
Urtero bezala, Urkabustaizko azokaren txanda iritsiko da urriko azken igande honetan Gorbeialdeko kuadrillako mendebaldean dagoen herri honetara.
Udalak antolatzen duen ekitaldi honek, ordea, aldaketa garrantzitsu bat izango du aurten, behien dermatosi nodular kutsakorrari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek hartu dituzten neurri zorrotzen ondorioz. Izan ere, gaisotasunaren zabalkundea ekiditeko, abelburuak ezin izango dira leku batetik bestera mugitu eta ganadu azoka guztiak bertan behera geratu dira. Aurtengo azokan, beraz, ez da inolako abelbururik izango.
Hala eta guztiz ere, nekazaritzako elikagai eta artisau produktuen azoka betiko moduan egingo da, Izarrako frontoian. Postuak goizeko 11etan irekiko dira, Adarrak taldeak egingo duen deiarekin, eta eguerdiko 14.30ak arte egongo dira zabalik. Beraz, ikusmin handia sortzen zuen abelburuen sarrerarik ez da izango aurten.
Ohikoa den bezala, azokako egitarauan ez dira faltako goiz guztian zehar bolo txapelketa, musika animazioa Urkabustaizko musika eskolako ikasleen eskutik, umeentzako jolas erraldoiak eta birziklapen tailerrak, hurritz makilen lehiaketa eta herri kirolen erakustaldia, Oketa-Zigoitia herri kirol taldearen eskutik.
Eguerdian, Araban aurreikusita dauden makroproiektu energetikoen aurkako kontzentrazioa egingo da plazan eta ondoren, artisautza prouktuen zozketa egingo da aurtengo azokari amaiera emateko.
Udalak jakinarazi duenez, bestalde, igandean autoen zirkulazioa moztuta egongo da tren-geltokiaren eta okindegiaren artean, goizeko 7:30etik 16:00etara, azokara doazen pertsona guztien segurtasuna bermatzeko. Horrela, bizilagunei gogorarazi zaie ezingo dituztela erabili inguru horretako aparkalekuak eta garajeak.
Urkabustaizko azokako erakunde laguntzailea: Urkabustaizko Udala.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
