Palestinako herriaren ahots lazgarria
‘SAWT AL-HIND RAJAB’ (‘THE VOICE OF HIND RAJAB’)
Tunisia, 2025. 89’. Zuzendaritza eta gidoia: Kaouther Ben Hania. Aktoreak: Saja Kilani, Motaz Malhees, Amer Hlehel, Clara Khoury. Musika: Amin Bouhafa. Argazkia: Juan Sarmiento G.

Eserleku atzeko gizonaren negar hotsa, alboko andrearen hasperenak, aurreko gaztearen atsekabea...min kolektibo bat, arnasa bera estutzen duena, areto osoan zehar zabaldu dena. ‘Sawt al-Hind Rajab’ (‘La voz de Hind’) filmaren ikustaldian aretoan bizitako sentsazioa gutxitan sentitu da. Eta filmaren amaieran, erabateko isiltasuna. Zinemako argiak piztu direnean jendea isilik altxatu eta kanpora joan da. ‘Sawt al-Hind Rajab’ (‘La voz de Hind’) min ematen duen pelikula bat da.
Filmak benetako gertaera latz bat kontatzen du. Gazan bizi den izua eta beldurra sei urteko neskato baten larrialdi deiaren bidez erakusten dira. 2024ko urtarrilaren 29a, Gaza. Ilargi Erdi Gorriko boluntarioek larrialdi dei bat jasotzen dute: Hind Rajab izeneko sei urteko neska bat auto batean harrapatuta dago erreskatatua izateko erregutzen. Kotxe barruan, bere familiako sei kide hilik daude; kanpoan, tiroak entzuten dira eta tankez inguratuta dago. Anbulantzia bidaltzeko ahalegin guztiak egiten dituzte, baina burokrazia eta baimen absurdoek erreskate lana ikaragarri luzatuko dute. Gertaera guztia larrialdi zerbitzuko langileen ikuspegitik azaltzen da. Telefonoaren bestaldean entzuten den audioa, neskatoarena, benetakoa da. Telefonoaren alde batean errealitate fikzionatua; bestean, errealitate gordina.
Espazio hori tentsio ikaragarri baten eszenatoki bihurtzen da: itxaronaldiak, protokoloak, atzerapenak eta beldurra etengabe erretratatzen dira. Ilargi Erdi Gorriko langileak aktoreek hezurmamitzen dituzte, eta lan oso sinesgarria eta sakona egiten dute, erraietakoa. Ez dago erasoaren berreraikitze grafikorik; kamera une oro larrialdien koordinazio gelan mantentzen da, eszenatoki bakar horretan. Filmak itxaronaldiaren benetako iraupenarekin jokatzen du.
Era berean, filmak agerian uzten du protokoloak, arau militarrak, distantziak eta baimenak armak bezain oztopo hilgarriak bihur daitezkeela eta bizitza salbatzeko ahaleginak sarritan eragozten dituztela.
Baliteke ikuspuntu zinematografiko hutsetik aztertuz gero filma perfektua ez izatea eta baliteke, halaber, eztabaida piztea: zilegi ote da, moralki zein etikoki, neskatxaren ahots errealaren grabazioa erabiltzea? Baina ‘Sawt al-Hind Rajab’ (‘La voz de Hind’) filmak azaltzen duena hain da mingarria, eta hain beharrezkoa, ezen, egiazki, nahiko zentzugabea den alderdi formal hutsetan gelditzea.
Kaouther Ben Hania zuzendariak eta aktore talde bikainak mundu osoaren inpotentzia pantailaratu dute, eta oraindik zerbait egiteko garaiz daudenak irmoki interpelatzen dituzte.
Zoritxarrez, Hind Rajab asko daude oraindik; berea, bizitzeko eta amets egiteko eskubidea duen Palestinako herriaren ahots lazgarria da.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena


