Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Kilometroak Elgoibarren, «hirugarren sarearen» aldarrikapena

Giro bustiari aurre eginez, Kilometroak jaia ospatu da igandean Elgoibarren. Urte osoan egindako auzolanaren amaiera bikaina –«herria aktibatzea lortu dugu», aitortu du ikastolako lehendakariak– ikastolen aldarrikapenaren isla izan da: «Hezkuntza sistemaren hirugarren sarea gara», Aitor Elizaranek.

Zirkuitoa zabaldu du ikastolatik bertatik ateratako komitiba.
Zirkuitoa zabaldu du ikastolatik bertatik ateratako komitiba. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zeruari begira esnatu ziren asko igandean Elgoibarren. Aste osoan zehar egin duen eguraldi ederraren ostean eta, urte osoan zehar euskararen sustapena bultzatzeko egindako lan eskergaren ondoren, aurreikuspenak, eguraldiari zegokionez, ez ziren goxoak. Halere, giro hezeak ez du festarako gogoa lausotu. Goizean goizetik eta egun osoan zehar, noizbehinka botatzen zuen euriari muzin eginez, jende kopuru polita bildu zelako Elgoibarko kaleetan prestatu zen zirkuituan.

Elgoibarko Kilometroak jaia erabat ‘hiritarra’ izan da, Debabarreneko herri honetako erdigunean burutu baita. Hiru gune nagusi eta bi azpigunetan banatuta, jarduna normaltasunez burutu da. Azken orduko aldaketa bakarra izan da, Janus Lester taldeak Aita Agirre gunean eskaini beharreko kontzertua bertan behera utzi behar izan dutelako, abeslariaren osasun arazoengatik. Bezperan Urnietan eskaini beharreko kontzertua ere bertan behera utzi behar izan zuen taldeak, arrazoi berarengatik.

Elgoibar ikastolan eman zioten hasiera aurtengo 49. Kilometroak festari. Giroa, erabat etxekoia: bertako ikaslea izan zen Ainhoa Leinez kazetaria, aurkezle lanak egin zituena; bertako ama da Maialen Gurrutxaga ere, Elgoibarko alkatea. 1.000 bat ikasle dituen ikastola da Elgoibarkoa, 1962an frankismoan bete-betean sortutakoa. Ikastolako lehendakari Olatz Astigarragak ‘Salto-saltoka’ lelopean urte osoan zehar egin den ekimen honen zehaztasunak eman zituen jaiaren irekiera ekitaldian: euskarara salto egiteko baldintzak sortuz, eta elkarren sokari eraginez, elgoibartarrekin eragile lanetan ibili dira azken 12 hilabeteetan. Herri langile eta euskaldun honetan, beste askotan legez, gure hizkuntzaren erabileraren jaitsiera adierazgarria nabaritu denez, Kilometroak jaiak helmuga zuen urtea baliatu nahi izan dute euskararen erabilera handitzeko, «ez euskararen alde gehiago egoteko, baizik eta euskaraz gehiago eta gehiagok egiteko. Horretan, elkarri lagundu diogu euskara hautatzen, eta elkarren babesean salto hori egiteko baldintzak sortu ditugu. Eta herria, Kilometroak ekimenaren bueltan, aktibatzea lortu dugu», gehitu zuen.

«Itunpeko ikastetxeen sarean kokatzen gaituzte, baina argi dugu hori ez dela gure kokalekua», azpimarratu du Aitor Elizaranek, Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak 

Erakundeen, alderdi politikoen eta euskal kulturgintzaren ordezkari askoren aurrean, Aitor Elizaranek, Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak, beste gai bati heldu zion atzo: ikastolen aldarrikapenari. «Biharko euskal herritarrak gaurtik hezten dituen hezkuntza sare eraldatzailea osatzen dugu. Itunpeko ikastetxeen sarean kokatzen gaituzte, baina argi dugu hori ez dela gure kokalekua. Hezkuntza sistemaren hirugarren sarea gara ikastolak. Eta hori da, gaur, aldarrikatu nahi duguna. Izan ere, Kilometroak, euskararen eta euskal kulturaren jaia izateaz gainera, aldarrikapen jaia ere bada, ikastolen aldarrikapen jaia».

Mugimendua 115 ikastola, 46.000 familia, 55.500 ikasle eta 3.700 irakasle eta langilez osatuta dagoela azpimarratu nahi izan zuen: «Komunitate herrikoia, kooperatiboa eta prestatua gara: ikasleak, familiak, lankideak eta ikastolazaleak... Euskal Herri osoan gaude, saretuta gaude, eta antolaketa horizontala dugu; elkarlana eta elkartasuna dira gure ezaugarriak».

Jarraian, zirkuitua zabaldu zuten: ikastolatik atera eta herriko erdigunerantz jo zuten, Aita Agirre kulturgunerantz, alegia, herriko lehenengo ikastola kokatu zen gunera. Han Maritxu Loiola, “Aubixako Maritxu” bezala ezaguna dena –ikastolaren sorreran eta garapenean «funtsezkotzat» jo zuten, Aubixa aterpean eta udalekuetan egindako lanagatik– eta Aspanogi elkartea omendu zituzten. 30 urteetan haur minbizidunen eta haien familiak babesten dituen elkarte honetako bi partaidek jaso zuten oroigarria: Oier Etxaniz, minbizidun haurrei ospitaleko egonaldia robotekin eta teknologiarekin alaitzen ziena, eta Ane Perez, “Ane Pirata” bezala ezagunagoa, Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsekin batera “Eskerrik asko” ikuskizunaren protagonista bilakatu zena.

Eta talo eta sagardo eta kontzertu eta jolasen artean joan zen eguna. Datorren urtean jaiak mende erdia beteko du eta, Lazkaoko Ikastolako lehendakari Irantzu Amundarainek gogoratu zuen legez, Lazkaora itzuliko da, 1977an egin baitzen lehen Kilometroak festa Lazkao-Beasainen. Datorren urteko urriaren 4an izango da hitzordua.