NAIZ

Danok Oteiza, artistaren figura sustatzeko komunitate berria sortu dute

Danok Oteiza komunitate berria aurkeztu da Altzuzan. Hainbat pertsona eta erakunde batu ditu egitasmoak. Ekitaldiz betetako eguna da museoan, tartean Oskar Alegriak ondutako ‘Oteiza14 apostolu’ ikus-entzunezkoak argia ikusi du.

Aurkezpenaren irudia.
Aurkezpenaren irudia. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Jorge Oteizaren jaiotza-urteurrenarekin bat eginez, Danok Oteiza Fundazioaren Adiskideak publikoki aurkeztu da astearte honetan. Bertan bildu diren pertsona eta erakundeek oriotar eskulturgilearen figura, pentsamendua, sorkuntza eta kultura ondarea bultzatzea dute helburu.

«Erakunde bizi gisa artikulatua da, eta museoak Altzuzan garatzen dituen jarduera eta ekintzak osatzea izanen da haren egitekoa. Danok Oteiza komunitateak Oteizaren ikusmoldeari berari erantzuten dio: artea eta sorkuntza tresna boteretsuak dira eraldaketa sozial eta kolektiborako, eta lagungarriak dira, orobat, espiritu kritikoa sustatzeko eta iruditeria partekatua sortzeko», azaldu dute.

Danok Oteiza komunitateak erreferentzia izan nahi du Jorge Oteizaren ideia sortzaile, estetiko eta kulturalak partekatu nahi dituzten eta ideia horiekin identifikatu nahi duten pertsona edoerakundeentzat, dinamika partekatu batean esku hartzeko eta elkarri eragiteko. Hala, elkarrekin proiektatuko dituzte bizitza eta kultura egungo gizarterantz.

Komunitate ireki gisa definitzen da eta haren presentziak osatu egiten du Oteiza Museoaren jarduna. «Ildo horretan, eboluzionatu eginen du denboran eta espazioan, bere kideen ekarpenekin bater», diote.

Jorge Oteiza Fundazioak estatutuetan jasotako konpromisoari erantzuten dio. Bertan aipatzen da elkarte bat eratzeko beharra: «Lankidetza sustatzea fundatzailearen lana ezagutzeko eta zabaltzeko interesa duten pertsona guztien artean, bai eta fundazioaren helburuak garatzen laguntzen duen jarduera oro babestea eta sustatzea ere».

Lankidetzarako egitura iraunkor bat sendotu nahi dute helburu horiek lortzeko beharrezkoak diren ekintzak garatzen laguntzeko.

Astearte honetan hainbat ekitaldi hartu ditu Altzuzako museoak, horien artean ‘Oteiza14 apostolu’ ikus-entzunezkoaren aurkezpena, Oskar Alegriak sortua. Halaber, beste proiektu baten berri eman dute. Izan ere, Danok Oteizak sortzaileari buruzko eleberri grafiko bat egiteko eskatu dio Asisko Urmenetari.

Partaideak, kategoriaka

Komunitatean parte hartu ahal izateko, hainbat kategoria sortu dira. Haien izenak Oteizaren iruditeria estetikoan funtsezkoak diren kontzeptuetan oinarritu dira. Ondorengoak dira:

Cromlech: Proiektua sustatzen duten bi erakundeak biltzen ditu:
Nafarroako Gobernua eta Jorge Oteiza Fundazio Museoa

Gaur: bazkide estrategikoak.

Emen: mezenasak.

Orain: laguntzaileak.

Baita: erakunde adiskideak.

Hitza: komunikabideak.

Itziar Carreño, Oteizaren emaztea omentzeko, kide indibidualak izanen dira.

Informazio gehiago nahi izanez gero, atarian kontsulta daiteke.