Teknofeudalismoa edo hiperkapitalismoa?

«Kapitalismoa gaur egun: teknofeudalismoa edo hiperkapitalismoa?»; auzi horri heldu zioten READ Jaialdiko 2. egunean. Dependentzia, pribatizazioa... Egungo sistema deskribatzeko antzeko kontzeptuak erabili zituzten Durandek eta Morozovek, baina prozesu horien ezaugarritzean ez zetozen guztiz bat.

Ezkerretik eskuinera, Cedric Durand, Susan Watkins eta Evgeny Morozov. La Model eraikin historikoko patioan egin zuten solasaldia.
Ezkerretik eskuinera, Cedric Durand, Susan Watkins eta Evgeny Morozov. La Model eraikin historikoko patioan egin zuten solasaldia. (Oriol CLAVERA)

READ Jaialdian, argitaletxe, aldizkari eta hedabideez gain, sona handiko intelektualek ere parte hartu dute. Horietako bi izan ziren Cedric Durand ekonomialari frantziarra eta Evgeny Morozov ikerlari bielorrusiarra. Kasu honetan, La Model eraikineko patio zabalean egin zuten solasaldia.

Susan Watkins editore estatubatuarraren gidaritzapean, sokatira moduko batean aritu ziren. «Garapen teknologiko eta digitalaren azelerazio garaian», nola ulertu gaur egungo eredu sozial, ekonomiko eta teknologikoa? Durandek teknofeudalismoaren ernaltzea antzematen du; Morozovek, berriz, hiperkapitalismoaren ezarpena, bere gordinean. Ikusiko dugunez, eztabaida kontzeptual huts bat baino gehiago dago oinarrian.

Feudalismoaren analogiak

Teknofeudalismo kontzeptua asko zabaldu da azken boladan. Tertulietan, estatu-presidenteen ahotan, artikulu akademikoetan... nonahi topa daiteke. Aitzitik, zer esan nahi du? Kontzeptu bera erabiliagatik, esanahi ezberdina izaten du maiz: batzuentzat Elon Musk eta gisako magnate teknologikoen demaseko boterea izendatzeko modu bat da; Yanis Varoufakis eta beste batzuentzat, aldiz, sistema kapitalista bera ordezkatu duen erregimena -ez zertan hoberako-.

Durand ekonomialari marxista pintzel fina hartuta analisi xehe bat egiten saiatu zen. Haren ustez, kapitalismoa ataka estuan dago. Ez preseski mugimendu emantzipatzaileei aurre egin ezinda dabilelako, baizik eta egiturazko mugekin topo egiten ari delako. Krisi ekologikoa da nabarmenena, «eztabaida guztien oinarrian dagoen auzia». Horretaz gain, kapitalismoaren barne dinamiketan ere sumatzen ditu zailtasunak. Durandek, zehazki, bost aipatu zituen: lehenik eta behin, «ekonomia globala desmendebaldartzen ari da», Txina, India eta beste hainbat potentziaren mesedetan. Bigarrenik, ekonomia finantzarioa etengabeko krisian kateatuta dago eta «gero eta zailagoa da kudeatzen». Hirugarrenik, enpresa teknologiko handiek erabateko hegemonia lortu dute: «Ez da sektore berri bat soilik. Erabat kontzentratuta daude eta hazkunde oso-oso azkarra izaten ari dira». Laugarrenik, globalizazioak zabaltzeari utzi dio eta «ekonomia globalaren zatikatze prozesua bizitzen ari gara». Azkenik, kapitalismoak bere dinamismoa galdu du. «Motelduta dago», esan zuen: ikerketa gutxiago egiten da, oro har, eta produktibitatea «oso mantsoa» da.

Hori kontuan izanik, «too late capitalism» gisa ezaugarritu zuen sistema: hau da, izugarri azkar gertatzen ari diren aldaketei aurrea hartu ezinda dabilen eredu bezala.

Duranden ikuspuntutik, ezintasun horien aurrean, pixkanaka «teknofeudalismoa» nagusitzen ari da. Argitu zuenez, «horrek ez du esan nahi ekonomia digitalarekin feudalismora itzultzen ari garenik, jakina». Adibidez, feudalismo garaian ekoizpena erabat indibidualizatuta zegoen eta «egun erabat sozializatuta dago». Gainera, «Mendebaldean ari da nagusiki gauzatzen», ez mundu osoan.

Alabaina, gaur egungo ereduaren eta feudalismoaren arteko zenbait «analogia» identifikatzen ditu. Hasteko, feudalismoan bezalaxe, erabateko dependentzia sortzen ari da: pertsonak, enpresak zein instituzioak «teknologia zerbitzuekiko dependentzia orokortu baten» morroi dira. Duranden iritziz, feudalismoarekin antzekotasun nabarmena dago hor, orduan «jopuak jauntxoekiko erabat dependenteak ziren» eta. Segitzeko, pribatizazioen eskutik, teknologia enpresa handiak «giltzarriak diren gaitasun publikoak bereganatzen ari dira». Adibidez, estatistikak edo debate publikoaren antolaketa, estatuen kontrolpean egotetik algoritmo pribatuen menpe egotera pasatu baitira. Azkenik, garai feudaletan gertatu zen bezala, «eliteen arteko sekulako lehia» dagoela azaldu zuen, «ez joko positibo batean, baizik eta zero baturako logikan».

Ondorioz, Durandek argi du: «Teknofeudalismoa egunero materializatzen ari den joera bat da».

Hiperkapitalismoa

Mozoroven ustez, «kapitalismoa hil da» eta antzeko baieztapenekin tentuz ibili behar da. Aitortu zuenez, teknofeudalismoaren teoria ugari daude, eta horien artean Durandena iruditzen zaio aberatsenetakoa. Are, frantsesak egindako azalpen askorekin bat dator baina, bere ustez, prozesu horien deskribapenetik ez dago zertan feudalismo berri baten etorrera ondorioztatu.

Adibidez, «dependentzia azpimarratzeko zergatik jo feudalismo kontzeptura?», galdetu zuen. Haren ustez, agerikoa da dependentzia estua dagoela, baina «sistemikoa» da. Esaterako, gaur egun nahitaezkoa bilakatu da online profila eta bizitza edukitzea, «baina ez Steve Jobsek edo Mark Zuckerbergek zuzenean behartzen zaituztelako, baizik eta indar ikusezinek ezartzen duten presio sistemikoagatik. Alde horretatik, gaur egun zabaldu den dependentziak askoz antz handiagoa du langileen presioarekin -zeinak presio sistemikoaren baitan lan indarra saldu behar zuten-, jopuek jasaten zuten dependentzia pertsonalarekin baino».

Pribatizazio kontzeptuari buruz beste horrenbeste uste du. Morozoventzat, kapitalismoa «estatu formarekiko agnostikoa da». Egun forma horietako batzuk pribatizatzen aritzea auzi garrantzitsua da, baina feudalismoaren edo kapitalismoaren arteko korapiloan ez du aparteko esanahirik: «Nire ustez, gobernuek Sillicon Valleyko sektore pribatuari gero eta erantzukizun handiagoa -hezkuntza, osasuna...- ematean ez dago ezer anormalik, kapitalaren metaketarako baldintzak sortu eta mantentzeko modu bat baita».

Morozovek, kapitalismoa, makalduta baino, inbertsio neurrigabeen lasterketa batean murgilduta ikusten du. Inbertsioen datuak sekulakoak dira, behintzat: 2025ean Meta, Microsoft, Alphabet eta Amazonek 320.000 milioi dolar inbertitu dituzte adimen artifizialarentzako azpiegituretan; Saudi Arabiak 600.000 milioi dolarreko inbertsioa iragarri du, Qatarrek 1,2 bilioikoa, AEBk 1,4 bilioikoa, Japoniak beste bilioi batekoa... Bielorrusiarraren esanetan, «ezin da pentsatu enpresa teknologiko handien hazkundea Wall Streetekiko ‘kanpoko’ fenomenoa balitz bezala, bereziki horko jokalari berriekiko, zeinak Goldman Sach eta hauekiko oso ezberdinak diren». Sistemaren iruditeria eta formak aldatu arren, oinarrian, logika kapitalistaren aldaera jakin bat baino ez du antzematen: «Kapitalistak, kapitala mobilizatuz, kapitalaren metaketan jarraitzeko». Kasu honetan, «hiper-» eran, gainera.

Hortaz, Morozoven irudiko, Durandek eta beste hainbat autorek deskribatutako «katastrofea ikusten ari gara, bereziki azkenengo bi edo hiru hamarkadetan, baina kapitalistak ez ditut kontrola galtzen ikusten». Esate baterako, «Davoseko azkenengo 10-15 urteetako bilkurak aztertzen badituzu, klima aldaketa aitortzen dute eta onartzen dute mundu mailan gero eta arazo gehiago daudela konpontzeko. Baina konponbide gisa beti planteatzen dute kapital pribatua mobilizatzea edota instituzio politiko eta finantzarioak berregokitzea».

Hori kontuan izanik, honakoa galdetzen du: «Zergatik erabili Erdi Aroko metaforak kapitalismoaren adierazpide gorenak deskribatzeko?». Haren ustez, kontzeptu horren arazo nagusia da auziak pertsonalizatu egiten dituela: Bezos, Musk, Zuckerberg eta bestelako «jauntxo feudalen» kontra borrokatzen ari garela sinetsarazten digute, «sistemaren logika ekonomikoa bere osotasunean ulertzen saiatu beharrean». Bestela esanda, «fokua arboletan jarriz ez da gauza baso osoa ikusteko».

Estatuaz eta beste

Korapilo nagusi horren aitzakian, beste hainbat gai ere landu zituzten solasaldian. Tartean, ezinbestean, estatuaren auzia. Eta horretan ere ez zetozen guztiz bat. Duranden arabera, estatuek gaitasuna galdu dute eta, ondorioz, ez dira gai kapitalisten arteko lehia arautzeko. Morozovek auzitan jarri zuen balizko ahultze hori. Zuckerbergen adibidea jarri zuen hori azaltzeko: hasieran Trumpen kontra egotetik, gero haren gerizpera jo du, badaezpada ere.

Beraz, estatuak zer paper jokatu behar du? Nola lortu sistema ekonomikoaren kontrol demokratikoa? Hartu-eman dialektikoan bete-betean segitzen zutela, ezustean, akabo!, argia joan eta dema amaitu zen. Irabazlea, momentuz... Elon Musk! Ezetz ba, kapitala! Tira, ez dakit. Eztabaidak zabalik jarraitzen du.