
Benjamin Vedrines aipatzen dugun bakoitzean ‘alarmak’ pizten dira. Zer egin ote du oraingoan? Galdera hori bazter guztietan behin eta berriz errepikatzen da. Eta, orohar, erantzunak edo azalpenak alpinismoaren komunitatea ahoa bete hortz uzten du.
Azken jarduera ikusgarria izan da alde guztietatik begiratuta. Abuztura atzera egin behar dugu aktibitate horren nondik norakoak ezagutzeko. 33 urteko frantziarrak 39 orduko jardunean Grandes Jorasses, Matterhorn eta Eiger lotu zituen. «Hiru handien hari alpinoa» izena jarri zion bakarkako lan horri eta, denera, muturreko erresistentzia izan duen xede horretan 14.000 metroko desnibela pilatu zuen.
Baten bati entzun diogu Ekialdeko Jannuko espedizioa prestatzeko entrenamendu saio oso sendoa izan dela. Entrenamendua? Vedrinesek berak iritzi horri erantzun dio esanez Alpeetan edo Himalaian egin behar dituen etorkizuneko proiektuetarako bideratuta zegoela: «Ez dut zalantza izpirik: erronka honek ate berriak zabaldu dizkit. 39 ordu horietan ikusi dut gai naizela nire gorputzaren esfortzu mailari eusteko. Nire eskarmentu luzeena 28 orduko zeharkaldia zen. Hain zuzen ere, Nicolas Jeanekin Ecrinsen egin genuena. Baina diodan bezala, beste urrats bat egin nahi nuen eta uste dut proiektu horretan arrakasta izan dudala».
Iritziak iritzi, kontua da alpinista honek erakutsi duela egundoko sasoia duela eta konpromisoaren aurrean ez dela kikiltzen. Alpeetako hiru mendi ikoniko horien loturak Courmayeur-en izan zuen irteera puntua. Ibilbide oso argia eta estetikoa jarraitu zuen Mont Blanc, Valais eta Oberland zeharkatu ahal izateko. Non-stop eran hainbat ertzen zeharkaldia egin zuen: Rocherfort eta Pointe Walker Grandes Jorassesetan, Lion eta Hörnli Mattehornen eta Mittellegiko integrala Eigerren.
Lotura edo zeharkaldi handi horrek Grindelwalden izan zuen amaiera. Eta bukatu bezain laster, Vedrinesek onartu zuen jarduera horrek asko eskatu ziola: «Parapentean helmugara heldu eta oinak lurrean jarri nituenean lasaitu ederra hartu nuen. 39 ordu oso gogorrak izan ziren. Oinez, bizikletan eta parapentean egin dut lotura hori. Hornidurarekin eta antzeko kontuekin laguntza izan nuen».
Konpromisoa
Azkar eta arin eginiko zeharkaldi horretan alpinista frantziarrak denbora oso ikusgarriak egin zituen eskalatzen. Courmayeur-etik irten eta zortzi ordu behar izan zituen lehen gailurra, Grandes Jorasseseko Walker tontorra, zapaltzeko. Cerviniatik Matterhorneko puntu garaienera igotzeko ia sei ordu. Eta Grindelwald-etik Eigerrera zazpi ordu eta erdi.
Lerrootako protagonistak onartu du proiektuaren amaieran oso erne egon behar izan zuela. Erronka muturreko erresistentzian oinarrituta zegoenez, kontzentrazioak erabat garrantzia izan zuen. Oso zaila da maila horri eustea, eta, adibidez, Grimsel Pass-eko jaitsieran bi orduko atsedena hartu behar izan zuen bizikleta gainean lo hartzen ari zelako.
Bestalde, eskalada ezberdinetan bizi izan zuen konpromisoari azpimarra jarri dio: «Eroriko batek ondorio oso larriak izan ditzake. Arazo hori une oro sentitu nuen, eta urrats bakoitzean oso-oso erne egotea ezinbestekoa zen. Jakina, izaera horretako helburuak ez dira soilak. Ilargi betea lagun nuela, mendi eta haran ederrak zeharkatu ditut. Bide batez gehitu behar dut proiektuan arrakasta izateko buruari gogor egin behar izan niola; izan ere buruak zituen balizko mugak gainditu behar nituen. Nahiz eta akatsak egin ditudan, erabat aske eta harro sentitzen naiz xede horretatik onik atera naizelako».
Amaitzeko, aipatu dugu Vedrinesen hurrengo helburua Ekialdeko Jannu (7.468 m, Himalaia) dela. Iaz, igo gabe dagoen gailur horretan ekinaldia egin zuen Nicolas Jeanekin eta Leo Billonekin. Azken hori ondoezik zegoenez, espedizioa bertan behera utzi zuten. Zintzilik utzitako lanak biribildu ahal izateko, Jean eta Vedrines zazpimilakoaren iparraldeko horma erraldoira zein estetikora itzuli dira.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
