NAIZ

Martxel Iztueta atzelari tolosarrak 2029ra arte luzatu du kontratua Baikorekin

Duela hiru urte, 18 urte baino ez zituela, profesionaletan debuta egin ondoren, Baiko enpresak atzeko koadroetan duen pilotari distiratsuena bihurtu da Iztueta. Ondorioz, Bilboko enpresak 2027ra arte lotzen zuen kontratua beste bi urterako luzatu dio, hiru urte hauetan egin duen lan onaren ondorio.

Martxel Iztueta, iazko Binakako txapelketa nagusian lanean.
Martxel Iztueta, iazko Binakako txapelketa nagusian lanean. (Gorka RUBIO | FOKU)

21 urte baino ez ditu Martxel Iztueta pilotariak eta dagoeneko hiru urte daramatza profesionaletan. Hiru urte hauetan Mariezkurrenaren ostean, Baiko enpresan atzeko koadroetan distira handiena egiten duen izarretako bat bilakatu da tolosarra eta, hala, Bilboko enpresarekin 2027ra arte lotzen zuen kontratua bi urtez luzatu diote; hau da, 2029ra arte.

«Ez da ohikoa kirol profesionalean, baina alde horretatik oso eskertuta nago, hobetzen jarraitzeko aukera handia da-eta», adierazi du Iztuetak berak Baikoren webgunean eskaini dituen adierazpenetan. «Gustatzen zaiguna egiten jarraituko dugu eta kontratu berritze hau ilusio handiz hartzen dut», gaineratu du gipuzkoarrak.

Oso gazte zela, 18 urte baino ez zituela, eman zuen Martxel Iztuetak profesionaletarako urratsa, baina hiru urte hauetan ahalmen fisiko handia erakustea ez ezik, pixkanaka hobetzen joan ere egin da. Hala, 2024ko B Serieko Binakako Txapelketa eraman zuen Agirrerekin batera eta urte hartan bertan Caixabank Mastersean, Jokin Altunaren bizkartzain lanetan, txapeldunorde geratu zen. Iaz, berriz, Unai Lasorekin Binakako txapelketa nagusian debuta egin zuen eta finalerdietara iritsi zen eta aurtengo Binakako Txapelketan zeresanik emango du, gauzak ondo.

«Hiru urte hauetan oso ibilbide polita izan dut. Unai Lasorekin iazko Binakakoak esperientzia paregabea bizi izan nuen eta bide horretatik jarraitu nahiko nuke», gaineratu du pilotari tolosarrak.