NAIZ
Iruñea

Euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadin euskaltzaletasuna indartzeko deia

Nafarroako 1986ko Euskararen Legearen 39. urteurrenaren karira, elkarretaratzea egin du Kontseiluak Nafarroako Parlamentuaren aurrean. «Euskararen zonifikazioa ezarri, nafar lurraldea zatitu, milaka herritarren eskubideak ukatu eta diskriminatzen dituen legearen urteurren» gisa izendatu du. 

Ofizialtasuna aldarrikatu du Kontseiluak Nafarroako Parlamentuaren aurrean.
Ofizialtasuna aldarrikatu du Kontseiluak Nafarroako Parlamentuaren aurrean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzea egin du astelehen honetan Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren aurrean, duela 39 urte Vascuencearen Legea onartu zuen egun berean. «Lege segregatzailea, euskararen ofizialtasuna lurraldearen zati txiki batera mugatzen duena, milaka herritarri oinarrizko eskubideak ukatuz eta desberdinkeria» eragiten duen hori behin betiko bertan behera utzi eta nafar guztien eskubideak errespetatu daitezela aldarrikatu du, eta euskara ofiziala izan dadila lurralde osoan. Parlamentuaren fatxadan «Euskara ofiziala» zioen mezua proiektatu dute.

Irakurri duten adierazpenean nabarmendu dutenez, «pozarren» esango lukete «euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua aurrera doala», baina «datu eta joera soziolinguistikoek, estatus politiko eta juridikoan ditugun –eta gehitzen ari zaizkigun– gabeziek, eta gizarte aldaketa azeleratuek aurrez aurre jarritako erronka berriek, etorkizuna jokoan dugula ohartarazten digute».

«Inork ez du ukatzen azken hamarkadetako aurrerapena, baina laster eta irmo euskararen aldeko hizkuntza-politiketan urrats handia egin ezean, atzera egiteko arriskua larria da», ohartarazi dute. Nafarroan, gainera, arrisku hori «nabaria da» eta lurralde gehienean euskarak ofizialtasuna ukatua izatea «oinarrizko oztopo bat da behar bezalako hizkuntza-politikak egiteko».

«Ofizialtasuna ez baita hitz hutsal bat, ez da eslogan bat. Ofizialtasuna hizkuntza bati –eta, batik bat, hiztun komunitate bati–, gutxieneko nor izate aitortza egitea da; gutxieneko berdintasun aukera ematea. Eta, jakina, minorizazio egoeran dagoen hizkuntza eta hiztun komunitate bati, normalizaziora, berdintasunera, heltzeko aukera emango dioten politika publikoak, hizkuntza-politikak, segurtasunez eta iraunkorki egin ahal izateko zorua».

Horregatik, euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea «nafarren arteko desberdinkeria eta segregazio egoera konpontzea» eta «gizartearen kohesioaren aldeko urratsa da», Kontseiluaren iritziz. 

Gogoratu du duela urtebete euskara eta euskal hiztun komunitatea «larrialdian direla» adieraztera behartuta ikusi zuela bere burua Euskalgintzaren Kontseiluak, eta indarraldi ziklo berri bati ekiteko unea zela, «Euskarari Pizkunde berri bat» ematekoa.

«Nafarroan Pizkunde hori gerta dadin, eta, batez ere, luzaroan iraun dezan, ezinbestekoa da euskarak ofizialtasuna eskuratzea Nafarroa osoan. Hori da atzeraldia eragotziko duten hizkuntza-politikak egiteko bermea», nabarmendu du.

Horregatik, dei egin die indar politikoei Foru Amejoramenduaren inguruko eztabaida baliatu dezaten euskarari berdintasun estatusa emateko Nafarroa osoan.« Ezinezkoak ziruditen beste hainbat auzitan posible izan da aldaketa, posible izan dira gehiengo berriak. Nafarroako gizarteak kohesioan, justizian, bizikidetzan eta demokratizazioan irabaziko badu, hizkuntzaren auzian ere egin beharrekoa da urratsa».

Beraz, erantsi du, «izan dadila 2026ko abenduaren 15a, zonifikazioaren 40. urteurrenaren ordez, euskara Nafarroa osoan ofiziala dela ospatuko dugun eguna». Kontseiluak ziurtatu du horretan ahaleginduko dela, «euskararen aldeko indar soziala hauspotzen, batzen, hizkuntza baten biziraupenetik harago gizarte kohesioan eta justizia sozialean sakontzeko duen garrantziaren berri ematen». Hori posible izan dadin, ordea, «milaka euskaltzaleren ekimen eta bultzada» eskatu du, «euskara berriro ere lehen lerrora ekartzeko eta euskaltzaletasuna indartzeko». 

Lehendabiziko hitzordua, abenduaren 27an Bilbon, Miribillan, «euskaltzaleon batasuna eta indarra erakusteko, euskara guztion ardura dela aldarrikatzeko, eta hizkuntza-politiketan aldaketa eskatzeko».