Imajinatu dezagun Bilbon
Imajinatu gatazkek eragin dituzten preso eta erbesteraturik gabeko Euskal Herria. Hamarraldi askoan ezinezko, oso urruneko sumatzen zen. Oraindik ere ez da erraza.
Izan ere, gure herri honetan inork ez du horrelakorik ezagutzen, ezta 36ko gerra aurretik jaioek ere. Franco hil eta bi urtera atera zen azken euskal preso politikoa, hurrengo faseko lehenbizikoak sartzeaz bateratsu. Milaka sartu dira harrezkero, eta milaka irten, baina ez denak. Oraindik ehun baino gehiago daude, eta etxetik urrun hamarraldiak egin dituzten zenbait erbesteratu.
Euskal preso horiek azken urteotara arte ez dute ezagutu kartzela egoera «normalik»; hau da, kartzelako ohiko egoera berez kaskar eta tristea. Urrun etxekoengandik eta elkarrengandik bereiz, haietako asko zigor ziegan bakartuta. Kalean beharko lukete, eta ez salbuespen gisa-edo, ez hedabide askok «pribilegio» esaten zioten salbuespenaren bidez, aitzitik baizik, oraindik indarrean dagoen salbuespena bertan behera utzita.
Ia 15 urte dira haien erakundeak jardun armatua bertan behera utzi zuela, etsai zuen Estatuaren nahiaren kontra utzi ere. Honek, izan ere, oztopatu egin zuen egungo egoerara iristeko preso horiek eta dagoeneko aske dauden beste askok egindako ekarpena, baita erakundearen armagabetzea bera ere. Hori izan da Estatuaren ekarpena, eta egunotan euskal abokatu zenbaiten aurkako ebazpena berretsi izanak halaxe gogorarazi du.
Ez gaitezen okertu, baina, Estatua ez da neutrala, gatazkaren parte baizik, parte zigorgabea, hain zuzen. Inork uste al du bere arduradun eta ekintzaileek saihestu duten zigorra jaso izan balute horrenbeste luzatuko zela sufrimendu egoera?
Sare eta Etxerateko ordezkariek egunotan esandakoak irakurri ditugu. Ez da lehengo egoera, zigorra askatasunera bideko trantsizio modura betetzeko aukera du presoen multzo handi batek; hala ere, beste askok salbuespenaren eraginpean daude, eta behin betiko konponbidea denboraren joanari uzten badiogu, dagoeneko ikaragarri luzatu dena are gehiago luzatuko da. Horrenbestez, Bilboko mobilizazioa lehen bezain beharrezkoa da orain, sufrimendu mota edota hierarkiak ezartzen tematzen direnentzat izan ezik.
Imajinatu dezagun azkenaurrekoa dela... eta azkena balitz? Euskal Herrian ez dago egoera hori ezagutzen duen amaren seme-alabarik. Imajinatu dezagun Bilbon, jendetzaren erdian, luze gabe egiazkoa izan dadin.

Dos miembros de Iranekin Bat detenidos en Bizkaia por la AN, que los relaciona con Hizbulah

Batalla para salvar el frontón que corona la sierra de Urbasa

UCO y UDEF, dos arietes judiciales marcados por la violencia y el espionaje

El Ayuntamiento de Etxebarri condena los altercados y apoya la actuación policial

