasiera batean onena zela pentsa zitekeenetik. Baina donostiarrek lehen luzean argi utzi dute ontzi indartsuena direla. Ziabogan jada 9 segundora zegoen Tolosaldea eta 10era Orio. Eta itzuleran tarteak are gehiago handitu dira.

Tolosaldeak hainbestean eutsi dio erauntsiari. Azkenean 16 segundora heldu dira eta bigarren postuan. Baina Oriok sekulako galera izan du: 31 segundora iritsi dira Patxi Francesen neskak eta sailkapenean bosgarren izan dira, nagusian atzera pausoa emanez.

Tartean sartu direnak, Astillero hirugarren eta Zumaia laugarren. Atera kontuak, Hibaikak azken postuan amaitu du. Eta bihar beste estropada garrantzitsua Lekeition.

 

VII. TXINGUDIKO BANDERA
    1.    Arraun Lagunak    11:02.76
    2.    Tolosaldea            11:18.90
    3.    Astillero               11:23.90
    4.    Zumaia                11:24.92
    5.    Orio                     11:34.06
    6.    Donostiarra          11:36.60
    7.    Hondarribia          11:36.70
    8.    Hibaika                11:40.02

NAGUSIA
    1.    Arraun Lagunak    65 puntu
    2.    Orio                     61 p.
    3.    Tolosaldea            57 p.
    4.    Zumaia                33 p.
    5.    Hibaika                32 p.
    6.    Astillero               31 p.
    7.    Hondarribia          25 p.
    8.    Donostiarra          20 p.