NAIZ

2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finala abenduaren 20an jokatuko da Iruñean

Nafarroako hiriburuko Nafarroa Arena pabilioiak hartuko du 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finala, abenduaren 20an. Irailarekin batera abiatuko diren lau herrialdetako txapelketetan jokatuko dira bertara sailkatzeko txartelak.

2022KO Bertsolari Txapelketa Nagusiko irudia.
2022KO Bertsolari Txapelketa Nagusiko irudia. (Gari GARAIALDE | BERTSOZALE ELKARTEA)

Kurtso berria hastearekin batera hasi dira bertsolari eta bertsozaleak ere mugitzen eta agendako egunak kolore gorriz markatzen. Izan ere, iraletik martxora bitartean lau herrialdetako txapelketako jokatuko dira eta horietan egindako lana gakoa izango da 2026an ospatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan leku bat eskuratzeko.

Bizkaiko txapelketa izango da ate joka etortzen lehena. Hilabete honetan hasiko da, irailaren 28an, eta Urdulizen izango da lehen faseko lehen saioa. Astebetera ekingo dio bideari Nafarroako Txapelketak, urriaren 4an, Auritzen.

Bertsozale Elkartetik argitu dutenez, «elkar lotuz egingo dute, gutxi gehiago, urte amaierarainoko bidea bi txapelketek», eta ekiten bigarrena baina amaitzen lehena izango da Nafarroakoa. Azaroaren amaieran jokatuko da finala, 29an; lehendabizikoz, Nafarroa Arenan. «Bertsolaritza Nafarroan izaten ari den gorakadaren ondorioz, saltoa egitea erabaki da» azaldu dute Bertsozaletik, eta nabarmendu dute horren isla dela «urtez urte txapelketa eskaintzen ari den kalitatea, eta geroz eta ikusle gehiagok jarraitzea».

Bizkaiko finalak ere izango du aldaketa. Azken txapelketetan finala Bilbao Arenan izan bada ere, aurtengoan Casillan egitea erabaki da.

Tartean, behin Nafarroako finala pasata, hasiko da Xilabako lehen fasea, abenduaren 6an, Aiherran. Urte amaieran abiatu eta 2026aren hasieran amaituko da, izan ere, Xilabako finala urtarrilaren 31n izango da, Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan.

Behin Xilaba amaituta, Arabak hartuko dio lekukoa. Otsailean hasiko da Arabako Txapelketa, lehen larunbatarekin, eta martxoaren 28an bukatuko da. Gasteizko Europa Jauregian izango da finala eta horrekin amaitutzat emango dira herrialdeetako txapelketak, aurten Txapelketa Nagusirako puntuagarriak izango direnak.

2026an izango da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, eta horra begira, Arabatik, Nafarroatik eta Xilabatik bina bertsolari gehiago sailkatuko dira. Hortaz, Euskal Herrikoan 36 bertsolari izatetik 42 izatera pasako dira. Ondorioz, lehen faseak, saio bat gehiago izango du: sei beharrean, zazpi.

Finala, berriz ere, Nafarroa Arenan izango da

Irailean hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen fase hori, zazpi lurraldeetara iritsiko dena. Finala 2026ko abenduaren 20an izango da, igandearekin, Nafarroa Arenan. Azken txapelketako finala ere han jokatu zen, eta datorrena ere han izango da.

Hala ere, aurretik, Nafarroako Txapelketako finala jokatu da, lehendabizikoz, Nafarroa Arenan. Finala zein, oro har, txapelketa iragartzeko prentsaurrekoa larunbat honetan izango da, goizeko 10.30ean, Nafarroa Arenan bertan.

Bizkaiak uda aurretik aurkeztu zuen txapelketa, eta irailaren 13ko Elkartearen Eguna baliatuko du barne aurkezpena egiteko.