Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Kontrakantxako bidetik atera du final-laurdenetako lehen puntua Altunak Peñaren aurka (22-13)

Aurreneko erdi parekatua jokatu dute aurrelari biek, baina erremateetan Jon Ander Peñak behar baino akats gehiago egin ditu tarte horretan. Aldiz, aurreneko atsedenaldiaren ondotik, Jokin Altunak bere magia atera du eta bikain menperatu du neurketaren bigarren zatia.

Pozarren Jokin Altuna, partidan behetik gora egin eta irabazi ostean.
Pozarren Jokin Altuna, partidan behetik gora egin eta irabazi ostean. (Endika PORTILLO | FOKU)

ALTUNA III 22

PEÑA II 13

Kontrakantxako bidean erabaki da Jokin Altunaren alde Jon Ander Peñarekin final-laurdenetako ligaxkan jokatu duten aurreneko deman. «Opari dexente egin ditugu, nik batez ere», onartu du Peña II.ak, zabaleko arrastoaz harago joan zaizkion jokaldietan bereziki. Altuna III.a, berriz, partidako hasiera partean abduktoreetako arazoen kezkarekin jokatzen aritu bada ere, neurketak aurrera egin ahala gero eta erosoago sentitu da eta Peñaren akatsak lagun, maisuki nagusitu da. 9nako berdinketaren ostean 6-0eko partziala lortu du Amezketakoak eta 15-12 hurbildu bada ere Peña, Altunak ez dio partidari buelta emateko aukerarik eskaini.

Aurreneko sakea Altunari egokitu zaio eta Amezketakoak bikain baliatu du aukera. Hasteko kolpe biziarekin eta presarik gabe, ez du askorik behar izan markagailua bere alde jartzeko. Lehenengo hiru tantoetan Peña II.a defentsa lanetara mugatuta aritu da, baina bere zorionerako, tantoan menpean hartzea lortu duen lehenengo tantoan asmatu du Altunari tantoa sartzen. Hori bai, partida hasi denerako dirua harrika, 100-30en aurka, baldin bazen, 3-1ekoarekin, artekariak isilik.

Piztu dira horiek ere, Tolosako aurrelariak ez baitu asko behar izan tanto boladari segida emateko. Ezkerrez zabalean moztutako erremateei esker berdinketa berehala lortu du eta Altunaren aurreneko akatsaren ostean aurretik jarri da pilotari urdina ere.

Lau eta erditik sakea ateratzeak ez dio arriskua murriztu Peña II.ari. Bizi erabili du tolosarrak pilota, baina jakina, Jokin Altuna bati ezin zaio tanto bolada bakarrean irabazi, eta bistan geratu da erasoko ekimena hartzen zuen horrena izango zela neurketa ere. Zentzu horretan, Jon Ander Peña oso oldarkor ikusi da, baita defentsako lanetan aritu delarik ere. Hala, 5nako tantoa Altunaren alde erori da Peñaren kontraerasoa kanpora joan delako, baina hurrengoan ez du akatsik egin tolosarrak. Batera zein bestera erori, aurreneko tantoetako Altunaren erauntsiaren ostean, partidari bikain heldu diola Peñak berak ere.

Hala ere, alderik hartzea kosta egin zaie pilotari biei. Peña 5-7 aurreratu bada, Altunak akordatzerako berdindu du eta bi hormako jokaldiei esker aurretik ere berehala jarri da Amezketakoa. Hala ere, harrokeriarik ez, 9-7 aurreratu ondoren 9na berdindu baitu tolosarrak, nahiz eta hurrengo tantoan horma bikoa kontrakantxara joan zaion. Hain zuzen, neurketako aurreneko atsedenaldi luzera Altuna aurretik iristea zentimetro kontua izan da; hau da, Peñaren erremate pare bat kanpora joan direla eta Altunarenak, aldiz, barruan errenditu direla. Ondorioz, 3-0koaz geroztik inoizko alderik zabalena atera du Altunak, 12-9, Peñari kanpoa hanka egin dion enegarren pilotakadaren ondotik.

Ideiak argi

Atsedenaldiak mesede egin dio Altunari, itxura denez. Partidako aurreneko tantoetan baino «beroago» eta ideiak garbi dituela, pilotakada gutxi behar izan ditu Amezketakoak lehenengo aldiz alde serio bat lortzeko. Hain serioa, ezen 14-9ko tantoa amaitzeaz bat Jon Ander Peñak partida etetea eskatu behar izan duen.

Tarteka Altunak berak ere kale egiten du eta ezkerrez txapapera joan zaion dejadaren ostean berreskuratu du sakea Peña II.ak. Partidari berriro haria hartzeko tolosarrak gorputz eta arima astindu du pilotakada bakoitza, baina Altunak ez dio tantorik oparitu; Peñak amaitu behar izan ditu bere erremateak; 15-12ko tantoa, adibidez, ezker eskuin pilotari biak ibili dira, noiz hondoa joko, eta azkenean eskuinez luze moztuta Peñak tantoa amaitu badu ere, ez da hor harrokeriarik egon. «Bera ere nekatuta zegok!» bota dio Jokin Altunak berak bere lehengusu eta botilero Gorka Altunari.

Eta Peñak, arriskatu beharraren beharraz, kale ere errazago egin du. Baita pilotakada txapa gainean errendituta ere. Nekeaz apur bat erasanda agian, Peña II.a Altunari erraztasunak ematen hasi zaio eta Amezketakoak ez du barkatu. Tanto gogor baten ostean 15-12 hurbildu bada ere Tolosako aurrelaria, handik pilotakada gutxi batzuen ostean 18-12raino egin du alde Jokin Altunak, partidako azken atsedenaldi luzearen ostean partidako azken zatiari ekiteko gertu.

Ia zuzenean joan da 22raino Altuna, baina ez du askoz gehiago sufritu behar izan. Txokoan 21-13koa lortu badu ere Jon Ander Peñak, kontrakantxako bidetik joan zaion azken pilotakadaren ondotik amaitu da norgehiagoka, Jokin Altunaren alde. Ikusi egin behar igandean Zabala eta Bakaikoak Lekunberrin jokatzen duten partidaren ostean zeinen kontra jokatu beharko duten datorren astean. Lekunberriko garaileak Altuna izango du arkari; Peña, berriz, igandean galtzen duenaren arerioa.

FITXA TEKNIKOA

Pilotakadak: 216. Iraupena: 48.22 minutu. Markagailua: 1-0, 3-0, 3-1, 3-5, 5-5, 5-6, 5-7, 9-7, 9-8, 9-9, 10-9, 15-9, 15-10, 15-12, 16-12, 21-12, 21-13, 22-13. Sakez egindako tantoak: 1 Altuna III.ak eta 0 Peña II.ak. Jokoan egindako tantoak: 10 Altuna III.ak eta 8 Peña II.ak. Galdutakoak: 5 Altuna III.ak eta 11 Peña II.ak. Gertakariak: 550 ikusle inguru Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Aurreneko sakea, gorri.