NAIZ

Saibigainen beste exhumazio bat egin dute Aranzadik eta Euskal Prospekzio Taldeak

36ko gerran hainbat gudu hartu zituen Saibigain mendian deshobiratze bat burutu dute Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Prospekzio Taldeak elkarlanean. Abadiñoko mendian egiten duten laugarrena da.

Saibigain mendian lanean aritu dira igande goizez.
Saibigain mendian lanean aritu dira igande goizez. (NAIZ)

Aranzadi Zientzia Elkartea eta Euskal Prospekzio Taldea Saibigain mendian lanean aritu dira igande goizez. Abadiñon, Bizkaian, dagoen tontorrean 36ko gerrako guduruk gogorrenetakoa eman zen eta, ondorioz, hainbat hobi daude bertan.

Hain zuzen ere, 2023tik hiru hobi atera dira Urkiolako parke naturaleko eremu horretan, prospekzio arkeologikoko lanen barruan. Aranzadik eta Euskal Prospekzio Taldeak koordinatzen dute esku-hartzea, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Euskal Institutuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren baimenarekin.

Helburua aurkitutako gorpuzkiak berreskuratzea da, ondoren ikertu eta identifikatzeko. Deshobiratze berria igande goizean egin da, desagertuen senideen eta boluntarioen partaidetzarekin.

Teresa Usaola Sabino Arana Goiri batailoiko komandante izandako Felipe Bediaga Arambururen senidea da eta Saibigainen urtero egin ohi diren omenaldien bultzatzailea. Horrez gain, gaurko prospekzioa sustatu du eta azaldu duenez, «Saibigainen borrokatu, hil eta desagertu zirenen memoria duintzeko beste pauso bat da, baita haien senideek hainbat belaunaldiz oinordetzan jasotako zauriak sendatzeko ere».

Saibigain inguruan gudu gogorrak izan ziren 36ko gerrak iraun artean, 1937ko apirilaren 6tik 15era bitartean, hain zuzen ere, eta gudari ugari hil ziren, dokumentazioaren eta testigantzen arabera.

Izan ere, gailurrari «odolaren mendia» esaten zaio, borroka ezberdinen ondoren lekua gorpuz beteta nola geratu zen adierazteko, leku estrategikoa baitzen ikuspegi militarretik.