
Donostia International Physics Center-en mende laurdenaren ospakizunean, zentroaren mugarri garrantzitsuenak aurkeztu dituzte zuzendaritzako kideek ostegun honetan Victoria Eugenian egin den ekitaldian, kontakizuna ikus-entzunezko pieza hunkigarriekin txandakatuz. Haien bidez, DIPCren une historikoak gogora ekarri dituzte, eta DIPCren komunitateak egunero lan zientifikoa egiten duen laborategi aurreratuetan barrena ibili ahal izan dira ikus-entzuleak.
Ricardo Diez Muiño DIPCko zuzendariak pertsona eta erakunde ugariren lankidetza sakon eta eskuzabala azpimarratu du, eta ikerketa-zentroaren arrakasta lorpen kolektiboa dela adierazi. Bestalde, Aran Garcia Lekue proiektu estrategikoen zuzendariak agerian jarri du oinarrizko ikerketak zer garrantzi duen aplikazio berriak garatzeko motor gisa, eta nabarmendu du DIPCk funtsezko hainbat ikerketa-ildo dituela eta etorkizuneko harrobi zientifikoa osatzen laguntzen duela, ikertzaile gazteen parte-hartze aktiboan oinarrituta.
Zentroaren erantzukizuna, ordea, ez da aurrerapen zientifiko eta teknologikoetan amaitzen. Nora González dibulgazio eta komunikazioko zuzendariak aditzera eman duenez, DIPCk ezagutza hori gizartean zabaltzeko konpromiso sendoa du, eta publiko guztiei zuzendutako dibulgazio- eta komunikazio-jarduera ugariak dira horren erakusgarri.
Imanol Pradales lehendakaria izan da ekitaldiaren buru. Hala adierazi du: «Euskadi munduko zientziaren mapan kokatzeko erabakigarria izan da DIPC, bikaintasunaren erreferente munduan. Herri proiektua eta harrotasun-iturria da gure herriarentzat».
Emanaldi artistikoak
Emanaldi artistikoak ere izan dira, hala nola ‘Izarren Hautsa’ kanta entzutetsua jo dute Eñaut Elorrieta musikariak eta Iñar Sastre piano-joleak. Haiek erakutsitako konplizitateari esker, une magikoa sortu da eszenatokian. Une txalotuenetako bat Maialen Lujanbio bertsolariaren ezusteko saioa izan da, bertso bana eskaini baitie DIPCri eta Pedro Miguel Etxenike bere presidente eta proiektuaren bultzatzaile nagusiari.
Azken hitzaldian, Etxenikek nabarmendu du «politika zientifiko on batek epe luzea behar» duela, jarraipena. «DIPC politika horren emaitza da, bata bestearen atzetik etorri diren gobernu guztiek bultzatu eta sostengatu dutena», baloratu du.
Eraikin berria
Presidenteak esan duenez, laster inauguratuko duten DIPCren eraikin berria «erabakigarria izango da munduko abangoardian jarraitzeko».
Lakuak finantzatutako eraikin horri esker, jauzi kualitatibo bat eman ahal izango zaio zentroaren jarduerari, hazkundea sendotuz eta mugako zientzia garatzeko gaitasunak zabalduz.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon



