Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Gasteizko mendebaldeko kontzejuak, LEAren lantegiaren aurka: «Gure herriak babestuko ditugu»

Margarita, Lermanda, Ariz eta Krispiñako kontzejuek gogor kritikatu dute LEA Lascaray enpresaren lantegiaren birkokapena Jundizen. Eta salatu dute erakundeek «gure herriekiko duten erabateko errespetu falta». 

Lermanda, Jundizeko lantegien ondoan dagoen herria.
Lermanda, Jundizeko lantegien ondoan dagoen herria. (AFA)

Gasteizko mendebaldean diren Margarita, Lermanda, Ariñiz eta Krispiñako kontzejuek ez dute nahi LEA-Lascaray enpresaren lantegi berria Jundizen birkokatzea. Eta KonpostArabako instalazioren lanak «nahitaezko obra lizentziarik gabe» hasi direla ohartarazi dute.

Ohar batean gogor jo dute Lakuako Gobernuaren, Arabako Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren aurka. «Gure herriekiko duten erabateko errespetu falta» salatu dute. 

KonpostArabako instalazioari dagokionez, kontzejuek azpimarratu dute ez direla kontuan hartu auzotarren alegazioak, ingurumen arriskuak eta biokonpost instalazioarekiko legeria, «aspaldidanik eragozpen larriak sortzen baititu».

«Eraso horri beste mehatxu bat gehitu behar zaio: Udalaren erabakia LEA-Lascaray Margarita eta Lermandatik 150 metro eskasera jartzeko, Ariz eta Krispiñari ere eraginez», gaineratu dute, eta gogoratu dute Gasteizen usain txarrei buruzko kexak ohikoak zirela.

LEA-Lascarayk kosmetikarako produktuak ekoizten ditu, eta Gasteizko Arriaga auzoan zuen lantegia. Baina ekainean sute handi bat sortu zen bertan, eta suntsiketa erabatekoa izan zen. Udalak gertakaria aprobetxatu du hiritik ateratzeko, eta Jundizen birkokatzea proposatu du. 

«Bulegoetatik hartutako erabakiak dira», kritikatu dute herriek, eta nekazaritza, natura ondarea eta historia, «azken finean, gure bizi-kalitatea», arriskuan dagoela ohartarazi dute. 

«Ez dira kontuan hartu trafiko astunaren areagotzea, emisioak, kutsadura akustikoa eta argi-kutsadura, ezta gure ingurumenaren narriadura progresiboa. Horrek urratzen du indarrean dagoen legeria», gaineratu dute eta errespetu instituzionala eskatu. 

«Ez dugu gure herriak isilean suntsitzen utziko, herri biziak garelako eta geure burua defendatuko dugulako», nabarmendu dute.