
Urte bukaerako berrikuspen ekonomikoan datu garrantzitsu baten berri eman zuen Indiako Gobernuak: Japoniari aurrea hartuta, herrialdea munduko laugarren ekonomia handiena dela jada, nahiz eta per capita barne produktu gordina askoz txikiagoa izan. Baieztapen ofiziala oraindik argitaratzeko dagoen urteko azken kalkuluaren zain dago, baina Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) iradoki du Indiak hasi berri den urtean zehar hartuko diola aurrea Japoniari.
Munduko herrialderik populatueneko agintariek espero dute, halaber, datozen hiru urteetan Alemania ere gainditzea eta, horrela, munduko hirugarren ekonomia bihurtzea, AEBren eta Txinaren atzetik.
«India munduan hazkunde azkarrena duten ekonomia handien artean dago, eta bultzada horri eusteko ondo kokatuta dago», adierazi zuen Gobernuak abenduaren hondarrean argitaratu zuen berrikuspen ekonomikoan.
Txostenaren arabera, «4,18 bilioi dolarreko BPG izanda, Indiak Japoniari aurrea hartu dio munduko laugarren ekonomia gisa, eta datozen bi urte eta erdi edo hiru urteetan Alemaniari hirugarren postua kentzeko bidean doa, 2030erako 7,3 bilioi dolarreko BPG izatea espero baita». NDFren 2026rako proiekzioek 4,51 bilioi dolarreko BPG kalkulatzen dute Indiarentzat, Japoniarentzat aurreikusitako 4,46 bilioien gainetik.
Agintarien ebaluazio baikor hori AEBk Indiari Errusiako petrolioa erosteagatik ezarritako muga zerga altuek eragindako kezka ekonomikoak gorabehera gertatu da. Zehazki, Donald Trump buru duen Administrazioak %50eko zerga ezarri zien abuztuan Indiako inportazioei. New Delhiko Exekutiboak Txinarekin dauzkan tentsio geopolitikoek ere baldintzatzen dute haren jarduna eta sozio berriak bilatzera bultzatu dute herrialdea.
Hain zuzen, Indiako Gobernuak azpimarratu nahi izan du hazkunde horrek «erresilientzia» islatzen duela, «merkataritza globalean ziurgabetasun iraunkorrak dauden bitartean».
Alde handia per capita BPGn
Alta, beste neurketa batzuek ematen duten ikuspegia ez da hain positiboa. India 2023an nazio populatuena izatera pasatu zen, Txina aurreratuta, eta 2.694 dolarreko per capita BPG zeukan 2024an, Munduko Bankuaren azken datuen arabera. Japoniakoa (32.487 dolar) baino hamar aldiz txikiago da eta Alemaniakoa baino hogei aldiz txikiagoa (56.103 dolar). Gainera, Indiako 1.400 milioi biztanleen laurdenek baino gehiagok 10 eta 26 urte bitartean dituzte, baina herrialdeak zailtasunak ditu graduatutako milioika gazterentzat ondo ordaindutako lanpostuak sortzeko.
India munduko bosgarren ekonomia bihurtu zen 2022an, bere BPG antzinako kolonizatzailearena, Erresuma Batuarena, baino handiagoa izatera igaro zenean, NDFren zenbakien arabera.
2025ean sinatu ez zen ituna adosteko elkarrizketak EBrekin
Piyush Goyal Indiako Merkataritza ministroa eta Maros Sefcovic Europar Batasuneko Merkataritza komisarioa Bruselan elkartu ziren ostiralean, Aldebiko Merkataritza Libreko Itunaren korapiloa askatzen saiatzeko. 2025. urtea «amaitu baino lehen» akordioa sinatzeko konpromisoa hartu zuten iragan irailean Nadendra Modi Indiako lehen ministroak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, baina ez zuten adostasunik lortu.
Nekazaritza babestea Indiaren ohiko marra gorrietako bat da itun guztietan, enpleguari dagokionez produkzio sektore nagusia baita. Nolanahi ere, Indiarentzat, EBrekin akordioan aurrera egitea lehentasuna da, Donald Trump AEBko presidentearen politika protekzionistek eragindako tentsioak direla eta.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu
