NAIZ

236 milioi dolar Klimten koadro baten truk, enkantean saldutako arte modernoko lanik garestiena

Gustav Klimt austriar margolariaren 'Elisabeth Ledererren erretratua' 236 milioi dolarren truke saldu da enkantean. Arte modernoko inoizko obra garestiena bihurtu da, eta enkantean inoiz baliorik handiena lortu duen bigarrena, soilik Leonardo Da Vinciren 'Salvator Mundi' koadroak gaindituta.

‘ Elisabeth Ledererren erretratua ', Gustav Klimt austriar margolariarena.
‘ Elisabeth Ledererren erretratua ', Gustav Klimt austriar margolariarena. (Charly TRIBALLEAU | AFP)

Gustav Klimt austriar margolariaren margolan bat, 'Elisabeth Ledererren erretratua', 236 milioi dolarretan saldu zen astearte honetan, New Yorkeko Sotheby's etxean egindako enkante batean, eta inoizko arte modernoko lanik garestiena bihurtu da; are, egilearen eta enkante etxearen errekorrak ere ezarri ditu salmentak.

Klimten margolana, Leonard Lauder kosmetikako magnateak salmentan jarritako bildumako piezarik nabarmenena zen; enkantea 130 milioi dolarreko prezioan abiatu zen, eta sei interesdunen arteko eskaintza borroka baten xede bilakatu zen, 20 minutuz luzatu zena mailukadak irabazle bat izendatu arte. Eroslearen nortasuna ez da jakinarazi.

'Elisabeth Ledererren erretratua' (1914-16), obraren tamaina handiagatik, estimazio altuagatik eta atzean duen historiagatik nabarmentzen zen enkantean jarritako salgaien artean, naziek konfiskatu baitzuten protagonistaren familiak berreskuratu aurretik –Klimten bezeroak ziren–. Estée Lauder enpresariaren semeak 1980ko hamarkadan erosi zuen.

Koadroak Klimten aurreko errekorra txikitu zuen, 2023an enkante batean lortutakoa 'Dame mit Fächer (Lady with a Fan)' obra 108 milioiren truke saltzean. Salmenta horrek Sotheby's etxearen historian ere mugarri bat ezarri zuen, 2018an Amedeo Modiglianiren 'Nu couché' koadroagatik bildutako 157 milioiak gaindituta.

Lederer gaztearen erretratua, halaber, enkante batean inoiz saldutako bigarren obrarik garestiena bilakatu da, 2022an 195 milioi bildu zituen Andy Warholen 'Shot Sage Blue Marilyn' margolanari aurrea hartuta. Uneotan, Leonardo Da Vinciren 'Salvator Mundi' bakarrik du aurretik, 2017an 450 milioiren truke saldu zena, berdintzeko oso zaila den zifra.

Elisabeth Lederer, August Lederer industrialariaren eta bere emazte Serenaren alaba, Klimten oso hurbileko pertsona izan zen; 'osaba' deitzen zion artistari, eta, naziek Austria anexionatu zutenean, margolaria aita biologikoa zuela esatera ere iritsi zen gaztea, agintariei judu odolik ez zuela sinistarazteko, enkante etxeak adierazi zuenez.

Margolana Sotheby's etxearen egoitza berriaren atrakzioetako bat izan da. Marcel Breuer-ek diseinatutako eraikin brutalista ezagun batean dago hilabete honetan ireki den egoitza, eta milaka pertsonak orduak eman dituzte kalean zain enkantean jarritako piezak ikusteko, bereziki aztertutakoa eta Lauder magnatearenak ziren Klimten beste bi koadro.

Bigarren salmenta garestiena, 86 milioi dolarren truke saldu zen 'Blumenwiese (Blooming Meadow)' izan zen, eta, hirugarrena, 68 milioiren truke saldutako 'Waldabhang bei Unterach am Attersee (Forest Slope in Unterach on the Attersee)'; biak dira aurretik inoiz enkantera atera gabeko paisaiak, tonu berdeetan egindakoak.

Guztira, Sotheby's etxeak artista ezagunen Lauderren bildumako 24 pieza jarri zituen enkantean, tartean Edvard Munch, Henri Matisse edo Vincent van Gogh maisuen lanak. Enkante etxeak 527 milioi dolarreko diru-bilketa lortu zuen guztira, horietatik 392 milioi Klimten hiru koadroei eta bi marrazkiren truke lortutakoak.