«Talde hau ez da tituluak irabazteaz aspertzen»
Laugarren denboraldia beteko du Anne Erauskinek (Ermua, 1998) Bera Berarekin. Bizkaitarra bere bidea egiten ari da eta lanak sari pertsonala ekarri du: kapitain lanak beteko ditu Maitane Etxeberriarekin batera. Alba Menendez eta Esther Arrojeriak irekitako bidea jarraitzea du helburu.
«Talde hau ez da tituluak irabazteaz aspertzen»

Super Amara Bera Berak denboraldi hasiera bikaina izan du, Iberiar Superkopa hirugarren urtez jarraian irabazita, klubaren 30. titulua eskuratuz. «Ezin genuen hobeto hasi. Taldea segurtasun eta motibazio handiarekin irten zen, partida oso borobila egin genuen eta bukaeran ere maila bera mantendu genuen», azaldu du Anne Erauskin kapitainak, taldeak erakutsitako nagusitasunarekin pozik.
Jokalari bizkaitarrak argi dauka denboraldiko erronka nagusia: «Europan aurrerapauso handi bat ematea, eta era berean, iazko hiruko koroa errepikatzea». Bestetik, Erauskinek gaineratu du Esther Arrojeria eta Alba Menendezen hutsunea nabaria dela egunerokotasunean, baina Maitane Etxeberria eta berak duten guztia emango dutela kapitain lanetan taldea modu egokian gidatzeko. «Ohorea bat da niretzat Esther eta Albaren ordezkaritza hartzea, erantzukizuna ere bai», dio Erauskinek.
Iberiar Superkoparekin 30. garaikurra da Bera Berarentzat. Badira batzuk...
Bai, badira, bai [barrez]. Talde hau ez da aspertzen tituluak irabazteaz. Beti gehiago nahi duen talde bat da, eta hori ere polita da. Urtez urte hobetzen goaz, eta aurten ere ea aurreko urteko hiru tituluak irabazten ditugun eta Europan aurrerapauso hori eman dezakegun.
Zein da aurtengo helburua?
Helburu nagusia aurten Europan aurrerapauso handi bat ematea da. Lehenengo Dijonen aurka jokatu behar dugu, eta ea multzo fase horretan sartzeko gai garen. Horrez gain, aurreko denboraldian lorturiko hiru titulu horiek berriz ere lortzea polita litzateke.
Oraingoz, Esther Arrojeria eta Alba Menendezen hutsuneak ez dira hainbeste nabaritzen.
Hori asko esatea da. Egia da joko aldetik taldeak oso ondo hasi duela denboraldia, baina bai, egunerokotasunean pila bat sumatzen ditugu faltan [barrez]. Egin ditugun fitxaketak oso ondo moldatu dira taldean, hasieratik Imanolek planteatutako jokoa ulertu dute, indibidualki ere oso jokalari potenteak dira eta poztasun handiak emango dizkigute.
Fitxaketa berriek egokitze ona izan dute, beraz, taldean?
Bai, oso ona. Espainiakoak diren hiru jokalari hauek ezin hobeto moldatu dira, eta egia esan, Lisanne [Kruijswijk] holandesak agian zailtasun gehiago izan litzake, baina ez da hala izan. Hasieratik taldeko beste pertsona bat bezala jokatu du; ematen du ez dela bere lehenengo denboraldia.
Orain Maitane Etxeberriak eta zuk hartu duzue kapitain ardura. Ilusioz hartuko zenuen, baina erantzukizun puntu bat eskatuko du, ezta?
Esther eta Albaren ordezkaritza hori hartzea Kristoren ohorea da, baina egia da ardura handia ere badela. Bera Berako kapitaina izateak gauza asko suposatzen ditu, baina Maitanek eta nik daukagun guztia jarriko dugu mahaigainean ahalik eta hobekien gidatzeko eta Albak eta Estherrek irekitako bide hori jarraitzeko.
Guztia irabazteko behar hori duzuela sentitzen al duzue?
Presio hori pixka bat badago. Azkenean partida guztietan faboritoak gu gara, baina horrekin jokatzen ere ikasi behar da. Nik uste dut taldea ohitu egin dela presio horrekin jokatzera. Partida hasten denean, gauza horiek ahaztu egiten zaizkigu, ahalik eta kontzentratuen ateratzen gara, Imanolek agindutakoa betetzea dugu bakarrik buruan.
Guerreras Liga gero eta lehiakorragoa ari da izaten. Aurten nortzuk ikusten dituzu titulurako aurkari zuzen bezala?
Egia da talde asko indartu direla, baina betiko Malaga hor egongo dela uste dut; Elx ere kontuan hartzeko talde bat da. Aurten, Granollers asko indartu da, nahiz eta denboraldia ez duten oso ondo hasi.
Elx aipatu duzu eta asteazken honetan duzue euren kontrako Ligako partida. Bisita zaila.
Bai. Elxen aurka jokatzea beti da zaila, eta pixka bat gehiago kanpoan denean. Badakigu partida gogorra izango dela. Egia da asko ezagutzen dugula elkar eta haien puntu ahulak zeintzuk diren badakigula. Baina gakoa da guk hasieratik gure bertsiorik onena ematea garaipena lortu ahal izateko.
Asteburuan bi partida irabaztetik zatozte, eta moralez gainezka. Lehia hau momenturik onenean al dator?
Bai. Uste dut momentu on batean datorrela. Egia da astean zehar jokatzeak pixka bat desorientatzen gaituela eta nekea nabaritzen dela, baina orain daukagun motibazioak eta gogoak konpentsatzen dute neke hori. Taldea ondo ikusten dut eta uste dut partida polita izango dela.
Alor pertsonalean, zein helburu jarri dizkiozu zeure buruari?
Kapitain bezala, saiatuko naiz ahalik eta ondoen egiten, taldekide eta gorputz teknikoen artean bitartekaritza egiterakoan. Pertsonalki, taldeari ahalik eta gehien laguntzen saiatuko naiz. Urtez urte, uste dut progresio positiboa izan dudala pistan eta pertsonalki, segurtasun eta konfiantza aldetik. Espero dut pixka bat aurreko urtea hobetzea.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

