
Unai Laso eta Jon Ander Albisu meritu osoz egonkortu dira Binakako Txapelketaren lehen ligaxkako lidertzan. Baikoko bikoteak sekulako erakustaldia eman du Gernikako Santanape pilotalekuan eta goitik behera nagusitu zaio ezinean aritu den Elordi eta Zabaletak osatutakoari.
Izan ere, katedrak ez du asmatu gaurkoan. Alde handirik gabe izan arren, gorriak irten dira faborito apustuetan, eta neurketa hasiera ikusita bazirudien tankera ongi hartua ziotela. Lehen tantoak oso parekatuak izan dira eta Aspeko bikotea 6-3 aurreratu da markagailuan.
Aipatzekoa demako bigarren tantoa: 48 pilotakada bi minutu eta 14 segundoan, laukotea berotzeko eta Lasok bere lehen gantxoa sinatzeko. Bi atzelariak parez pare piloteo bikainean, eta Gernikara hurbildu diren zaleak pozik. Azkenean 500 bat izan dira Lekeitiorako sarrerak erosita eduki eta Gernikara joatea erabaki dutenak; 200 bat dirua itzultzeko eskatu dutenak –bezperan erabaki zen leku aldaketa, Lekeitioko pilotalekuaren sabaia kaltetuta dagoelako–.
Zabaletaren hasiera ez da txarra izan, beraz. 3-1ekoa berak egin du pilota errebotean sartuta, eta 6-3koa ere bai, kantxa erditik ezkerrez jotako pilotakada eder askoa ezker horman bikain arrimatuz.
Kolorerik ez
Baina kantxa erdian pilota ezkerrez jotzea ez da izaten normalean seinalerik onena, eta egia da hortik aurrera egoera zeharo aldatu dela. Zabaleta deseroso aritu da eta aurkariak bikain. Biak batuta, emaitza izan da bigarren erdi luzean ez dela kolorerik izan kantxan.
Albisuk sekulako partida jokatu du atzean: fresko piloteoan, sendo defentsan, kantxa asko kubrituz eta aurrelariari lasaitasun handia emanez. Eta zer esan Lasori buruz? Gezurra dirudiela horren lesio larri eta luzetik horren maila apartean itzuli izana. Sekulako gantxo sorta utzi du bideotekarako eta defentsan ere bizkor mugitu da.
Partzialak ikaragarriak izan dira: 6-3tik 6-10era zazpi tanto jarraian, eta 8-13tik 8-18ra beste bost. Tarteka Elordik eta Zabaletak lortu dute erauntsia moztea, baina nekez lortzen zuten bizpahiru tanto segidan egitea. Nahi eta ezina Zabaletak irudikatu du, pilota bat harrika goiko sarera bota duenean amorruaren amorruz.
Azkenean, 11-22an itxi dute dema urdinek eta pozarren joan dira etxera, kezkak aurkariei utzita, baina haizea norabidez edozein unetan alda daitekeela jakitun. «hau oso luzea da, partida asko falta dira oraindik. Egia da une onean gaudela, baina hankak lurrean izan behar ditugu», ohartarazi du Jon Ander Albisuk neurketa amaierako adierazpenetan.
FITXA
Pilotakadak: 422. Partidaren iraupena: 54:50. Markagailua: 1-0, 1-1, 3-1, 3-2, 5-2, 5-3, 6-3, 6-10, 7-10, 7-13, 8-13, 8-18, 10-18, 10-19, 11-19 eta 11-22. Sakez: 2 Lasok (eta falta bat). Jokoan eginak: 3 Elordik, 2 Zabaletak, 10 Lasok eta 4 Albisuk. Galdutakoak: 3 Elordik, 3 Zabaletak, 3 Lasok eta 1 Albisuk. Gertaerak: Gernikako Santanape pilotalekua. Lehen sakea, gorri.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

