N.B.
IRUÑEA

Ezerezetik sortua, Iruñerria euskalduntzeko prozesuaren parte

Nafarroako ikastolen sustatzaileetako bat izan zen Maria Paz Ziganda Ferrer, edo Bakea Ziganda. Lehen emakume euskaltzaina ere izendatu zuten. Euskararen alde egindako lanagatik darama haren izena Atarrabiako ikastolak.

Atarrabiako ikastolaren parte hartzea Korrikaren 11. edizioan, 1999an.
Atarrabiako ikastolaren parte hartzea Korrikaren 11. edizioan, 1999an. (PAZ DE ZIGANDA)

Paz de Ziganda ikastolari izena ematen dion emakumea, Maria Paz Ziganda Ferrer, Bakea Ziganda izenez ere ezaguna, 1890eko abenduaren 21ean jaio zen Iruñean. Hiri berean hil zen 1966ko otsailean. Bere bizitzan euskararen aldeko pauso nabarmenak eman zituen eta euskaltzain urgazle izendatu zuten lehen emakumea bilakatu zen, 1954an. Horregatik, Euskaltzaindiko delegazio batek Atarrabia bisitatu zuen irailean. Udaletxean bilera bat egin ondotik, ikastolara joan ziren eta bertan ikasleekin hitz egiteko aukera izan zuten.

Bakea Ziganda idazle eta kultur eragilea izan zen. “Euskararen Adiskideak” elkartean aritu zen, eta urtez urte euskal jaiak eta euskararen eguna antolatzen lagundu zuen. Euskaltzalea, naturazalea eta erlijiozalea, Nafarroako ikastolako sortzaile taldeko kidea izan zen, horiek martxan ikusteko bizi ez bazen ere. Bera hil baino pixka bat lehenago sortu zen Nafarroako lehen ikastola, Nuestra Señora de Irantzu, baina zabaldu bezain laster itxi egin zuten Gobernuaren aginduz. Jarraian, Iruñeko Alde Zaharreko Pozoblanco kalean Nuestra Señora de Uxue zabaldu zuten. 1970ean jaio zen Paz de Ziganda ikastola, baliabide gutxirekin, baina ilusio handia zuen guraso talde txiki baten eskutik, eta Hezkuntza Ministerioak Nafarroan aitortu zuen lehen ikastola izan zen.

HIRU OINEZ BERE ESKU

Zenbait egoitzatik pasatu ostean, 1974an Atarrabiako Dominikotarren komentuan kokatu zen Paz de Ziganda, alokairuan, eta bertan egon zen 1995. urtera arte. Urte horietan Euskaraz Bizi proiektua martxan jarri zuten eta “Euskararen adiskideak” elkarteak titulartasuna eman zien ikastolako familiei.

Euskararen alde ekiteaz gain, eleaniztasunaren alde ere egin zuen ikastolak, eta ingeles proiektu iraultzaile bat txertatu zuen.

Nafarroa Oinez antolatu zuen 1991n, lehen aldiz, “Euskaraz bizi” lemapean. 1995ean, aipatu bezala, lekuz aldatu zen, inauguratu berri zuten eraikinera. Hurrengo urteetan Haur Hezkuntzako eraikina eta kiroldegia inauguratu zituzten baita ere.

Milurtekoarekin batera, Nafarroako ikastolen lehenengo Hizkuntza Proiektua Paz de Zigandan sortu zen, eta 2007an energia berriztagarrien alde, ikastolako teilatuan eguzki plakak jarri zituzten.

2010ean bigarren Nafarroa Oinez antolatu zuten, “Munduz mundu” lemapean. Hurrengo urtean Batxilergoko eraikinaren inaugurazioa izan zen.

Garai berrietara egokituz, urratsak egiten jarraitu zuen ikastolak, eta 2013an integrazioaren pedagogiaren aldeko apustu metodologikoa egin zuen. Hiru urte geroago, jazarpenaren kontrako KIVA proiektuaren hastapenekin bat egin zuen, eta ondoren Erasmus proiektua garatu zuen. 2018 ikasturtean Haur Hezkuntzako hIzan proiektua ere hasi zuen.

Hausnarketa pedagogiko sakon baten ondoren, 2021ean bi fasetan ekin zaio Haur Hezkuntzako eraikina eta ondoko jolastokia birmoldatzeari, ikastolan hIzan deitzen den esparru pedagogiko berriaren zerbitzura dauden espazio aberastuak eta malguak sortuz.

2025ean Nafarroa Oinez antolatu dute hirugarrenez. 52 urtetan 780 familia, 1.206 ikasle eta 141 langile pasatu dira Paz de Zigandatik. Zentroaren xedea «pertsonak osotasunean bizitzarako heztea da: gizabanako gisa, gizarteko kide gisa eta izadiaren partaide den aldetik, etorkizunean autonomoak, sortzaileak, eleaniztunak, konpetenteak, lagunkideak, ingurumenarekiko errespetudunak eta gizartearekin konprometituak izan daitezen», azaldu dute ikastolako webgunean.