Arnaitz Gorriti

IDK Euskotrenek hirugarren postura egin du jauzi Perfumerias Avenidari Salamancan irabazita

Gipuzkoarrek Wurzburg pabiloian aurreneko garaipena eskuratu dute 57-65 gailendu ostean. Roberto Iñiguez gasteiztarraren Girona da Emakumeen Ligako liderra, Kutxabank Araskiri 90-49 irabazi ostean. Gernikari Lugon garaipenak ihes egin dio nabarmen aurretik joan eta 85-83 galduz.

Roso Buch, IDK Euskotrenen izarra igandean, Clausia Sorianoren aurrean.
Roso Buch, IDK Euskotrenen izarra igandean, Clausia Sorianoren aurrean. (@CBAvenida)

Egia da Perfumerias Avenida ez dela dagoeneko garai bateko piztia garaiezin hura, baina Salamancako Wurzburg pabiloian irabaztea ez dago nornahiren esku. Alabaina, IDK Euskotrenek egundoko balentria erdietsi zuen igande eguerdian eta 57-65 gailendu zitzaion Gaztelako taldeari.

«Partida trabatua izan da, jokaldi nahasi askorekin. Une batez ihes egin digute markagailuan eta bazirudien jai genuela 28-17 joan zaizkigunean. Baina taldeak gogor eutsi dio eta gai izan da ez bakarrik neurketa berdintzeko, baizik eta aurretik jartzeko ere. Gero beraiek lortu dute markagailua berdintzea, baina azken minutuetan buruz sendo jokatu dugu eta horrek garaipena ekarri digu», laburbildu zuen partida amaieran Azu Muguruza entrenatzaileak.

Hondarribia-Irun zenaren garaitik Salamancan irabaztea ezinezkoa izan da euskal saskibaloi taldeentzat. Girona edo Valentzia bezalako beste plaza zail batzuetan arrakastarik tarteka lortu izan bada ere, Wurzburg-etik zeozer ateratzea ezinezkoa izan da eta tarteka jipoi galantak aldean hartuta etxeratu behar.

Hiru laurden irabazi zituen IDK Euskotrenek Salamancan. Roso Buch, 19 punturekin eta Khadija Faye, 13rekin, izan ziren donostiarren erreferente nagusienak saskira begira, baina Maria Eraunzetamurgil edo Irene Muruaren lana ezinbestekoa izan zen gipuzkoarrak uztaipena nagusi izan zitezen.

Egia da, bestalde, 21 baloi galdu zituztela Azu Muguruzarenek, baina partidaren azken minutuetan markagailuan aurretik mantentzea lortu zuten, bereziki Roso Buch eskolta katalanaren eskarmentuari esker. Ondorioz, IDK Euskotren sailkapeneko hirugarren postura igo da 3-1 balantzearekin, orain arteko neurketa guztiak irabazi dituen Spar Girona eta joan zen astean Gernikan galdu zuen Basket Zaragozaren atzetik.

Gupidarik ez lagun eta etxekoekin

Ibaeta Basket izan da asteburu honetan bere neurketa aurrera atera duen bakarra, tamalez. Egia da hiru euskal ordezkariek etxetik urruti jokatzen zutela eta arerio gogorren aurka gainera. Kutxabank Araskiren kasuan Spar Girona liderrari bisita egin zion igande arratsaldean eta egundoko muturrekoa jasota, 90-49 itzuli behar izan ziren etxera Made Urietarenak.

Aurreneko laurdena 15-14 amaitu zen Fontajau pabiloian, baina handik aurrera, akabo koplak. Hurrengo hiru laurdenak 10 puntu baino gehiagoko aldeaz galdu zituen talde gasteiztarrak. Gasteiztarra da, hain zuzen, Spar Gironako entrenatzailea: Roberto Iñiguez de Heredia. Bere taldearen defentsak erabat ito zuen Kutxabank Araski. Made Urietak zuzentzen duen taldeak 21 baloi galdu zituen eta hiruko jaurtiketan 11 saiaketatik 2 baino ez zituen asmatu. Aldiz, Gironak 22 hiruko bota eta 11 sartu zituen eta errebotean ez zen kolorerik izan, katalanak erraz nagusitu baitziren.

Zentzu horretan, Lahtinen, Dorstauder edo Taoussaint gogotik saiatu baziren ere, denak ere 10 punturen langara iritsita, ez zen nahikoa izan Gironari ezta kilimarik egiteko ere. Roberto Iñiguezen taldeko bost jokalarik 10 puntu edo gehiago sartu zituzten eta 25 asistentzia banatu, Araskik 6 baino lortu ez zituen bitartean.

Askoz lehiatuago joan zen larunbat gauean Ensino Lugo eta Lointek Gernika Bizkaiaren arteko dema. Esther Castedo eta Ane Oletak Lugon etxeko moduan jokatzen zer den badakite, baina galiziarrek ez zuten gupidarik izan. Olaetak partida 85na berdintzeko bi aukera izan zituen, baina antolatzaile gernikarrari bikain itxi zioten bidea azken jokaldi horretan.

Sara Krnjicek minutu gutxi batzuek jokatu zituen eta debuta egin ahal izan zuen bederen talde bizkaitarrarekin. Puntuak sartzeko ardura, bestalde, Emily Bessoir eta Masa Jankovicek eraman zuten. Hauei biei esker Lointek Gernika Bizkaiak 10 puntutik gorako aldea eraman zuen zenbait alditan, bereziki bigarren laurdenean.

Atsedenaldira lehia 46-55 aurretik eraman zuen talde gernikarrak, baina hirugarren laurden eskasa jokatuta, errazegi eman zion markagailuari Ensinok, Alicia Florez eta Lydia Giomiri esker, batik b at. Puntuak ez ezik, errebotean sekulako mina eman zuten jokalari hauek biek.

Ondorioz, azken laurdenean zernahi gerta zitekeen eta galiziarrak 84-80 aurreratu baziren ere azken segundoetan, Lointek Gernika Bizkaiak azken jabetza bat izan zuen partida berdindu edo irabazteko. Ane Olaetak hartu zuen ardura, baina ez zuen zulorik aurkitu. Aurreneko saiakeran Giomik txapela jarri zion gernikarrari eta bigarren aukera bat izan bazuen ere, denbora agortzear zela, bere jaurtiketa uztaiak kanpora bota zuen azkenean.