
Ofizialtasuna eskuratu ondoren, pilota Euskal Selekzioa Leewardenen (Herbehereak) da egunotan, Wallballeko Munduko Txapelketan parte hartzeko pronto. Gaur hasi eta larunbatera arte jokatuko den lehiaketan zazpi euskal pilotari arituko dira munduko selekzio onenen aurka, tartean Lur Ziarrusta.
Ilusio handiz heldu dio erronkari Dimako pilotariak, «ohorea da Euskal Selekzioa ordezkatzea». Aurtengoa, gainera, ez da beste edozein txapelketa, Leewardengoa hitzordu berezia da, izan ere, wallball –edo onewall izenez ezaguna ere–modalitateko nazioarteko lehiaketa bateratu berri baten lehen edizioa jokatuko da. Esku Pilotaren Nazioarteko Konfederazioak antolaturiko ekitaldi honetan zazpi herrialde arituko dira nor baino nor: Euskal Selekzioa, Argentina, Belgika, Erresuma Batua, Valentzia, Herbehereak eta Puerto Rico.
Wallballak baditu bere ezaugarri bereziak: horma bakarrean jokatzen da, txaparik gabe, eta pilotariek gomazko pilota arinago bat erabili behar izaten dute. Partidak banaka, binaka zein bikote mistoan jokatuko dituzte txapelketan. Helburua 21 tantoko bi joko irabaztea da, eta behar izanez gero –berdinketa kasuan–, hirugarren set erabakigarria jokatzen da, 11 tantotara.
Selekzioa gorengo mailan
Ziarrustak ez du lehen aldia modalitate honetan, jadanik hainbat txapelketetan parte hartu du, «duela zortzi urte jokatu nuen lehen aldiz wallballera, eta egia da hasieran neurrietara moldatzea kosta egin zitzaidala, eskua planoago jarrita ibili behar baita, eta horrek aldaketa suposatzen du».
Bizkaitarrak onartu du pilota arinagoarekin jolasteak jokoa guztiz aldatzen duela, gainera, «baldintza horrek gure estiloa gehiago mugatzen du, txapa gabe jolastea baino gehiago, baina aldi berean erronka polita da». Azkenean, hori da kirolaren xarma: moldatu eta aurrera egitea.
Ziarrustak, bere abilezia eta indarrarengan konfiantzan, argi du non duen bere indargunea: partidaren erritmora moldatzeko gaitasunean, «wallballean ezinbestekoa da erritmo biziari eustea eta intentsitatea mantentzea. Batzuetan luzeago jotzen dira puntuak, baina ni gusturago sentitzen naiz joko azkar horretan».
Selekzio osoaren aukerez galdetuta, baikor agertu da Ziarrusta, «aurten emakumezkoak zein gizonezkoak inoiz baino indartsuago etorri gara Leewardenera nire ustez, denok daramagu hilabeteak prestatzen, eta serio aritu gara lanean. Ez dut zalantzarik modalitate guztietan urrezko dominengatik borrokatuko dugula».
«Ohorea» eta «ilusioa»
Euskal Selekzioarekin Munduko Txapelketa honetan parte hartzea Ziarrustarentzat zerbait berezia da: «Kristoren ohorea da hemen egotea. Nik eta nire kideek ilusio handiz hartu dugu aukera hau». Gernikako lehiaketan ekainean ofizialtasunaren bidetik abiatu ostean, normaltasun osoz dihardu Euskal Selekzioak pilota txapelketa ezberdinetan.
Wallballa, nahiz eta modalitate ezezaguna izan, azken urteotan Europako herrialdeetan indarra hartzen ari den modalitatea da eta honen bidez ere euskal pilota eta kultura mundura zabaltzeko aukera gisa baliatu behar da.
Etorkizunari begira, Ziarreta ziur dago euskal pilotariek gero eta presentzia handiagoa edukiko dutela modalitate honetan, baina argi utzi du ere «gurea pilota tradizionalagoa» dela. Hala ere, wallballak aukera zabaltzen du: nazioartean ikusgarritasuna eta euskal pilotarien nortasuna erakusteko beste ate bat irekitzen du.
Beraz, Leewardengo hitzordua ez da soilik lehiaketa bat, euskal pilotarien sasoia nazioarteko eszenatokian erakusteko aukera da baita ere, euren gogoa, indarra eta gure herrialdeko kirolaren espiritua are gehiago zabaltzeko. Lur Ziarrusta eta gainerako selekziokideak prest daude erronka honi aurre egiteko.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
