Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

‘Gaua’-n murgiltzeko prest?

GAUA
Euskal Herria, 2025. 87’ Zuzend eta gidoia: Paul Urkijo Alijo. Akt.: Yune Nogueiras, Elena Irureta, Ane Gabarain, Iñake Irastorza, Erika Olaizola, Xabi Lopez, Manex Fuchs. Musika: Maite Arroitajauregi, Aránzazu Calleja. Argaz.: Gorka Gomez Andreu.

‘Gaua’ filmeko fotograma bat
‘Gaua’ filmeko fotograma bat (Irusoin, Ikusgarri Films, Vilaüt Films)

Sitgeseko Jaialdian eta Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Astean estreinatu ostean, zinemetara iritsiko da ‘Gaua’.

Sorgin ehiza betean, Kattalin (Yune Nogueiras), senarrarengandik ihesi, bere baserritik aterako da gauaren erdian. Baso beltzean galduko da eta bere atzetik segika duen presentzia bat sentituko du. Ihesean dabilela hiru emakume maitagarrirekin topo egingo du: Graxiana, Reme eta Beltra (Elena Irureta, Ane Gabarain eta Iñake Irastorza). Hauek, arropa garbitu bitartean, beldurrezko ipuinak eta herriko esamesak partekatzen dituzte. Kattalinen harridurarako, bera izango da istorio horien protagonista.

Ipuin laburren, elezaharren eta kondairen mamia darama gidoiak, eta atalka antolatuta dago: ‘Gaueko’, ‘Inguma’, ‘Mateo txistu’ eta ‘Akelarrea’ dira lau pasarteen izenburuak, eta horietako bakoitzean Kattalin (Yune Nogueiras) izango da haria, istorio eta pertsonaia guztiak lotuko dituen figura.

Sekuentzia plano luze batez hasten den atal horien azkena ‘Akelarrea’ da, erronka handiko sekuentzia. «Kamerak gorputz guztien artean bidaiatzea nahi genuen. Festa baten moduan hasten da, baina apurka-apurka erritmo biziago bat hartzea nahi nuen, Kattalin agertzen den unera iritsi arte. Guztia plato batean filmatu genuen, eta egun oso bat behar izan genuen hasierako guztia grabatzeko. Biluziak eta sexu-uneak daudenez, intimitate-koordinatzailearekin lanean aritu ginen. Niretzat oso garrantzitsua zen filmean azaltzen den sexua ahalik eta ederrena izatea; inkisizioak eta tradizionalismo zaharkitu horrek suntsitu eta ezabatu nahi izan zituen gauza guztiak duin bihurtzea nahi nuen».

«Pertsonalki, oso une garrantzitsua izan da azken sekuentzia hori; emozionalki eta fisikoki intentsitate handiko unea da, eta aktore moduan sekulako erronka izan da niretzat. Asko lagundu du plato batean grabatu izanak: artekoen lana ikaragarria izan da, eta figuranteek, dantzariek eta gainontzekoek asko erraztu dute guztia. Gozamena izan da niretzat; oso garrantzitsua zen Katallinen urduritasuna, maitasuna eta emozio zein elementu guztiak pantailan islatzea», gehitu du Yune Nogueirasek.