Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Enara Gaminde da Lau eta Erdiko txapeldun berria, urte aparta biribilduta

Enara Gamindek irabazi du Lau eta Erdiko txapelketa, finalean Amaia Aldai 10-22 mendean hartuta. Gernikako Santanape pilotalekuan jokatutako partidan erabat nagusi izan da Laukizkoa, ezker horma eta distantzia luzea lagun hartu eta Aldairi aukera guztiak zapuztuta.

Amaia Aldai eta Enara Gaminde, Lau eta Erdiko finalista eta irabazlea, hurrenez hurren.
Amaia Aldai eta Enara Gaminde, Lau eta Erdiko finalista eta irabazlea, hurrenez hurren. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Enara Gamindek irabazi du Lau eta Erdiko txapelketa, finalean Amaia Aldai 10-22 mendean hartuta. Gernikako Santanape pilotalekuan jokatutako partidan erabat nagusi izan da Laukizkoa, ezker horma lagun hartuta. Modu honetan, urte aparta biribildu du atzelariak, txapelketa nagusi ia guztiak bereganatuta.

Oinak lurrean baina garaipen gosez, ase ezinda. Enara Gamindek sekulako urtea osatu du 2025ean, zirkuitu nagusiko txapelketa garrantzitsu gehienak poltsikoratuta. Lau eta Erdian lehen finala izan du igande honetan eta atzelariek kaiolan edukitzend zuten prisma berezitik begiratzen zion hitzordu handi honi.

Atzelari hutsa baino pilotari are osoagoa dela demostratu du Gernikako Santanape pilotalekuan, kaiolako espezialista handienari jokatzeko paradarik eman gabe. Amaia Aldai zuen aurrean, hiru aldiz txapeldun eta gaurkoa, erreskadan, bosgarren finala zuen pilotaria. Ez du bere joko oldarkorra kantxan erakusteko aukerarik izan, hein handi batean Laukizkoak ez diolako utzi.

Argi zegoen joko estilo ezberdinen talka ikusiko zela Santanapen baina Gaminderen joko luze, indartsu eta prezisio handikoak itzal egin dio Aldaik distira egiten duen jokamoldeari. Lehen sakea ere lagun izan du Laukizkoak eta hasi bezain laster erakutsi du atzelaria izanagatik ere sakez oso fina dela. Erabat kontzentratuta zegoen, aurreko bi urteetan finalerdietan iltzatutako arantzatxoa askatzeko determinazio guztiarekin. 0-4ko takada lortu du eta dena alde ipini zaio.

Sakez indartsu

Amaia Aldaik nahikoa lan izan du sake indartsuak errestatzerakoan. Korrentearen kontra egin behar izan du igeri partida osoan, are gehiago eduki zituen aukera apurrak aprobetxatzen ez bazituen. Gamindek egin duen huts bakanetako 1-4koan iritsi da eta Aldaik, sake errematean, lortu du markagailua estutzea. Benetako partida hastera zihoala zirudien baina bere bigarren aukeran kale egin du eta berriro errekuperatu sakea Gamindek.

Hauspoa izan da Laukizkoarentzat, sekulako mina eman baitio sakez, ezker hormara ongi lotuta, arriskutsu, hainbat maneratan sakatuz. Aldairen erreakzionatzeko nahiak ez dira nahikoak izan, Gaminderen indarrari aurre nola egin lan nekeza baita. 3-6koan beste ate bat ireki zaionean ere ez du probestu dimoztarrak, zaila baita daukazun aukera urrietan asmatu beharraren presioa kudeatzea (4-8koan ere txapara bota du). Aprobetxatu behar horrek gainetik pasa dio, kantxan lasaitasun tenorez zegoen Gaminderen aurrean.

Gehienbat sakez eginda, aldeak asko ireki ditu laukiztarrak, 4-15era eskapatzeraino. Nahi eta ezinean aurkitu da Aldai, sake errestoan zein estrategia erabili asmatu ezinda. Hara eta hona erabili duen gutxieneko baten (5-15ean), sakea berreskuratu eta txokotik aterata, takada ederra lortu du aurrelariak (7-15) baina tantoak menderatzea izugarri kostatu zaio. Gamindek erraz jotzen zuen kontraerasora, Aldairen plan guztiak zapuztuta.

Ondorioz, Enara Gaminderen azken sakea txalotu beste erremediorik ez du izan dimoztarrak. Indartsu dago Laukizkoa, atzeko koadroetan egonkortuta baina baita aurrean gerra emateko prest ere. Kaiolan bere lehendabizikoa lortuta, hamaika txapela jantzi ditu aurten, gehi Nazioen Ligan bi urrezko domina.