Arrozak, mariskoa eta beste zenbait osagai izan dira gaurko protagonistak.
Arrozak, mariskoa eta beste zenbait osagai izan dira gaurko protagonistak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Arrozak, aurkeztu aurretik
Arrozak, aurkeztu aurretik (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Arroza dastatzen, aurkeztu orduko.
Arroza dastatzen, aurkeztu orduko. (Jaizki Fontaneda | FOKU)
Azken ukituak ematen arrozari.
Azken ukituak ematen arrozari. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Goitibera lehiaketa.
Goitibera lehiaketa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Haur bat goitibera lehiaketan.
Haur bat goitibera lehiaketan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Jendetza bildu da goitibera lehiaketan.
Jendetza bildu da goitibera lehiaketan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Gargantua, Arriaga Plazan
Gargantua, Arriaga Plazan (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Umeak Gargantuatik ateratzen.
Umeak Gargantuatik ateratzen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Nerea Goti
Kazetaria

Marisko, oilasko eta foie arrozak, baina Bilboko puntuan

Munduko Platerak sailean arroza izan da igande honetan Lehiaketa Gastronomikoaren agertoki nagusia den Areatzan jaun eta jabe. Ez dira kazola asko aurkeztu, baina aire zabalean lagun artean otordua prestatzearen plazerak egon dira ikusgai goiz ososan zehar, Bilboko puntuan.

Arroza prestatzen, Kranba konpartsaren txosnan.
Arroza prestatzen, Kranba konpartsaren txosnan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Izaera unibertsaleko jakia izanik, mila era daude arroz ederra egiteko, arrozaren aukeraketatik hasita, mota askotakoak baitaude, edota ondoan dituen osagaien eta salden aldaeraren arabera. Bilbon, 13 arroz kazola aurkeztu dira epaimahaikideen aurrean Areatzan, eta ez dira bi berdin egon. Esan daiteke, hala ere, talde nagusi bi izan direla: mariskoarekin eginak eta oilasko eta txerri sekretuarekin prestatutakoak. Hortik aurrera, arroza ezberdinak ikusi ditugu, ‘delicatessen’ mailan koka daitezkeenak eta marka zurikoak.

Gauza bat izan dute guztiek, komunean, Aste Nagusiaren espiritu ‘txirene’ horren harira, konpartsakideek eta Bilboko auzo ezberdinetatik etorritako kuadrillek egin dutela Areatzan Lehiaketa Gastronomikoaren lehen proposamenari erantzuteko apustua, eta ez da erraza izan, lehenengo gaua gogorra izaten baita Areatzan sutondo mugikor bat antolatzeko.

Hori izan daiteke parte hartze txikiaren atzeko arrazoietako bat. Hamahiru kazola aurkeztu dira azkenean, kopuru txikia gastronomikoak izan ohi dituen zifretarako. Kranba konpartsako txosnan, mariskoa oinarri izan duen arroza prestatu dute, sekulako itxura eta usainekoa. Kazolaren inguruan bildutako lagunek aipatu dutenez, patata tortillakoak jarraitzen du izaten parte hartze handienaren jaun eta jabe, baina arrazoi batzuk ditu alde: «asteartean da, lehen asteburua pasatuta, eta kostu ekonomiko gutxikoa da».

«Gazte askok etxean hartzen dituzte patatak, arrautzak... eta prestatzeko orduan oso konplikatua ez denez, jende gehiago animatzen da. Horrek herrikoiago egiten du hitzordua», azaldu du Raul Gallok. Kranban, txangurroa da gaurko hitzordurako aukeratutako gonbidatu dotorea, eta hurrengo egunetako proposamenetarako prestatzen hasi dira, egunerokoaren atzean dagoen saiakera handi hori nabarmenduz. Aste Nagusia hasi baino ez da egin eta itzeleko ahalegina izan da muntaketa lana, beroaldi betean. Orain, jaia martxan dagoela, parte hartzea da gakoa.

Kazola guztiek izan duten puntuaren atzean jaia bizitzeko era bat dago, inguruan sortzen den giroa. Bilboko auzo ezberdinetatik heldutako lagunez osatutako kuadrillak bildu dira Areatzan, txosnaren ondoan kazola zaindu duten konpartsakideak, sukaldariak freskagarriez hornitzeaz arduratzen direnak... Jose Miguel Gonzalez da arroza prestatzen aurkitu dugun sukaldarietako bat, eta azaldu duenez, lotuta eraman dute gaurko plana, hiru lagun arduratu dira arroz (kazola batzuk) kozinatzeaz, baina 70 inguru daude bazkaltzeko.

Hanburgesak eta barazkiak

Munduko Platerak Saileko aurtengo proposamena arroza izan da, lehiaketa gastronomikotik kanpo, eta kilometro zeroko jakiei eskainitako espazioarekin bat eginez. Txahal haragizko hanburgesak eta barazkiak eta perretxikoak plantxan dastatu ditu publikoak Areatzan gaur goizean. Ondoan baserriko produktuen ohiko azoka izan da. Bizkaiko baratzeetako produktuen ondoan, jakien saltokiak izan dira, marmeladak, zukuak... eta horien artean, gazta eta menbrillo pintxo klasikoak.

Bi azoka daude deituta Aste Nagusiaren barruan, gaurkoa eta hurrengo igandekoa, eta berez, jaien erdia salmentetarako oso plaza ona ez bada ere, «ondo dago jendeak ikusteko baserritarrok gaudela gure baserrietan elikagaiak ekoizten, eta jaietan ere elikagai horiek jan ahal izateko», azaldu dio NAIZi Mikel Kormenzana ekoizle urduñarrak.

Aste Nagusian soilik gertatzen den giro nahasketa horren barruan, gaur rol jokoek ere izan dute bere espazioa Areatzan bertan. Magic jokoari adi aurkitu ditugu hamarnaka jokalari, «fantasia, rol jokoa eta estrategia uztartzen dituen hitzorduan buru-belarri sartuta.

Los Muyayos taldeak (Mallorcako lagunaren omenez hartutako izena) eraman du arrozaren lehen saria. Bihar, pistoarena da Areatza.

Francis Díez pregoilaria eta Olatz Agirre txupinera izan dira Areatzan. Aste Nagusiaren lehen ordu hauek emozio handikoak izan direla azaldu diote NAIZi eta kalean bizi duten harrera nabarmendu dute. Mundu guztiak begiratzen ditu irribarretsu, haien ondoan argazkia egitea eskatzen dute askok, baina agenda estua dute, eta protokoloak agintzen duen jakaz askatzen dira noizbehinka, tarteka handia baita sargoria botxo zaharrean.