Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Txiki eta Otaegi oroitzen zituen pankarta kendu du Zarauzko Udalak, 50. urteurrenean

Jon Paredes ‘Txiki’ eta Angel Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrena gogora ekarri nahi zuen Zarauzko Santa Barbararen mendian ostiralean ezarritako pankartak, baina ez du 24 ordu baino gehiago iraun. Kentzeko agindua eman zuen larunbatean Udalak. Polemika, bizi-bizi.

Datorren irailaren 27an mende erdia beteko da erregimen frankistak Jon Paredes Manot ‘Txiki’ eta Angel Otaegi ETAko kideak, eta haiekin batera FRAPeko hiru kide, fusilatu zituenetik. 1975. urtea zen, eta frankismoa bere azken hatsetan zegoen. Urteurren adierazgarri bat, frankismoak fusilatutako azken euskaldunak memoria kolektiboan iltzatuta gelditu beharko liratekeelako, eta ez ahanzturan.

Jon Paredesen sorterrian, Zarautzen, urteurren berezi hori gogora ekarri nahi zuen pankarta handi bat agertu zen ostiralean. Santa Barbarara mendiko magalean, herriko txoko guztietatik ikusgai. Ez zuen 24 ordu baino gehiago iraun, larunbatean Udalak (EAJ-PSEren arteko koalizioa, Xabier Txurruka da alkatea) kentzeko agindua eman zuelako.

Diego Paredesek, Txikiren anaiak, gertatutakoaren berri eman du X izeneko sare sozialetan egun hauetan. «Twitterra sutan daukat», aitortu dio NAIZi.

 

«Irailean 50 urteko dira diktadore batek eta bere kideek hil zituztela. Ea zenbat irauten duen pankarta honek Zarautzen (Txikiren herrian), ‘demokrata’ hauekin», zioen ostiralean, pankarta ikusita. 24 orduren buruan, hauxe: «Atzo eta gaur –zioen–. Frankistek fusilatu egin zituzten eta post frankistek euren memoriak ezabatu nahi dituzte».

 

 

Gertaerak polemika sortu du, kontuan izanik Txiki eta Otegi indarkeria politikoaren biktimak legez aitortuak izan direlako, Joseba Permachek sare sozial berean gogorarazi duen legez. Arkaitz Rodriguezek, Sortuko idazkari nagusiak, bere iritzia eman du zabal sare sozialetan: «PPk edo Voxek frankismoaren azken fusilatuen memoria –eta, ondorioz, erresistentzia antifaxista bera–kriminalizatzea aurreikusgarria da. Tristeena –eta etsigarriena– diskurtso hori bera abertzale baten ahotan entzutea da. 36ko gudariek burua altxatuko balute…»

 

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrena dela eta, Sortuk ekitaldi bat egingo du irailaren 27an Iruñean, Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatu eta «lotuta utzi zutenetik askatu» gaitezen. 

Zarauzko Udalak ez du adierazpen ofizialik egin mementuz gertakari honi buruz. Halere, Iñaxio Illarramendik, PSEko bozeramailea Zarauzko Udalean, X sarean eman duen argudioa zera izan da: «Hemen ez dagoela bigarren mailako biktimarik», Joseba Permachi erantzunez. Eta hauxe gehitu du: «Udalak pankarta kendu du landa-ingurune batean zegoelako. Berdin jokatuko genuke bete edozein aldarrikapen edo oroigarrirekin, nahiz eta horiekin bat etorri».