Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Moriartitarrak bueltan dira

‘MASPALOMAS’
Euskal Herria, 2025. 115’. Zuzendariak: Aitor Arregi, José Mari Goenaga. Gidoia: José Mari Goenaga. Aktoreak: Jose Ramon Soroiz, Nagore Aranburu, Kandido Uranga, Zorion Eguileor, Kepa Errasti. Argaz.: Javier Agirre Erauso. Musika: Aranzazu Calleja.

Vicente (Jose Ramon Soroiz) ‘Maspalomas’ filmean.
Vicente (Jose Ramon Soroiz) ‘Maspalomas’ filmean. (Moriarti Produkzioak)

Filmari izena ematen dion Maspalomas, Kanaria Handiko hegoaldeko muturrean dagoen hiria da. Pelikularen protagonista Vicente (Jose Ramon Soroiz) izango da; 76 urteko gizonezko homosexuala da eta bere bikotekidea utzi eta gero, gustuko bizimodua darama Maspalomasen. Soroizekin batera, Nagore Aranburu, Kandido Uranga, Zorion Egileor eta Kepa Errasti aktoreak ditu protagonista. 

Maspalomasen bertan gertatzen den epilogo luze baten ostean, tramaren ekintza nagusiak buruko isuri baten ondorioz Donostiako zahar-egoitza batean sartzen dutenean hasiko dira; bertan bere orientazio sexuala ezkutatzea erabakiko du. ‘Armairutik atera’ ordez, Vicentek ‘armairuan sartzea’ erabakiko du. Ingurune berri horretan, Vicentek bere buruari galdetu beharko dio ea oraindik garaiz dagoen besteekin eta batez ere bere buruarekin adiskidetzeko. «‘Maspalomas’ filmak konfinamendu psikologikoen (eta fisikoen) eta identitate ezabatuen inguruko hausnarketa egin nahi duen filma da», azaldu du Goenagak. 

Adinekoen egoitza grabatzeko aukeratu duten kokalekuari dagokionez «ikastetxe bat izandakoa da, baina guk zahar-etxe bilakatu dugu. Nortasun handia duen lekua da eta bisualki oso boteretsua da, gure istorioari ezin hobeto dihoakion lekua da. Istorioaren zati handi bat bertan gertatzen da» azaldu du Aitor Arregik. 

Zinemagileen azken hiru film luzeak –’Handia’, ‘La Trinchera Infinita’ eta ‘Marco’–, beraien artean guztiz desberdinak izanik ere, partekatzen duten ezaugarri nagusi bat dute: beren aurreko lanek baino izaera zabalagoa dute, istorio ‘handiagoak’ jorratzen dituzte, eta azken biak gainera, gaztelerazkoak dira. ‘Maspalomas’ aldiz, ‘Loreak’ edota ‘80 egunean’ izenburuek zuten begirada intimistara itzulera izango da, euskaraz, eta istorio ‘txikiagoa’ izango du oinarri. 

35 mm-tan

Pelikulak dituen ezaugarrien artean bada bereziki deigarria den bat: 35mm-tan filmatu dute. Zenbait zinemagilek erabiltzen jarraitzen duten formatua da, kalitate bisual bereizgarria eskaintzen duelako eta irudiek atmosfera berezia jariatzen dutelako. Zinema tradizionalaren testura eta kalitatea mantendu nahi dutenentzat aproposa den arren, arlo ekonomikoan eta logistikoan zenbait erronka dakartza: kostu handiagoak, grabazio denbora mugatuagoa, lan tekniko eta edizio prozesu konplexuagoa eta abar. Erronka zinez ausarta eta txalogarria.